Elkartasuna Segundo Montes komunitatera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 20:01

Martxoaren 12tik 20ra El Salvadorreko Meangüera udalerriko Segundo Montes komunitatean izan dira Mikel Arrastoa zizurkildarra eta Josune Arretxe amasarra.

Pozik eta gustura itzuli dira bi bisitariak Ertamerikako komunitatean ikusi eta ikasitakoarekin, baita bertako herritarrekin izandako harreman zuzenarekin ere. “Eltxoek ere ondo hartu gintuzten, lehen egunetik”, adierazi dute umoretsu. Mikel Arrastoa askotan izan da lehenago ere, “1993 urtean, Euskal Fondoaren bidez joan ginen lehen aldiz. Bertako kantari batzuk ezagutu eta Euskal Herrira gonbidatu genituen kantaldiak ematera. Hiruzpalau hilabete igaro zituzten hemen eta kantu bidez, hara eramateko diru pixka bat lortu zuten. Hortik sortu zen harremana”. 1994 urtean Zizurkil eta Segundo Montes komunitatea senidetu egin ziren eta hainbat ekimen bideratu da orduz geroztik, gehienetan Euskal Fondoaren laguntzaz. “Lehenik eta behin eskolekin hasi ginen lanean, gero hutsunea etorri zen eta berriro indartu egin nahi izan dugu harreman hori. Lortzen ari gara, gainera! Udalez gain, eskolak ere tartean sartu dira eta umetatik, oinarritik hasteak, beste zentzu eta balore batzuk hartzen ditu aurrera begira”. Lehenago Asteasu eta Adunako Udalek egin bezala, urte hasieran Amasa-Villabona ere komunitatearekin senidetzea adostu zen otsailaren 4ko udalbatzan eta Josune Arretxe lehenengo aldiz gerturatu da bertara, “egun gutxi izan dira baina, oso intentsoak; bete-beteak. Egitekoen zerrenda osatu genuen eta txukun-txukun bete genuen guztia, turismoa egiteko batere tarterik utzi gabe”.

Lehendakaritzako hauteskundeak
80ko hamarkadan hasita, hamabi urte iraun zuen Gerra Zibila ezagutu zuen El Salvadorreko herriak, “gerra denboran gerrillan edo ejertzitoan sartu ziren salvadortarrak eta bando batean nahiz bestean anaiak egotea egokitu zen, 36ko Gerran hemen bezala. 1992 urtean bake akordioak iristean, jendea egitura militarretik sozialera igaro zen eta aldaketa handia etorri zen arlo guztietan: egiturak eta erakundeak ezagutu eta kudeatzen ikasi behar izan zuten, bizimodura egokitzen…”. Haatik, prozesua oraindik berria dela diote. “Orduan eskuineko jendea zegoen boterean eta haiek bazuten funtzionamenduari lotutako esperientzia. Ezkerrari lur hartzea eta ikastea egokitu zitzaion”. Salvadorren lehendakaritzarako hauteskundeetan buru-belarri lanean ari zirenean egin dute bidaia Mikel eta Josunek; eskuineko aldeari ezkerra gailendu zaion unean, hain zuzen ere. “Hogei urte eta gero, eskuindarrak nahiko nekatuta eta erreta zeuden eta oraingoan, ezkerrak beldurra galdu duela ikusi da. Euren interesak defendatzeko onena ezkerra dela sinetsita, buru-belarri jo dute horretara. FMLN alderdia egitura bezala oso indartsua da, politikoki oso sendo dagoena. Herriko jendea politikoki oso finkatuta ez egon arren, erreferente moduan ikusi du ezkerra”. Hauteskunde garaian sumatu duten giroaren inguruan galdetuta, harrituta geratu direla erantzun dute. “Gu egon garen zonaldean, herriaren aldetik, borondate gehien ezkerraren alde zegoela ikusten genuen. Jendeak lan handia egin du FMLN alderdiak irabazteko. Egunean bertan, eskuinetik, botoa ematera atzerritarrak dokumentazio faltsuarekin diru truke ekarri zituztela esaten hasi ziren eta zalantza eta beldurra nabari zen. Eskuinak irabazten bazuen iruzurren ondorioz izango zela zioten eta beldurraz gain, tentsio handia zegoen. Gauean Mauricio Funes komunikabideen aurrean lehendakari izango zela esanez agertu zenean, herritarrak elkartu egin ziren. Ez zen festa handirik egin, ez zegoen harrotasunik. Horrenbeste lan eta tentsioren ondoren, hustu egin ziren”, adierazi du Josunek.

Etxebizitzak eta urtegia
Batere luxurik gabe txaboletan bizi dira Segundo Montes komunitatean, “baratze txiki bat dute gehienek eta lauzpabost oilo. Etorkizunean nekazaritza indartu eta turismoa erakartzeko modua bilatu behar da. Jendea han bizitzen gera dadin lana behar dute, bestela, egun gertatzen ari den bezala, alde egingo du askok. Hori da errealitatea”, uste du Mikelek.
Oinarrizko beharrak arintzen laguntzeko, Euskal Fondoak bideratutako lehen egitasmoa blokeko etxebizitzak egitea izan zen. Gerora etorri zen urtegia. “Makroproiektu horietarako Euskal Fondoak proiektuak aurkezten ditu Udaletan eta aurrekontutik zati bat ematea adosten da laguntza modura. Laguntza horiei esker, urtebetean, bitan edo lau urtetan hitzartutakoa eraikitzen da. Urtegia gauzatuta dago jada, arazketa plantarekin amaitzen ari dira eta, orain, uraren zikloarekin bukatzeko, saneamendua egitea falta da”. Etxebizitzak eta urtegia eraikitzeak nahiz bultzatu dituzten gainerako egitasmoek oso harrera ona izan dutela adierazi du Mikelek. “Urtegia, esaterako, oso pozgarria izan da beraientzat. Ideologia guztietako herritarrei irribarrea eta poza nabari zaie aurpegian. Ura oinarrizko beharra zuten eta hogei urte eta gero, gobernu aldaketa izatea ere bai; ilusio berriak sortzeko”.

Ikastetxeekin elkartrukea

Udalaren laguntzaz gain, Zizurkilgo herriak hainbat ekimenetan iaz lortu zuen diruarekin, haurtzaindegi eta eskoletan baratzeak jartzeko egitasmoak ere aurrera doaz, “umetatik prozesu guztia ezagutzea garrantzitsua dela ikusirik, baratzeak martxan jartzea erabaki zen, eta aurten, testigu izan gara baratzeak aurrera doazela; txukun eta politak, gainera”. Arrastoaren hitzetan, “aurrera begira ere, eskualdeko herrietan ekintzak antolatu eta ateratzen den dirua antzeko ekimenetan bideratzea garrantzitsua litzateke”. Josunek Zizurkilen gaia nahiko ondo txertatuta dagoela uste du, baina Villabonan eta gainerako herrietan landu egin beharko dela. “Agian ez da garairik onena egokitu, krisian sartuta, solidaritatea nahiz elkartasuna ahaztu egiten baitira. Krisiarekin beldurtuta gaude hemen baina han, aspaldidanik bizi dira egoera horretan”.
Zizurkilgo Otaño ikastetxea senidetuta dago jada hango eskola batekin eta San Millan eskolak nahiz Amasa-Villabonakoek bat egiteko proposamenak ekarri dituzte. Ikastetxeen arteko harremana oso garrantzitsua dela uste dute, “Otañoko ikasle eta irakasleentzat bi gutun luze ekarri ditugu. Guk ere egutegiak, liburuak eta gutunak eraman genituen hemendik eta asko eskertzen dute hori: hemengo lagunei aurpegia jartzea gustatzen zaie eta hemengo bizimodu, ohitura eta kulturaren berri jakitea”.

Senidetze eguna
Hezkuntzak zuen garrantziari erreparatuta, Hondurasen erbestean zeudela, maisu-maistrak prestatzen lan handia egin zuen Mercedes Ventura herritarrak. Baita etxera itzulitakoan, eskolak abian jartzen ere. Iaz hil egin zen zoritxarreko auto istripu batean eta maiatzaren 30ean Zizurkilen burutuko den senidetze egunean omenaldia eskainiko zaio. “Amaren lekukoa hartuta, egun komunitateko hezkuntzako gaiez arduratzen den alaba etorriko da eta Meangüera udalerriko alkatea ere bai, eta besteak beste, diruz lagundu dituzten Udalei eskerrak emango dizkie”. Maiatzaren amaierako senidetze eguna Aiztondo mailako jaia izango da eta urtero herriz aldatzeko asmoa dute antolatzaileek. “Jai eguna Mercedes Venturari omenaldi xumea eta bisitariei harrera eginez hasiko da. Talo nahiz bestelako eskaintzekin elkartasun postuak jarriko dira, lortzen den dirua hara bideratzeko. Arratsaldean euskal jolasak izango dira eta iluntzean, Andoni Egaña eta Amets Arzallusekin bertso afaria egingo da Atxulondon. Jendea egun osoan plazan bildu eta festan parte har dezan nahi dugu”. Senidetze egunetik kanpo, urtean zehar antolatzen diren ekintzatan haiekin gogoratzea bultzatu nahi dute; ekintza txiki askorekin handi bat egin baitaiteke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!