Finlandia, ekialdetik mendebaldera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 31a, 18:48

Errusiako mugatik atera eta Suediako mugarainoko bidea eski gainean egiteko aukera eskaitzen du Rajalta Rajalle Hiithto izeneko eski zeharkaldiak. Bederatzi gipuzkoar izan da aurten Finlandiako frogan. Tartean, Zumeatarra taldeko Xabin Mujika.  

Laurehun eta berrogei kilometrotik gorako eski zeharkaldiak, Finlandia zeharkatzen du ekialdetik mendebalderaino. Baso eta laku izoztuetan barrena ibiltzen dira eskiatzaileak, zazpi eguneko iraupena duen kirol ekitaldian. Eskiatzaile tolosarrek eman zuten Finlandiara joateko lehen pausoa, eta geroztik, hainbat eta hainbat euskaldun joan izan da.
Xabin Mujika beste zortzi eskiatzaile euskaldunekin izan da Finlandian. “Iraupen eskian aritzen direnentzat, oso esperientzia polita da. Azken finean, oso gustuko duzun kirola egiten ari zara, eta gainera, beste hainbat herrialdetatik joandako jendea ezagutzen duzu, paisaia izugarriak ikustearekin batera. Gainera, dortsalik eta sailkapenik ez dagoenez, norberak bere erritmoa jarraitzen du, bestelako presio gehiturik gabe. Lasaitasuna ematen du horrek. Kirolari bakoitzak egin duen denboraren berri emango balute, edo sailkapena kontuan hartuko balitz, konpetizio kutsu handiagoa hartuko luke berehala eta gaur egun duen xarma hori ez litzateke bera izango”, azaldu du.
Munduko eski zeharkaldirik luzeena da Finlandia zeharkatzen duena eta hainbat herrialdetatik hurbiltzen da jendea bertara: “Estatu Batuak, Kanada, Austria, Alemania, Frantzia, Suedia, Danimarka, Noruega, Errusia, Finlandia…, jatorri ezberdin askotako jendeak parte hartzen du. Oso harreman polita sortzen da gainerako parte hartzaileekin. Oso jende ireki eta atseginarekin egin dugu topo. Ingelesez, ahal genuen moduan moldatzen ginen. Oinarrizko hizketaldietan, elkar ulertzeko arazorik ez dugu izan eta oso jende irekia topatu dugu”.

Bederatzi euskaldun Finlandian
Lau talde ezberdinetan banatuta egiten dute ibilaldia. “Talde bakoitzean, gehienez ere, ehun parte hartzaile izaten dira. Izen-emateen arabera joaten dira taldeak osatzen eta gu laugarren taldean ginen. Laurogei pertsona atera ginen, horietatik bederatzi euskaldunak ginen. Irundarrak, hondarribiarrak, errenteriarrak, berastegiarrak eta neroni, elkarrekin atera ginen. Berastegiko Txiki Plazasek lehendik ere egina zuen ibilaldia eta ondo ezagutzen zuen. Laguntza handia da hori, erreferentziak ematen dizkizulako. Horren froga luzeak direnean, indarrak neurtzea izaten da gauzarik garrantzitsuena eta aurrerago zer datorkizun jakiteak asko laguntzen du. Gainera, eguneko etapa amaitutakoan, hurrengo egunekoa prestatzen hasi beharra dago. Eskiei argizaria eman behar zaie eta elurraren egoeraren arabera, bat edo beste aukeratu beharra dago. Txikik oso ondo menperatzen du argizariaren teknika eta laguntza handia eman digu. Eskiatzaileen arteko elkarlaguntza, orokorrean, oso aberatsa izan da”, adierazi du Xabinek.
Pozik dago Xabin egindakoarekin: “Zeharkaldi gogorra da, ahalegin fisiko handia eskatzen duena. Denbora luzea zen nire burua horrelako ahalegin baten aurrean ikusten ez nuela eta ez nekien amaitzeko gai izango nintzen edo ez. Pozik nago egindakoarekin. Finlandiara joan aurretik entrenamenduak egiten aritu nintzen, baina ez nekien gai izango ote nintzen. Egunero horrebeste orduz eskiatzen ibiltzea gogorra da eta gorputza indarrik gabe geratzen hasten zaizunean, zure buruari gogor egin behar diozu. Zeharkaldi honetan parte hartzen dutenen artean, gehienek berrogei urtetik gora dituzte, indarrak gordetzeko garaian esperientziak garrantzia handia duelako. Eskiatzaile ingeles gazte batekin harreman polita sortu zen. Hogeita bi urte zituen eta irteeran, dena ematera joaten zen. Maratoilaria zen eta maratoian egindako denborak buruan hartuta hasten zuen eguna. Ezinean iristen zen egunero. Indarrak neurtzea, eta behar denean atsedena hartzen jakitea oso garrantzitsua da, baina gaztetan, oso zaila da hori egitea. Horregatik, esperientziadun jendeak parte hartzen du gehienbat Rajalta Rajalle Hiihton. Gure taldean bazen hirurogei urtetik gorako hainbat gizon eta emakume”.

Hamabost zero azpitik
Martxoaren 14an hasi zuten zeharkaldia: “Eguraldiarekin zorte handia izan dugu. Egun haizetsuren bat izan bagenuen ere, tenperatura aldetik ez zen gogorregia izan. Gehienez, zero azpitik 15 gradu izan genituen. Beste urteren batean zero azpitik 30 ere izan omen zituzten. Udaberria mota honetako frogak egiteko urte garairik egokiena da. Negu betean ez da eguzkirik ateratzen eta udan berriz, 24 orduz ezkutatu gabe izaten da. Urte garai honetan 12 argi ordu izaten dira eta elurra egoera onean egoten da. Lakuak eta ibaiak izoztuta daude eta paisaia ikaragarria da”.
Oso ondo antolatutako zeharkaldia da Finlandiakoa: “Lo egiteko tokiak, garraioa, elikagaiak…, dena oso ondo antolatzen dute. Hamabost kilometrotik behin janari eta edari postua jartzen dute. Bertako familiek hartzen dute postu horiek jartzeko ardura. Elurretako motorrarekin ibilbidera hurbildu, sua piztu, janaria prestatu eta eskiatzaileei eskaintzen diete. Frogaren erdialdera berriz, postu handixeago bat jartzen dute, indarrak bildu eta gorputza berotzeko aukera ematen duena. Puntu horretan autobusa egoten da zain, norbaitek froga utzi nahiko balu, aukera izan dezan”.

Kirola eta kultura
“Gure aurretik euskaldun asko joan izan da Finlandiara, bai eskiatzera, baita arrantza egitera ere. Horregatik, badute gure herriaren inguruko berri. Froga amaitutakoan, festa handia egiten da. Herrialde bakoitzeko ordezkariek euren kulturako kantu, antzerki edo bestelako ekitaldiren bat eskaintzen dute. Gu euskaldun gisa aurkeztu gintuzten, herri izaera dugula ulertzen dutelako. Kantu bat eskaini genuen, euskal txirularekin lagunduta. Ondoren, jai polita sortu zen. Bertako jendearentzat ere festa handia da”, azaldu du Xabinek.
Finlandiako kirol froga eginda, etorkizunari begira jarri da Xabin: “Beste froga batzuen inguruko informazioa bildu dugu. Noizbait Finladiara itzultzeko aukera ere ez dut baztertzen. Iraupen eskia gustuko dugunontzat froga zoragarria da. Norbaitek informazio gehiago nahiko balu, gure esperientziaren berri emateko prest gaude”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!