Julen Urruzola, Arkupeko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 18:58

Arkupeko pilota txapelketa antolatzen hasi zenetik, txapela herrian geratzen den lehendabiziko aldia da. Hamairu pilotarien arteko norgehiagokan, Urruzola gailendu da

Joan zen ostiralean jokatu zuten final estua Eneko Zabala adunarrak eta Julen Urruzola asteasuarrak. Txapelketa osoa bezala, bi partidetara jokatu zen finala ere, eta tanto gutxiren aldearekin lortu zuen Julenek garaipena. 22-21 irabazi zuen lehendabiziko norgehiagoka eta 22-17 gailendu zen bigarrengoan. Hirugarren eta laugarren posturako lehia ere oso estua izan zen eta Aburuzak lortu zuen azkenik Patxiren aurkako bi norgehiagokak irabaztea.
Gustura ageri da Julen Urruzola gaztea egindako txapelketarekin: “Ligaxkan jokatutako partidetan, Azpikotaren aurka irabazi eta Aburuzaren aurka galdu egin nuen. Final aurrekoetan, Aburuzaren aurka aritu nintzen berriro, eta aurrera egitea lortu nituen. Eneko Zabalarekin jokatu nuen finaleko partidak oso estuak izan ziren. Tanto luzeak egin genituen eta jendea ikusitakoarekin gustura geratu zela esango nuke”.

Atzelaria, joko bizian
Julenek Arkupeko txapelketan parte hartzen duen lehendabiziko aldia da: “Txikitatik jolastu izan dut pilotan, baina Arkupekoan parte hartzen dudan lehen aldia da. Lehengo urtera arte Alkizara joaten nintzen pilotan ikastera, eta entrenatzaileari ez zitzaion gustatzen horrelako txapelketatan parte hartzea, lesioren bat izateko aukera zegoelako. Aurten Usurbilera joaten naiz pilotan jokatzera, eta entrenatzaileak ezezkorik esan ez zidanez, parte hartzea erabaki nuen. Aurreko txapelketak ikustera joaten nintzen eta arkupean behin baino gehiagotan aritu izan naiz jolasean, baina txapelketan parte hartu gabe. Ni atzelaria naiz, eta arkupean egiten dena oso joko ezberdina da, azkarra eta bizia; arituz ikasi beharrekoa. Bestalde, herrian bertan jokatzea polita da, baina hasieran urduritasuna nabaritu nuen. Ikusle kopuru polita bildu zen. Partidak ikusiz gozatzeko ez da toki erosoa, poste artetik ikusi beharra dagoelako, baina joko bizia izaten da, ondo pasatzeko modukoa. Txapelketako gainerako partidetan ez da jende askorik bildu, baina finalean giro ederra sortu zen”.

Ondoren, afaria
Finalaren ondoren, elkarrekin afaldu zuten pilotariek. “Txapelketan parte hartu zuten guztiak zeuden gonbidatuta eta gehienak joan ginen elkartera afaltzera. Giro ederrean afaldu genuen”, azaldu du Julenek.  
Hemezortzi urte ditu Julenek eta gustura ari da pilotan: “Aitzol Txapartegirekin batera joaten naiz Usurbilera. Martin Alustizarekin entrenamendu batzuk egiten ditugu eta oso gustura gabiltza. ielota lanarekin bateratzea ez da erraza eguna luze egiten delako, baina momentuz, jarraitzeko asmoa dut”. Lotura handia eskatzen du pilotak: “Usurbilera astean bi aldiz joaten gara eta gainerakoan, nire kontu ere zenbait entrenamendu egiten dut”.
Arkupeko txapelketa amaituta, beste hainbat txapelketa du buruan Julenek: “Zaramagako txapelketan, Zumarragakoan eta Udaberriko txapelketan ari gara Txapartegi eta biok. Aurrera begira, herri arteko txapelketa ere badator. Taldea osatzea lortu dugu, baina oraindik ez dugu zehaztu pilotari bakoitzak zein postutan jokatuko duen, izan ere, jubeniletan bi aurrelari ditugu eta seniorretan bi atzelari. Pilotari ordezkorik ez dugu, baina hala ere, ateratzea erabaki dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!