Marokotik etorritako euskaldunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 19:13

Duela bederatzi urte etorri ziren Hassan eta Abdul Ait Chaou lehengusuak Marokoko Todratik Amasa-Villabonara. Saiatu eta lortu: ederki ikasi dute euskaraz hitz egiten.

Herri berria ezagutzearekin batera, hasiera-hasieratik ekin zenioten euskara ikasteari. Zer moduz moldatu zarete?
Hassan:
Etorri bezain laster hasi ginen euskara ikasten. Lotsa kendu, hanka sartu eta aurrera: horrela ikasten da.
Abdul: Hasieratik inguru guztia euskalduna izan dugu eta horrek asko lagundu digu. Bertako jendeak lagundu digu euskara ikasten eta ondo moldatu gara. Kalean ikasi dugu euskaraz.
H.: Hobeto ikasteko, ondo etortzen da euskaltegira joatea ere baina, denbora behar da horretarako.

Etorri aurretik, Todrako kanpinean egiten zenuten lan. Euskaldun askorekin egiten zenuten topo bertan. Zertxobait ba al zenekiten?
H.:
Euskal Herrira etorri aurretik behin baino gehiagotan entzun izan genuen euskara baina, ez genuen ulertzen. Oinarrizko hitzak genekizkien: egun on, kaixo... Familia eta lagunen bidez ikasi dugu euskara.

Zergatik erabaki zenuten euskara ikastea?
H.:
Nire ustez, hemen bizitzeko oso garrantzitsua da euskara jakitea. Herrian integratzeko edo lagunak egiteko beharrezkoa da.
A.: Errespetu kontua ere bada guretzat euskara ikasi izana. Bertakoek ez lukete euskaraz hitz egiteko ohitura aldatu beharrik, guk ez dakigulako.
H.: Alderantziz ere gertatzen da. Batzuetan marokoarrak garela ikusi eta gazteleraz egiten digute lehen hitza. Guk euskaraz egitean harrituta geratzen dira batzuk.
A.: Herri txikietan euskaraz hitz egiten da leku gehienetan baina, hiri handiagoetara joandakoan gutxiago entzuten da. Donostiara joan eta leku askotan zu euskaraz hitz egiten hasi arren, gazteleraz erantzuten dizute. Lehen hitza euskaraz egiten saiatzen naiz beti.

Euskara hizkuntza zaila dela esaten da beti. Zer diozue?
H.:
Ikasi aurretik hizkuntza guztiak dira zailak baina, gogoa jarriz gero, dena ikasten da. Euskara ikastea ere zaila da hasieran.
A.: Agian guretzat errazagoa izan da. Todran beti kanpoko jendearekin ibiltzen ginenez, hizkuntza asko entzuten baikenuen.
H.: Gure hizkuntza bereberea da eta eskolan arabiera eta frantsesa ikasten genituen. Txikitatik ohituta geunden hizkuntza ezberdinetan hitz egiten eta horrek ere lagundu digu euskara ikastean.

Mantentzen al duzue berebere hizkuntza ere?
H.:
Gure artean bereberez hitz egiten dugu eta gure umeei ere hala hitz egiten diegu. Umeekin Marokora joandakoan, aiton-amonekin behintzat bereberez ulertzea nahiko genuke.
A.: Umeentzat errazagoa da euskara ikastea, kalean eta inguruan gehiago entzuten baitute. Hitz egin ez badute ere, ulertu, dena ulertzen dute bereberez.

Dagoeneko hemengo bizimodura ohituta zaudete. Gustura bizi al zarete?
A.:
Bai, oso gustura. Jende asko ezagutzen dugu eta koadrila ere badugu ateratzeko.
H.: Orain umeekin zailagoa bada ere, urtean behin joaten gara Marokora familia eta hango lagunak bisitatzera.

Apirilaren 2an igaro zen Korrika eskualdetik. Besteak beste, euskara ikasi duten etorkinak omendu dituzte aurten. Kirolari petoak eta euskaldun berriak izanda, parte hartu al duzue?
A.:
Laneko ordutegia dela eta ezin izan dugu Villabonan parte hartu baina, asteburuan edo tokatuz gero, dudarik gabe.
H.: Etorri ginen urtean ezagutu genuen Korrika. Gauez iritsi zen Villabonara eta Abdul eta biok pankarta hartuta Adunaraino joan ginen korrika. Oso lasterketa polita da, emozio handikoa eta euskarari laguntzeko ere aproposa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!