Jon Ezeiza espetxeratzeko agindua eman du Garzonek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 4a, 23:34

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Jon Ezeiza espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldean. Asteartean, Espainiako Poliziak Hernanin eta Urnietan zortzi gazte atxilotu zituen, zazpi Hernanin eta Jon Ezeiza Urnietan. Denak kartzelara bidaltzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak gaur, baina Iñigo Arzelai hernaniarra aske du. Zortziak 12:45etik aurrera  hartu ditu Garzon epaileak. "Azken hilabeteetan egin diren kale erasoekin zerikusia izatea" leporatu die Poliziak eta fiskalak, baita Segi gazte erakundeko kide izatea ere. Asteartetik inkomunikatuta izan dituzte eta, atxiloaldiaren lehen unean torturaren aurkako protokoloa ezarri zitzaien arren atxilotuek tratu txarrak eta deklarazioa sinatzera behartu zituztela salatu dute. Eguerdian epailearen aurretik pasa direnean, ordea, deklarazio horrek dioena ukatu dute. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, gaur inkomunikazioa altxatu diete eta konfiantzako abokatuarekin joan dira Garzonen aurrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!