Pilotalekua berritzeko lanak, maiatzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 19:02

Asko eta asko izan dira Zizurkilgo Intxaur pilotalekuaren egoeraren inguruko kexak. Maiatzean hasiko dira eraberritzeko lanak eta azaroa inguruan amaituta izatea espero da.

Hezetasuna, hotza, haize korronteak, frontisaren egoera kaxkarra…, erabiltzaileen kexak askotarikoak izan dira azken urteotan. Maiatzetik aurrera egingo diren lanekin, arazoei amaiera eman eta Intxaur pilotalekuari itxura berria eman nahi diete.
Estatu mailako laguntzak erabiliko dira pilotalekuaren eraberritzea egiteko. Horrela azaldu du Nerea Etxebarriak, Zizurkilgo Udaleko Administrazio Orokorreko teknikariak: “2008 urte amaieran, Udalei zuzendutako dirulaguntzak aurreikusten zituen dekretua onartu zen estatu mailan. Horren arabera, Zizurkilgo Udalari 493.797 euroko laguntza zegokion. Herrian zeuden beharrak aztertu eta diru hori nola gastatu erabakitzeko bilerak egin genituen. Bi aukera genituen; dirua obra txiki ezberdinak egiteko erabili edo obra handiago batean gastatu. Aspaldiko kontua zen pilotalekuaren egoera ez zela batere ona. Hezetasun handia du eta frontisa ere ez dago ondo. Kultur ekitaldiak antolatzen direnean jendeak hotz handia pasatzen du haize korronteak direla eta. Horregatik, dirua pilotalekua berritzeko erabiltzea erabaki zuen Udalak”.

Azaroa arte, itxita
Lanak amaitzean, itxura berritua izango du Intxaur pilotalekuak: “Arazoak konpontzeaz gain, itxuraldaketa egingo zaio pilotalekuari. Jaime Avalos arkitektoaren taldeak egin du proiektua. Teilatuari olatu forma emango zaio, Amasa-Villabonako pilotaleku berriak duenaren antzekoa. Gaur egungo teilak desagertu egingo dira eta aluminiozko plakak jarriko zaizkio. Haizeari kontra egiteko, bestalde, itxitura berezia egingo zaio. Kristal bidez itxiko da pilotalekua, baina ez guztiz. Eguraldi txarrarekin, Zizurkil Goiko haurrei jolaserako geratzen zaien aukera bakarra da, horregatik ez da guztiz itxiko. Gaur egun pilotalekuak duen arkupea ere desagertu egingo da eta kanpotik, txapekin estaliko dituzte paretak, itxura guztiz berria emanaz. Barruko hormei ere tratamendu berezia emango zaie”, azaldu du Nereak.
Lanen esleipena egiteko prozesua martxan dago. Lau enpresa aurkeztu dira eta Aste Santuen aurretik espero dute behin behineko esleipena egitea. Beharrezko pauso administratiboak beteta, maiatza aldera hasiko dira Intxaur berritzeko lanak: “Hogeita bat asteko epe muga jarri da lanak amaitzeko. Gutxi gora-behera, azaroan lanak amaituta izatea espero dugu. Aldaketa handiak egin behar dira eta denbora tarte horretan ezingo da pilotalekua erabili. Herriko jaietarako ez da frontoirik izango, eta horrela jakinarazi zaie jai batzorderi, kultur teknikariari, San Millan eskolako ordezkariei…”. Pilotalekua erabiltzeko alokairua ordaintzen dutenek ere, inguruko herrietara jo beharko dute lanak irauten duten bitartean.

Ubareko pasealekua, zabaltzear
Bestalde, Ubare auzoan egindako pasealekuko lanak amaitzear daude. “Ibai aldeko hesia jartzea besterik ez da falta eta hori, denbora gutxiko kontua izatea espero dugu. Uraren Euskal Agentzia ari da ibaia berbideratzen eta lan horien barnean sartzen da hesia jartzea, ez dago Udalaren esku”, azaldu du Nerea Etxebarriak. Pasealekua guztiz amaitzeko, maiatza alderako espero dute Zizurkil eta Villabona batuko dituen oinezkoen zubi berria jartzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!