Irrintzi elkartea txukuntze lanetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 19:17

Joan zen martxoaren 8ko goizaldean, 120 bazkide biltzen dituen Irrintzi elkartea kiskali egin zen sute baten ondorioz. Elkarteko bazkideak etorkizunari begira daude.

Sutea goizeko laurak aldera piztu zela uste dute elkarteko kideek. Halaxe adierazi du zuzendaritza batzordeko Rafa Buitron diruzainak, “azken bazkidea laurak baino lehentxeago atera zen eta garbitzailea 04:30etan etorri zenean, sua piztuta zegoen ordurako. Goizeko 08:00ak arte lanean aritu ziren suhiltzaileak”. Dirudienez, sukaldean piztu zen sua, “sorlekua sukaldea izan zela argi dakigun arren, ez dakigu zein izan zen sutearen zergatia. Kalean denetarik entzun da baina, guk ere ez dakigu zein izan zen arrazoia: kortozirkuitua, gaizki itzalitako zigarro bat, sukaldeko suburua…, edozer izan daiteke”. Rafak sutearen zergatia argitzea zaila dela eta etorkizunari begira daudela adierazi du. “Gertatu zenak dagoeneko ez dauka erremediorik, eta atzera baino aurrera begiratu behar dugu”.

Bazkideekin batzarra
Seguruko adituak egoera aztertu eta argazkiak atera ondoren, joan zen martxoaren 27an hasi ziren bazkideak elkartea txukuntzen. “Konponketa lanetarako aurrekontua prestatu dugu eta orain ikusi egin beharko da seguruak gastuen zenbatekoa hartzen duen bere gain”. Epe laburrean, bazkideei batzarrerako deia egingo die zuzendaritza batzordeak. “Elkartea lehen zegoen bezala uztea da aukeretako bat eta bigarrena, obretan sartu behar dugunez, berrikuntza batzuk egitea. Bazkideen artean hartuko da erabaki hori”. Zuzendaritzak momentuz ez du aurreikusi ekintza berezirik antolatzea, “ikusi egin beharko da beste bazkideek zein proposamen ekartzen duten. Argi dagoena, aurtengo Garagardo Azokan ateratzen den dirua elkartea konpontzeko erabili beharko dela da”. Elkartea kiskalita ikusteak pena ematen diela adierazi du Rafak baina, okerragoa izan zitekeela, “etxearen egitura guztia egurrezkoa da eta sua zabaltzeko arriskua handia zen. Sutea piztu eta suhiltzaileak berehala etortzeak arindu egin zuen zertxobait gertaera. Suak gora egin izan balu, etxe guztia erre zitekeen eta ondoko etxeetan zabaltzea ere ez zen harritzekoa izango. Etxebizitzetan eta bizilagunengan kalteak handiagoak izan zitezkeen”.

Elkartea biziberritu
Antzeko suteak elkarte askotan gertatu izan direla aipatu du Irrintziko diruzainak, “agian ez tamaina honetakoak baina, elkarte gehienek izan dute suteren bat beren ibilbidean zehar”. Irrintzi elkartean duela hamar bat urte izan zen beste sute txikiago bat, “orduko hartan, ontzi-garbigailuan izandako kortozirkuitu baten eraginez piztu zen sua eta sukaldeko zati txiki bat erre zen. Oraingoa bezalako sute potolorik ez da sekula gertatu”. Sutea ahaztu eta, berriz ere, lehenbailehen biziberritu nahi dute elkartea. “Batzarrean erabakitzen denarekin eta seguruak esaten duenarekin, ahalik eta azkarren jarri nahi dugu elkartea berriro martxan. Ez dakigu zenbat denboraz luzatuko diren lanak; batzuk urtebete esaten dute, beste batzuek Gabonetarako prest egon daitekeela… Ikusiko da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!