Jardunaldiak uraren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:48

Martxoaren 22an Nazioarteko Uraren Eguna zela eta ekitaldiz beteriko bi egitarau antolatu berri dira Euskal Herrian. Sobrongo Uraren Museoan (Araba) burutu zen bata, eta Leitzarango Bisitarien Etxean bestea. Azken ekitaldi horiek Otietako parkean, pasa den asteburu luzean zehar ospatu ziren. Heziketa eta aisia ondo baino hobeto uztartu ziren.

Turkian bildutako nazioarteko herrialdeek ura giza eskubideen zerrendatik kanpo uztea erabakitzen zuten denbora berean, Andoaingo Leitzaranen ate nagusi den Otietan jai polita ospatu zen ura eta natura gaitzat hartuta.
Martxoaren 20an hasi eta 22an amaitu ziren Leitzarango Bisitarien Etxean antolatu ziren jardunaldiak. Ostiralean, hegaztien eraztunketaren erakustaldia ikusi ahal izan zuten bertara hurbildu zirenek, goizeko 9etan hasi eta eguerdiko 12ak bitarte. Aranzadiko Jose Inazio Jauregi eta Juan Francisco Cuadrado biologoen eskutik joan zen dibulgazio jardunaldia.
Sare harrapatzailea Maloko errekan jarri zuten, eta horiei esker hiruzpalau txori harrapatu zituzten goizean zehar. Harrapatu aldiro eraztunketaren saioa burutu zuten, bisitari ugariren ikusmina sortuz.

HEGAZTIAK ATZERGAI
Lehenbiziko aldia zen Leitzaranen burutzen zutela emanaldia, normalean Txingudiko eraztunketa estazioan aritzen baitira Jauregi eta Cuadrado.  “Plaiaundi eta Jaizubiako parke ekologikoetan aritzen gara hegaztiak aztertzen; larunbatero Plaiaundin eta udaro Jaizubian”.
Hegaztiei zergatik jartzen zaien eraztuna azalduz hasten zuen Jauregik erakustaldia, Otietan bildutako lagunen aurrean: “Informazioa lortzeko jartzen zaie eraztuna hankan hegaztiei. Harrapatzen diren hegaztiei fitxa oso bat egiten zaie, ahal diren datu gehienak bilduz. Eraztuna jartzen zaie ondoren, eta askatu egiten dira azkenik”.
Hegaztia eskutan hartuta, hegoei begiratzen zien Jauregik batez ere: “Hegoak liburuak bezala dira. Hegoak ikusita, berehala jakin liteke arra edo emea den, gaztea ala zaharra..., eta beste hainbat ezaugarri”.
Aske utzi eta denbora batera berriro harrapatzen bada, kode identifikatzailea ikusi eta azterketa sakon bat egiteko ematen digu: eraztunaren jartzailea nor den, ze hegazti den eta nondik datorren, populazioaren demografia, aldaketa klimatikoa... Uste dena baino informazio iturri aberatsagoa da eraztuna daraman hegazti bat”.
Ibilaldi neurtua
Igandean, berriz, ibilaldi neurtuaren txanda izan zen. Otietako Bisitarien Etxetik abiatuta, zailtasun baxuko irteera egin zen Leitzaranen barrena; “Jauzi handia” izeneko ibilbidea izan zen, bostehun eskileretatik igarotzen zena, hain zuzen ere. Bi ordu eta erdiko ibilaldia, familia giroan egiteko modukoa zen, eta 285 lagunek hartu zuten parte guztira.
Ibilaldia amaiturik, zozketa egin zen partaide guztien artean; Urbasako Parke Naturalean sei pertsonentzat egonaldia zen saria. Ondoren, zizka mizkak dastatzeko aukera izan zuten ibiltariek.
Ibilaldia baino arrantza gogokoago dutenek ere izan zuten non asetua, egunean zehar. Talde txikietan bildu, eta hil gabeko arrantza egiteko lehen urratsei buruzko ikastaroa eskaini zen Leitzaran ibaian.
Azkenik, esan behar da ekitaldiak iraun zuten egunetan “Ura Munduan” izeneko argazki lehiaketa ikusi ahal izan zela Bisitarien Etxean.
Argazki gehiago ikusgai dago www.aiurri.com gune elektronikoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!