Elosegi deklaratzeko zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:47

Hauteskunde egunean lagunekin zegoela atxilotu zuten, eta orain epaiketaren zain dago. Apirilaren 22rako Mikel Elosegi urnietarrak Donostiara desobedientzia eta hauteskunde delitu bati buruz inputatu gisa deitu dute deklaratzera.



Martxoaren 1ean atxilotu zintuzten. Kontaiguzu zer gertatu zen.
Mikel Elosegi: Lehenik eta behin esan etxebizitza Hernanin dudala eta, aurten lehendabizikoz, han bozkatzea tokatu zaidala. Behin argipen hori eginda, aspaldidanik dago bozkatzera lagun artean joateko ohitura eta, horri eutsiz, martxoaren 1ean ere jendea hamabietan plazan geratua zegoen. Ni ere, Hernanin bozka eman ondoren eta lanera joan aurretik, bertara agertu nintzen jendearekin egoteko, hitz egiteko,... Plazan geundela ertzain bat zuzenean nigana etorri zen identifikazioa eskatuz. Identifikatu eta gero horren arrazoia galdetu nion eta identifikazio soil bat besterik ez zela erantzun zidan. Handik bizpahiru minutura berriro etorri zitzaidan atxilotua nengoela esanez. Alegia, lehenik identifikatu egin ninduten, eta nor nintzen jakitean, atxilotu.
Zehazki zer modutan argudiatu zizuten atxiloketa?
M.E.: Zehazki ez zidaten ezer esaten. Atxiloketa unean esan zidaten norbaitek nonbait boto paperak jartzen ikusi omen ninduela, baina ez zidaten argitzen ez non eta are gutxiago nork ikusi omen ninduen. Komisaldegian ere hauteskunde legea urratzea egozten zidaten baina urraketa hori zertan gauzatzen zen nik galdetu ezean, ez zidaten esaten. Nire sentsazioa izan zen atxiloketaren arrazoi zehatza ematea ekiditen zutela.

Testuinguru orokorrago batean kokatu behar da hauteskunde egunean gertatu zitzaizuna ezta?
M.E.: Gertaera hau hauteskunde eta ilegalizazio prozesuen baitan kokatu behar da. Ez da lehen aldia. Zoritxarrez gehiegitan ematen ari dira horrelako prozesuak, eta gainera denon kalterako; osatuko diren instituzioak ez direlako herri borondatearen isla izango. Hala ere, oraingoan jazarpena aurrekoetan baino handiagoa izan da. Populazioaren zati baten bozkak baliogabetzearekin nahikoa ez, eta bozka horiek desagerrarazten ere saiatu dira. Bideetan polizia desberdinen zenbat kontrol! Galderari erantzunez eta topiko bat iruditu arren, hau guztia, niri gertatutakoa barne, azken finean, Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren ondorioa da.

Orain epaiketaren zain zaude. Noiz izango den edo?
M.E.: Komisaldegian deklaraziorik egin ez nuenez, lehen pausua epaitegian deklarazio hori egiteko zitazioa jasotzea da. Deialdia jaso dut eta apirilaren 22an joan behar dut Donostiara desobedientzia eta hauteskunde delitu bati buruz deklaratzera inputatu gisa.

Nola zaude zu, animikoki. Egunerokotasunean zer modutan eragiten dizu bizi duzun egoerak?
M.E.: Animikoki ondo nagoela esan dezaket nahiz eta tarteka-marteka buruari buelta batzuk ematen dizkiodan. Aipatu beharrekoa ere badela iruditzen zait egoera hauek etxekoen animoan ere eragina izaten dutela. Gainontzean, egunerokotasunari dagokionez, epaiketaren zain egote horrek sortzen dit ezinegon apur bat. Hala ere, benetako ondorioak ikusteko oraindik denbora gehiago igaro beharko du. Eskerrak eman elkartasuna eta babesa eman didaten guztiei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!