Sahararen alde bertsotan, igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:49

Sahararen aldeko bertso saiora hutsik egiten ez duen bertsolarietako bat da Iker Alustiza Lasa (Donostia, 1974). Kale hezitzaile gisa egiten du lan Andoainen, eta oso gertutik ezagutzen du Sahararen egoera.



Berezia izango da bertso saio hau zuretzat...
Iker Alustiza: Hirugarren urtea da niretzat. Egia esan Saharak badauka lotura berezirik nirekin. Batetik, udaleko gizarte zerbitzuetako langileek udan hona datozen haur saharauiarrak kudeatzen ditugu; eta bestetik, azken urteetan hango kanpamenduetara joan izan naiz. Gauzak horrela, Hurria Sahara taldekoek tentatu nindutenean, gustura esan nien baietz.

Saioak nortasuna hartu duela iruditzen zaizu?
I. A.: Aurreko urtetan bertso saio txukuna atera den eta nik ere gozatu izan dudan sentsazioa daukat. Saiora doan publikoa, bertsozaletasunagatik eta aldi berean elkartasunagatik doala iruditzen zait. Esker onekoa dela, hori aurreko saioetan frogatu du.

Kontaiguzu zure bertsolari ibilbide pertsonala.
I. A.: Ni oso berandu hasi nintzen, 18 urterekin. Banuen grina eta nire auzoan Antiguan bertso eskolarik ez zegoenez, Tolosakora joan nintzen. Esoain, Irazu, Sukia eta horiekin batera hasi nintzen ikasten. Bertsotan ikasteaz gain, koadrila indartsua egin nuen.  Etxean, euskal kantugintza goitik behera ikasi nuela bai, baina ez bertsotarako joerarik. Santo Tomas Lizeoan ere Aranalderekin-eta bertso zaharrak ikasi genituen, baina ez zen bereziki lantzen bertsoa.  
 
Badakizu zer den bertso eskolako irakasle izatea ere...
I. A.: Utzita daukat orain. Nik Antiguan eduki nuen gabezi hori besteek ez edukitzeko, bertso taldeak sortu nituen Jakintza eta Santo Tomas Lizeoko ikastoletan. Aurrerago, Eztitxu Arozenak Antiguan helduekin sortutako taldea ere hartu nuen. Halako batean bost talde zuzentzera heldu nintzen, eta ohartu nintzen nire burua gero eta estuago hartzen nuela eta ez niola behar lain denborarik eskaintzen. Utzi egin nuen azkenean.

Zenbat aritzen zara plazetan gaur egun?
I. A.: Hamar bat saio edo egiten ditut urtean. Bertsoaren munduan gehiago sartuta nenbilenean saioak izatea desiatzen nuen. Denborarekin ikasi dut, ordea, dedikazio gehiago eskaintzen ez badiozu bertso jardunari, jai duzula. Ikasi dut, halaber, jakiten non nagoen, zenbat eman dezakedan, eta horrek asko lasaitu nau.

Saharako egoeraz zer diozu?
I. A.: Zaila eta gogorra da. Kanpamenduetatik sekula ez naiz penaz itzuli, dena den. Amorrua, nazioartean hitz politak egin arren gero ez dagoelako benetako sentimendurik. Miresmena, alde guztietatik. Harrigarria baita nolako duintasunez irauten duten! Giza baloreen aldetik mila itzuli ematen dizkigute; daukaten guztia ematen dizute. Eta harrigarria da belaunaldien arteko transmisioa eta errespetua, ahozkotasuna... Telebistarik-eta ez zegoeneko Euskal Herri tradizionalean biziko ginen bezala bizi dira ziurrenik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!