Estanis Amutxastegi Arregi izango da aurrerantzean Andoaingo alkatea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 2a, 16:17

Azken bi agintaldietan alkate izandako Perez Gabarainen lekukoa hartuko duela iragarri zuten ostegunean. Alderdiaren mandatuari jarraituz, Josean Perez Gabarainek Madrilgo Senatuan lan egingo du aurrerantzean eta, horretarako, Andoaingo aginte-makila Estanis Amutxastegi Arregi alkateordeari eta alderdikideari pasako dio apirilaren 30ean egingo den batzarraldian.

Bideoa | Albistearekin jarraitu

Santakrutzetan, beraz, alkate berria izango du Andoain herriak. Oraingoz, eta hautagai berria izendatu arte, Perez Gabarainek zinegotzi karguari eutsiko dio udaletxean. Estanis Amutxastegik agerraldian esan zuenez, “niretzat ohore handia izango da herriko alkate izatea”. Agintaldiaren lau urtekoaren erdigunean izanik, eta ezustekorik ez badago behintzat, Amutxastegi alkate berriak hurrengo bi urteetan aginduko du Andoaingo udaletxean.

Alkatetzaren kargu aldaketa, beraz, apirilaren 30ean burutuko da. Egungo alkateak sentimendu “gazigozoa”rekin utziko du Andoaingo kargua.

Andoaindik Madrilera
Alberto Buen Gipuzkoako ordezkariak Espainiako Senatuan jubilazioa hartu behar duela eta, Josean Perez Gabarainek Andoaingo ardura politikoa utziko du Espainiako hiriburura joateko. Alkatetza atsekabez utziko duela adierazi zuen, “bereziki beharrean diren herritar horiek utziko ditudalako”. Bestalde, harro agertu zen egindako lanarekin, “1995ean arau subsidiarioak martxan jarri nituen, Andoain aldatzeko baliagarri izan dena. Aurrerantzean ere lanean jarraituko dut. Beti izan naiz pertsona baikorra eta herri honetan bakeaz eta askatasunaz gozatzeko lanean jarraituko dut”.

"Ohorea"
Alkatetza kargua hartuko duen Estanis Amutxastegirentzat, bestalde, ohorea izango da aginte-makila hartzea, “Perez Gabarainek herrian egin duena eta gero zail da zerbait gehiago eranstea. Niretzat ohore handia izango da alkate izatea”. Aldaketa politikoa lasaia izango dela iragarri zuen, egindakoaren bidetik sakonduko dute, “2003tik hona andoaindarren bizi baldintzak hobetzeko lanean gabiltzalako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!