Joxe Mari Mendizabal, aizkoran artisau

Adunan jaioa, aizkolari handienen artean ageri da Joxe Mari Mendizabalen izena.

Maiatzaren 10ean, marka saiakera berria egingo du jaioterrian. Orain arte egindakoak gogoan hartuta aritu da solasean.
Harrijasotzen hasi zuen Joxe Mari Mendizabalek herri kiroletako ibilbidea. “Hemeretzi urterekin, estatuko txapeldun izan nintzen. Hainbat altxaldi egin nuen. Esaterako, Azpeitian, 1975eko apirilean, 200 kiloko kubikoari sei altxaldi eman nizkion sei minututan. Gaur egun gaindituta dago marka hori, baina artean, inork egin gabea zen. Istripu baten ondorioz utzi nuen harri-jasotzea. Lekeition, erakustaldi bat egiten ari nintzela oreka galdu, erori, eta harriak hanka txikitu zidan. Geroztik, aizkoran aritu naiz. Gazte-gaztetatik, zaletasun handiagoa nuen aizkorarako harrijasotzerako baino. Aizkora, ordea, garestia da eta gaztetan ez da erraza. Harri bat egiten duzunean, txapelketa, erakustaldi edo apustu bat baino gehiagotan erabil dezakezu. Egurra berriz, behin erabilitakoan sutarako bakarrik balio du”.

Apustuan, txapelketan baino erosoago
Hogeita hamar urterekin aizkoran hasi eta berrogeita bi urte arte buru-belarri aritu zen: “Adin horretan, garraiolari lanean hasi nintzen eta oso zaila da bi gauzak bateratzea. Hala ere, sekula ez diot utzi aizkoran egiteari. Arria, Agite, Aierbe eta laurok adin beretsukoak gara eta bikoteka aritzen gara erakustaldiak eskaintzen”.
Tolosan apustu sonatua jokatu zuen Mindegiarekin, baina horrez gain, beste hainbat jokatutakoa da Joxe Mari: “1985ean Arriarekin, 20 kanaerdikotara egin genuen apustu, eta kolpe bakarreko aldez irabazi nion. 32 minutu eta 39 segundutan amaitu genituen lanak, marka berria jarriaz. Olasagastirekin egindako apustua ere gogoan dut. 110 ontzako launa enbor ebaki genituen, bi zutik eta bi etzanda. Zutikako lehen enborra 15 minutu eta 18 segundutan bota nuen. Ez dut uste marka hori inork hobetu duenik”.
Hainbat txapelketatan ere lehiatutakoa da Joxe Mari: “Euskadiko txapelketan bi aldiz izan nintzen azpitxapeldun, Campeonato Vasconavarro zelakoan, garaipena lortu nuen eta baita Nafarroako txapelketan ere. Hala ere, txapelketatan baino gusturago aritu izan naiz apustuetan”.

Maiatzaren 10ean, jaioterrian
Adunan jaioa, hamabost urterekin Villabonara joan zen bizitzera bere familia. Leitzan bizitu da urte askoan eta orain, Urdiainen bizi da, baina bere oroimenean txoko berezia du Adunak. Maiatzaren 10ean, Adunan ikusiko dugu Joxe Mari: “Gorostidi harriarekin Irigoien eta Ostolaza arituko dira lehian eta ni aizkoran arituko naiz. Hirurogeita bi urte ditut eta eta marka jarri nahiko nuke, 80 ontzako lau enbor ebakiaz, bi zutik eta bi etzanda. Azken boladan gaixo xamar ibili naiz eta entrenamenduak ez ditut nik nahi bezala egin, baina maiatzerako ondo egotea espero dut. Jaioterrian aritzeak esanahi berezia du niretzat eta gainera, marka jartzea lortzen badut, ezin hobeto”.
Modu berezian bizi du Mendizabalek aizkora: “Aizkora, artisautza moduan ulertzen dut nik. Lan fisikoa eta teknikoa bateratzen ditu. Kirol guztiak dira gogorrak, baina aizkora berezia da. Esaterako, korrikalari bat ezinean badoa ere, metro askoan joango da. Aizkoran, ezinean ari bazara, korte txarra emango diozu egurrari, aizkora nahi duen tokira joango zaizulako”. Horregatik, etorkizun zaila ikusten dio kirolari: “Prestakuntza gogorra eskatzen du aizkorak, ia zure burua estimatu gabe aritzeko modukoa. Korrika egin, gimnasioa, mendira joan, aizkoran aritu…, prestaketa osoa egin behar da eta gainera, inguruan jendea behar duzu beti, aizkorak eta egurrak jartzeko. Martxa hartu arte asko sufritu beharra dago eta gaurko gazte asko ez ditut horretarako prest ikusten”. Joxe Marik berak, gazte bat baino gehiago trebatu du aizkoran: “Larretxea nirekin hasi zen lehendabiziko apustuetan. Arrospide, Jaunarena, Ugarteburu, Etxebeste…, horiek ere nirekin hasitakoak dira”, azaldu du.

Mendeko apustua
  • 1983ko urtarrilaren 23an, Mindegiarekin jokatutako aizkora apustua, zaletu askoren buruan bizirik izango da ziurrenik: “Tolosako zezen plazan jokatu genuen. 110 ontzako seina enbor eta 52 kanaerdiko moztu genituen, oraindik inork ez du egin horrelako lanik plazan, ezta erdirik ere. 4 ordu, 12 minutu eta 9 segundu behar izan nituen nik, eta Mindegiak hamazazpi minutu gehiago. Biok froga amaitu gabe geratzea ere ez litzateke harritzeko izango, baina amaitu egin genuen. Ikusmin handia sortu zuen apustu hark. 3500 pertsona etorri ziren ikustera eta ‘mendeko apustua’ bezala egin zen ezagun”, azaldu du Joxe Mari Mendizabalek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!