Buruntzape txirrinduzale elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:52

Familia argazkia aterata, ofizialki Buruntzape Txirrinduzale Elkartea errealitate bilakatu dela esan liteke. Norbere kontutik ibiltzeari utzi, eta zaletasun batek herriko txirrindu zale talde bat bildu du, igandero osteratxoak egitera irten edota plan desberdinak antolatzeko.



Aurkezpen ofiziala egin berri duzue. Bidean aurrera, beraz?
Andoni Urbistondo: Aspaldi esan bezala, Eula sagardotegian bilduko ginela esana genuen. Lehengo egunean taldeko argazkia egin genuen, Lizarrustira joan ostean. Esan dezagun, kontua formalizatu dela.

Zer moduz doaz zuen igandeko planak?
A.U.: Anbulatorioan elkartzen gara igandero 8:30etan. 42 kide ditugu, eguraldi ona dagoenean 20-25 bat biltzen gara. Kristoren poza ematen du, Buruntzapeko maillotarekin ikustea jendea. Oso gustura gaude, kristoren giroa dago. Asmatu dugula uste dugu. Nahi genuena lortu dugu.

Zuena den zaletasunari bide eman diozue?
A.U.: Sanmielak pasata elkartea sortzeko bilera batzuk egin genituen. Garbi zegoen jendeak ez zuela ardura hartzeko gogorik. Buruntzape izeneko txirrindulari elkartea zegoenez, horren barruan sortu genuen zikloturista elkartea. Martxoa hasieran jaso genuen arropa. Buruntzape. com foroa ere zabaldu dugu. Jendeak iritziak eman ditzake; aurreko eguneko irteeren balantzea egin, datorren asteburuan nora goazen galdetu, arropa eskatu edota zalantzak argitzeko.

Zer inpresio duzue, zer dio jendeak?
A.U.: Gustura dabilela. Foroan jende desberdinak parte hartzen du. Lotura bat da azkenean. Gure transmisio bidea Internet izateko zabaldu da ataria. Gai desberdinak daude. Edonork zerbait esan edota enkarguren bat utzi nahi baldin badu, foroa erabiltzen du. Beste lorpen bat da; elkartea osatu, arropa eskuratu eta transmisio bide eraginkor bat lortu dugu Internet bidez, foro bat sortuz. Hasieran korreo bat ireki genuen eta jendeak galdera asko luzatzen zituen. Orain, iritziak eman eta handik gutxira erantzun litezke.

Taldea osatu duzue. Baina jende gehiagok parte har badezake, zer egin behar da?
A.U.: Erraza da. Kutxan kontu korronte bat irekia dago, Buruntzape zikloturista elkartearen izenean. Bazkide izateko hamar euro ordaindu behar dira. Modu horretan, jada bazkidea zara, baina horrek ez du inor ezertara behartzen, aukerak ematen ditu. Halere, federatu txartela egitea derrigorrezkotzat jotzen da, segurtasun kontuagatik.

Parte hartzaileen artean, nolabaiteko profilik irudikatu al liteke?
A.U.: Bizitza bideratu samar duena, ikasle askorik ez dago. Langile jendea da, bizikleta gustukoa dutenak, jende helduxeagoa. Neskarik ez dago, baina gustatuko litzaiguke etortzea.

Zer nolako ibilbideak osatu ohi dituzue?
A.U.: Garai honetan osteratxoak egin ohi ditugu, 60-70 kilometrotakoak, ehunekoak tartean, jendeak “quebrantahuesos” proban parte hartu nahi baitu. Lesaka, Azpirotz edota Lizarrustira, beti hemen inguruetara joaten gara. Lasai samar ateratzen gara. Beti gozatzen saiatzen gara, batzuetan sufritu arren. Amaieran, anbulatorioa itzulita, zer moduz ibili garen baloratzen dugu. Gero, foroaren bidez beti dago harremana. Bidea egiten ari gara, pixkanaka.

Batzuen eta besteen erritmo desberdinetara moldatzen al zarete?
A.U.: Inor ez da bakarrik gelditzen behin ere. Ibilbidean zehar, beti itxaron beharra dago; porturen batean, itzuleran… Beti geratzen da, gaizki dagoen baten bat.  Laguntzen saiatzen gara beti.

Hurrengo irteeretan nora joko duzue?
A.U.: Azpirotzera. Gero, pentsatzen dut, Zumarraga edo akaso Lekunberrira, Sakanako herriren batera... Beti hemendik aterata, 120 kilometro ingurura. Ibilbideak hemengoak eta ezagunak dira. Hemendik aurrera, ia igandeetan ateratzeaz aparte zerbait egiten dugun: Tourrera joan, asteburu pasa Pirinioetara…

Informazio gehiago:
www.buruntzape.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!