Iritsi da krisia Zizurkilera ere

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 19:09

Azken hilabeteotan hitzetik hortzera dabil krisi hitza. Zalantzarik gabe, azken boladan kalean gehien entzuten den gaia da.

Bada, krisia iritsi da Beterri-Aiztondo eskualdera ere, eta beste herrietan bezala, Zizurkilen ere ari dira egoera horren ondorioak sumatzen. Inolaz ere ez dira garai  onenak. Eraikuntza eta mekanika enpresetan eskaerak behera egin du eta ondorioz, baita lanak ere. Ur eta saneamendu osagaiekin lan egiten duten Comasa enpresako Santi Hernandezek azken hilabeteetan lana nabarmen jaitsi dela esan du, “eraikuntza eta obra publikoetarako egiten dugu lan batik bat eta, iaztik hona, jaitsiera nabaritu dugu. Itxaropentsu begiratzen diogu, ordea, etorkizunari. Udaletxeek obra publikoak bideratzeko emango dituzten laguntzekin egoera aldatzea espero dugu. Lehengora itzultzea zaila izango da baina, garrantzitsua da aurrera jarraitzea”.
Gilbe baserritar taldeko Felix Lopez de Etxezarretak produktuari oso gutxi eransteko politika jarraitzen dutela adierazi du eta ondorioz eragina ez dela hainbestekoa izan. “Prezioen orekari eusten diogu: ez jaitsi, ez igo. Baratzeko gaietan ez dugu jaitsierarik nabaritu, elikadurari lotuta dagoelako. Lorategietako materialen eskaera, ordea, jaitsi egin da: oinarrizkoa ez denez, jendeak behar nagusiagoak dituelako”. Astean bitan zabaltzen dute pabilioia eta ez dute garraio zerbitzurik, “dirua dagoenean, errazkerian erortzea erraza da gizarte honetan. Lana ondo antolatuz gero, ordea, norberak egin eta kosteak jaistea posible da”. Felixen asmoa, orain artean bezala baratzeari eustea da, “lortuko dugula uste dut, gainera”.
Aisiari dagokionez ere beherakada sumatu da, besteak beste, nekazal etxeetan. Logelak ez dira orain artean bezain erraz betetzen. Ziasoro nekazal etxeko Mari Karmen Rezabalek San Jose zubian bisitaririk izan ez dutela adierazi du, “deirik ere ez dugu jaso. Badirudi Aste Santuetarako mugimendu pixka bat badagoela baina, dudarik gabe, urte hobeak izan dira”.

MERKATARI ETA OSTALARIEKIN SOLASEAN
  1. Nabaritu al duzue krisia zuen saltokian?
  2. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Pepi Zubeldia
Dia supermerkatua
  1. Oraindik ondo gabiltza baina bai, nabaritzen da krisia. Azken hilabeteotan nabarmena da jendeak gutxiago erosten duela. Egunean eguneko erosketa egiten da gehiago, beharrezkoa dena. Jendea ikaratuta dago eta normala, kontuz erosten du.
  2. Krisia oraindik hasi berria dela esango nuke eta iraun egingo duela. Hobe litzateke egoera lehenbailehen zuzenduko balitz baina, aurtengo urtea iluna eman dute eta datorrena agian okerragoa izango da. Ea alderantziz gertatzen den.
Jose Luis Zaldua
Zaldua pinturak eta papera
  1. Urtarrila nahiko hilabete txarra izan zen. Juxtua. Entzuten genuenaren arabera, krisia bazetorrela bagenekien baina, pasako ote zen esperantza ere bagenuen. Gure sektorean behintzat asko nabaritu da; bai dendetan, baita biltegietan ere. Beldur handia dago.
  2. Jendea oso erraz eta gehiegi gastatzera ohituta zegoen eta gehiago estutu beharko da aurrerantzean. Lehen pezetaz pezeta gastatzen zen eta egungo bizimodua ikusita, estuasuna etortzea normala da. Urtebete behintzat iraungo duela iruditzen zait.
Sherly Montero
Pasus taberna
  1. Hilabete daramagu Pasus tabernan lanean baina, lehendik ere ostalaritzatik nator eta, dudarik gabe, nabari da krisia. Astean zehar ez dago apenas mugimendurik, jende gehiena asteburuetan bakarrik ateratzen da.
  2. Ostalaritzak egun on eta txarrak ditu: talde handiren bat etortzen bada ondo egiten da lana, ez bestela. Udari begira gaude, eguraldi onak asko laguntzen duenez egoera hobera aldatuko den esperantzan. Eguraldiak laguntzen ez badu, ordea…
Nicolas Calvo
Toki-eder jatetxe-taberna
  1. Urtarrilaz geroztik jende gutxiago etortzen da, bazkaltzeko garaian batez ere. Lehen bezala menua jan beharrean, bestelako ohiturak hartu ditu jende askok. Jatetxean bezala tabernan ere lan egiten dugu eta bietan nabari da, denean.
  2. Gaiak batere itxura onik ez duen arren, ezin da jakin zer gertatuko den etorkizunean. Denen ahotan dabil krisi hitza, gai izarra da eta ez da bestelakorik entzuten. Ea denbora gutxi irauten duen, hobe litzateke guztiontzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!