Rol aldaketa, berdintasuna helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:51

Urnietako Egape ikastola eta Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxea sarituak izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Kanpo Ekintzetako Sailak, “Rol Aldaketa” izenarekin berriki antolaturiko lehiaketan. Sari banaketa martxoaren 13an egin zen Foru Aldundiaren jauregian.

Rol aldaketa izeneko proiektu pilotua Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Kanpo Ekintzetako Sailak gauzaturiko ekimena da, hezkuntza alorrean emakume eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko baloreak sustatzeko. Proiektua Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez egin da. Adierazitako baloreez gain, ikasleak sentsibilizatzea eta herritarren erdiak, gutxi gorabehera, jasaten duten egiturazko diskriminazioaren  inguruko kontzientzia hartzea lortu nahi du Sailak.
Proiektuaren helburu zehatza emakumeek gizartean jasaten duten desberdintasunari eta diskriminazioari buruzko perspektibak eta ikuspuntu berriak hezkuntzaren alorrera hurbiltzea da, kasu askotan haurrak oso gazteak direnean hasten baitira arazo horiek guztiak. Ikastetxe hauen helburua, pertsona horiei genero berdintasuna sustatzen lagunduko duten tresnak eskaintzea da, baita nahi duten moduan izateko eskubide osoa lortzeko oztopoak gainditzen laguntzea. Beti ere emakumeek jasaten duten diskriminazioa ezabatzea helburutzat hartuta.
Antolakuntzatik hainbat iragarkiren bideo bidali zuten eta haiek landu eta rol aldaketei buruzko hausnarketa bat egin ondoren, La Salle-Berrozpeko ikasleek idazlan batean islatu zuten (Ibarretxeri gutun bat idatzi zioten) gaur egun ematen ari den rol aldaketa, atal honetako lehenengo eta hirugarren sariak lortuz. Eta Egape ikastolakoek, Itziar Rodriguez irakaslearen zuzendaritzapean argazki txapelketan parte hartu zuten lehenengo eta bigarren sariak eskuratuz.
Martxoaren 13an egin zen sari banaketa ekitaldia Foru Aldundiko jauregian. Urnietako eta Andoaingo gaztetxoek sariak jaso zituzten Iñaki Galdos Kirol eta Kanpo Ekintzetako diputatua, eta Juana Mari Astigarraga, Giza Eskubideetarako eta Berdintasuneko departamentu buruaren eskutik. 

Sarituak
Idazlanetan, Andoaingo La Salle –Berrozpe ikastetxeak lortu zituen lehenengo eta hirugarren sariak, eta hiru aipamen berezi:
1.saria: Maite Couto eta Leire Ganzarain (DBH 2A)
3.saria: Aitor Doncel eta Izaro Arruti (DBH 1B)

Aipamen bereziak:
• Ane Arruabarrena eta Andoni Alonso (DBH 2B).
• Eli Paduraru eta Kepa Letamendi (DBH 2A).
• Leire Ganzarain eta Maite Couto (DBH 2A).

Argazki lehiaketa
Urnietako Egape ikastolak lortu zituen lehenengo eta bigarren sariak,
1.saria: Estibaliz Gabirondo, Itziar Garmendia, Ander Gutiérrez eta Itoitz Hernández (DBH 4B).
2.saria: Eneko Astigarraga, Jaione Garaialde eta Haizea Segura (DBH 4B).

Bi ikastetxeetako arduradunek adierazi dute benetako sexu berdintasuna gauzatzeko gizarte osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela, eta protagonismo berezia dutela hezkuntza lanetan ari direnek. Hori jakinik, sexu ezberdinen arteko pertsonen berdintasunaren aldeko lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!