Herrian nahiz baserrian lanean

Beobide Azpi baserriko Pili Urkolak, etxeko lanez gain, Hezkide eskolan eta Katillutxulo elkartea garbitzen egiten du lan. Aurrera begira, baserriari ez dio etorkizunik ikusten herrian.

Noiztik ari zara Hezkide eskolan lanean?
Duela bost bat urte hasi nintzen sukaldari eta garbitzaile modura. Aurretik Asteasuko beste emakume bat aritzen zen baina hark lana uztean, nik bete nuen bere lekua. Eskola urte guztian egoten da zabalik, asteburuetan begirale ikastaroak eskaintzen baitira. Gainerakoan ume asko etortzen da ikastetxeetatik, maiatzean batik bat. Orduan izaten dugu lanik gehien.

Etortzen diren taldeentzat jatekoa prestatzen duzu. Zer moduz moldatzen zara?
Beste laguntzaile batekin batera aritzen naiz sukaldean. Askotan talde handiak etortzen dira eta bakarrak ezingo luke guztientzat janaria prestatu. Guk otorduak prestatu eta irakasle edo begiraleak arduratzen dira euren artean banatzeaz. Janari normal-normalak jartzen ditugu: arroza, makarroiak, dilistak… Kantitate handia jarri behar izaten da eta ez diogu buelta handirik ematen menua aukeratzeari. Ezin da. Horrenbesteko taldeentzat janari kantitatearekin asmatzea da zailena. Aukeran hobe da beti gehixeago jartzea.
Larunbat eta igandetan begirale ikastaroko partaideak etortzen dira eta haientzat ere otorduak prestatzen ditugu. Baina helduak direnez, euren kabuz moldatzen dira bestela.
Sukaldean aritzeaz gain, garbitzaile lana ere egiten duzu…
Garbiketaz lankidea arduratzen da ni baino gehiago, nik lagundu egiten diot. Etxea oso handia da eta izugarrizko lana ematen du. Nekatu egiten zara azkenerako.

Etortzen diren bisitariek bizitasuna ekarriko dute etxera eta herrira…
Etxea Gotzaindegiak erosi zuen eta Donostiatik bideratzen dute. Egun Larraulek ez dauka etxearekin zerikusirik baina bertan kokatuta dagoenez, herriari bizitasuna ematen dio. Umeak etortzean mugimendua sortzen da herrian. Herri handietatik edo hirietatik etortzen diren haurrek lasaitasun handia topatzen dute Larraulen, nahiz eta bizilagun berriak etortzearekin batera, lehen baino auto gehiago ibiltzen den.

Nongo haurrak etortzen dira gehien?
Donostia eta Irun aldetik haur eta gazte asko etortzen da. Tolosa eta inguruko beste herrietatik ere dezente etortzen dira. Jan behintzat hobeto jaten dute azken horiek. Donostia aldetik etortzen direnak mizkinagoak dira.
Bederatzi urteko gaztetxoetatik hamalau/hamabost urte bitarteko gazteak etortzen dira gehien. Gau bat edo gehiago igarotzen dituzte, taldearen arabera.

Katillutxulo elkartean ere lanean aritzen zara…
Dagoeneko zazpi urte egin ditut elkarteko garbitzaile lanetan. Elkartea gehienetan beteta  egoten da; astean zehar ere bai baina asteburuetan bereziki. Asteazken, ostiral, larunbat eta igandetan etortzen naiz garbiketa egitera. Berrogei bazkide baino gehiago ditu elkarteak eta nik uste txiki geratu dela.

Herri txiki batean bizi eta bertan lan egiteak lasaitasuna emango dizu…
Bai, gertutik gertura ibiltzeak badu bere alde ona. Baina, aritu egin behar  da hala ere. Lana ez da sekula bukatzen. Hemengoarekin amaitzean etxean jarraitu behar izaten da.
Baserriko lanetan ere aritzen naiz pixka bat baina, egia esan, denbora gutxi daukat laguntzeko. Anaia aritzen da gehiago. Behiak eta txekorrak larrean hazten ditugu eta harategietara saltzen dugu gero haragia. Baserriko lana, ordea, oso zaila eta gogorra da: ez baita apenas ordaintzen. Baratzea ere badugu. Negua nahiko txarra izan da baina egiten ez bada, ez da ateratzen.

Larraulgo baserri giroa asko aldatu da azken urteotan…
Lehen baserri asko zegoen, baina egun, ez da baserri askorik geratzen Larraulen. Baserritik bizi dena bakarra izango da. Gogorra da baserriko lana eta jende gazteak ez dio jarraipenik eman nahi, nire ustez Larraulen ez da berriz baserri girorik piztuko. Baserriak niretzat ez du etorkizunik. Bukatu dira kontu horiek. Jendea kale etxeetara dago jarrita gehiago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!