Mertxe Zapiain zinegotziak kargua utzi du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:49

“Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu”. Hitz horiekin agurtu zen Mertxe Zapirain, orain arte udal gobernu taldeko kide izan den zinegotzia. Familia, lana eta udaletxeko karguko ardura bateraezinak izan zaizkiolako zinegotzi kargua uztea erabakia zuela adierazi zuen.

KARGU UZTEA
Bere hitzetan, “gaizki pasatzen ari nintzen, niri gustatuko litzaidakeen bezala ezin bainuen erantzun”. Esker hitzak izan zituen jendea ezagutzeko izan duen aukeragatik eta orain arte bizi izandako etapa, esperientzia paregabe gisa definitu zuen. Aurrera jarraitzeko bere laguntza eskaini zuen, eta animoa helarazi zien udal ordezkariei.

Gainerako zinegotzi guztiek, egindako lana eskertu nahi izan zioten Zapiraini. Udal gobernu taldetik, kargu uztea galera garrantzitsua izango dela baieztatzearekin batera, lanerako orduan ikuspuntu desberdin bat ematen zuela azpimarratu zuen Mikel Izagirrek.

Osoko bilkuraren amaieran, eskaera eta galderen tartean, PSE-EE-tik Herme Gonzalezek Udala une honetan zer egoeratan dagoen galdetzen zuen. Aurrerantzean, Mertxe Zapirainen kargu uztearekin, udal gobernu taldea bi zinegotziz osatua egongo da, hirugarren eserlekurako ordezkoa hautatu eta hark akreditazioa jaso artean. Eragin zuzena izango du baita, udal gobernu batzarrean, osatu ezinik geratuko baita. Bestalde, Kulturnieta, Urnieta Eraiki eta Egape ikastolarako ere kontseilari berri bat izendatuko dute.

Osoko ohiko bilkura burutu zen martxoaren 25ean
Gai desberdinak eztabaidatu eta bozkatu zituzten udal ordezkariek, pasa den martxoaren 25ean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Eguneko Zentroa, Arrilimioiko lanak edota Mertxe Zapirain zinegotziaren kargu uztea ahotan hartutako gaietako batzuk izan ziren.

UDAL LANGILEEN ORDUTEGIA
Udal langileen lan ordutegiaren kontrolerako araudia bozkatu eta gehiengo osoak babestu zuen. Ñabardurekin ordea. EAJ-PNV-ko zinegotziek abstentziora jo zuten, euren ustez, beharrezkoa baita aldez aurretik udal gestioa hobetzeko plangintza prestatzea. Sozialistek araudiaren aldeko jarrera agertu arren, zentzugabekotzat jotzen zuten jada dauden araudien gainetik bestelako bat indarrean jartzea. Kontu-hartzailea zeregin hauez arduratzea ere hanka sartze gisa definitu zuten, euren ustez beste zereginetarako denbora kentzen baitzaio. Horri guztiari erantzunez, alkateak araudi orokorrak egon arren, gero enpresa edo erakunde bakoitzak bere araudi propioak dituztela gogorarazi zuen.

EGUNEKO ZENTROA
Prozedura martxan jarri baino lehen, lehenbizi protokoloa onartu behar da eta hala egin du Udalak. Eguneko Zentroa Etxeberri plazan zabaltzeko aurrerapauso berri bat eman zuen udalbatzak pasa den martxoaren 25eko osoko bilkuran. Proiektua errealitate bilakatzeko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jorratu beharreko bideari ekiteko modu gisa aurkeztu zuen proposamena udal gobernu taldeak. Baina berehala piztu zen Eguneko Zentroaren guneari lotutako eztabaida. PSE-EE-tik Herme Gonzalezek euren hauteskunde programan bildutakoa gogora ekarri zuen: “Eguneko Zentroa, egungo osasun zentroan bertan eraikitzea”. Euren ustez, kokagune hobea izanda, zerbitzu hobea eman ahal izateko. Lehendik ere proposamenik egin dutela gogoratu zuen Gonzalezek, kokaguneari buruz eztabaidatu eta informeak egiteko eskatuz. “Min gehien egin diguna, Udalaren elkarrizketarako jarrera gabezia izan da”, zioen zinegotzi sozialistak. Abstentziora jo zuten azkenean.

Gainerako udal ordezkariek proposamena babestu zuten. Etxeberri plazakoa kokagune hobea iruditzen zaio EAJ-PNV-ko bozeramaile Maribel Vaquerori, bestela, egungo zahar egoitzan, autonomo eta menpekotasunen bat duten adineko herritarrak nahastuko bailirateke. Edozein kasutan, eskaera argi luzatu zuen; “lehen baitlehen egin dadila”. Eguneko zentro berriak berezitasun bat behar duela argi utzi zuen alkateak. “Lekua behar fisiko zein psikikoak dituztenentzat egokitzea”, bere esanetan, guztiei leku berean harrera egiteko.

ARRILIMOI ETA GOIBURUKO ZABORTEGIA
Goiburuko zabortegia itxi eta Arrilimoiko konpostatze guneko proiektua ez onartzeari buruz Arnasa plataformak aurkeztutako testua, PSE-EE-ko zinegotzi taldeak azken osoko bilkurara eraman zuen. Herme Gonzalezek ardura politikoak eskatu zituen. “Guretzat arduradun politikoak argi daude, hirigintza zinegotzia eta alkatea, Mikel Izagirre bera”, adierazi zuen zinegotzi sozialistak. Gonzalezen esanetan, zer gertatzen ari zen jakin arren, orain arte ardura bere gain hartu ez duenez, Izagirreren berehalako dimisioa eskatu zuen.

Zonalde horretan egiten ari diren lanak gelditu, zabortegia berehala itxi eta bertako trafikoa murriztea eskatzeaz gain, gunea ingurumen aldetik berreskuratu beharra dagoela argi zuten udal ordezkari guztiek. Xabier Sasianbarrenak salatu zuenez, urtarrila amaieran lanak etetekoak zirelakoan, otsailean oraindik lanean ari ziren Goiburun. Mozioa aho batez onartu zuten udal ordezkariek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!