Jose Angel Landazuri Urnietako berriemailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 26a, 12:46

Jose Angel Landazuri Manrique, 1941ko uztailaren 15ean jaio zen Donostian. Lau anai-arrebetatik zaharrena, bi geratzen dira bizirik. Aita arabarra zuten, Hinoso izeneko herri txiki batetakoa, eta ama donostiarra. 40 daramatza Urnietan bizitzen, horietatik 35 herriko kronika idazteaz arduratu izan da, La Voz de Españan lehenik, eta El Diario Vascon ondoren. 

Nola gogoratzen dituzu eskola garaiak ?
Jose Angel Landazuri: Txikitan, Hinoson izan nintzen aiton-amonen etxean, eta herriko eskola publikoan ibili nintzen. Eskolak bi gela zituen, baina azkenean gela berdinean biltzen ginen neskak eta mutilak. Behin Donostian, San Ignazio elizaren atzealdean dagoen mojen ikastetxe batean ibili nintzen lehenik, eta Corazón de Maria ikastetxean ondoren. Han egin nuen lehen hezkuntza. Gero komertzio karrera egiteko prestatu nintzen hamahiru urterekin baina azkenean irakaskuntza industrialeko ikasketa egin nituen.

Nolakoa da Hinoso?
J.A.L.: Amurriotik bederatzi kilometrotara dagoen herri bat da. Lur sailez handia da, baina oraintxe haamsei biztanle besterik ez dituena. 420 metroko altueran dago, izugarrizko izozteak egiten ditu, eta lurra ureztatzeko aukerarik ez dutenez, herria husten joan da. 14 edo 15 urte bete nituen arte han pasatzen nuen uda garaia.

Zertan jolasten zineten umetan?
J.A.L.:  Hinoson ahuntzei harriak botatzen, kanikatan, gordeketan. Donostian berriz, ikastetxeko patioan futbolean, pilotan, karrerak egiten... Hondartzak ez nau erakarri izan, niri gustatzen zitzaidana kanoan ibiltzea zen.

Noiz hasi zinen lanean?
J.A.L.:  Hamasei urterekin hasi nintzen Hernaniko Couth enpresan lanean, eta han aritu nintzen 49 urtez lanean. Makina-erreminta txikia egiten da bertan.

Eta noiz etorri zinen Urnietara?
J.A.L.: 1969ko San Juan bezperan etorri nintzen. Donostiatik Hernanira joana nintzen bizitzera hamazazpi urte nituela, eta orain berrogei egingo ditut Urnietan.
Nolatan kazetari lanetan?
J.A.L.: Ambrosio Olinagaren bidez hasi nintzen. Hark esan zidan, Huizi, Andoaingo kronika egiten zuenak esan ziola Urnietarako norbait behar zela, eta horrela hasi nintzen 1971n La Voz de Españan. 1979. urteko Ostegun Santu egunean itxi zuten arte. Handik 1980ko abuztura arte ez nuen kazetari lanik egin. Orduan hasi bainintzen Diario Vasco-n, eta 2007ko irailaren 16an argitaratu zen nire azken kronika.

Nolako esperientzia izan da?
J.A.L.: Denetik egon da. Une txarrak bizi izan ditut, baina onak askoz gehiago izan dira.
Kexuak ere jasoko zenituen?
J.A.L.:  Tarteka, nik bidalitakoak argitaratu gabe gelditzen ziren, toki faltagatik, edo interes handikoa iruditzen ez zitzaielako, edo beste arrazoiren batengatik, eta horrekin batzuk haserretu izan dira.

Kirol munduan ere aritutakoa zara?
J.A.L.:  Hernanin hirurogeigarren hamarkadan hasi nintzen bertako Jocc txirrindulari taldearekin. Gero, Otaño Elkartera pasa nintzen. Baita ere Hernani Kirol Elkarteko zuzendaritzan egon nintzen. Oraindik Hernanin bizi nintzela, Gipuzkoako atletismoko federakuntzako epaile eta kronometratzaileen kolegioan sartu nintzen, eta txirrindularitzakoan ere bai kolaboratzaile moduan. Andrea kexu zen, argazkitan bakarrik ikusten ninduela zioen eta guztia utzi egin nuen.
Baina Urnieta Kirol Elkartean ere ibili zinen?
J.A.L.:  Urnieta kirol elkartea sortu zenean han sartu nintzen, eta hamar urtez zuzendaritzan izan ondoren dena utzi nuen.
Hala ere herriko lasterketa guztietan laguntzen ibiltzen naiz, Adarrako proban, Herri biran, umeen bizikleta probetan... hobby moduan eta egunkarikoa ere horrela izanda ni hortik ez banaiz bizi izan.

Zure afizioei eskaintzeko denbora gehiago izango duzu orain?
J.A.L.:  Afiziorik handiena eta onena ezer ez egitea da. Ibili, nire belauna eta aldakarentzat ona delako...

Eta argazkilaritza?
J.A.L.:  Bai, oso gustukoa dut, baina orain alde batera utzita daukat, nire mugikortasuna dela eta. Halere, zaletasun horrekin jarraitzeko asmoa badut.

Azken urteetako Urnietako argazki ugari izango duzu?
J.A.L.:  Asko ez. Batzuk eman izan ditut, beste batzuk bota ere bai inongo garrantzirik ez zutela iritzita, eta orain nire buruari galdetzen diot zergatik bota ote nituen. Orain ordenagailuan erraz gordetzen dira, baina lehen lan handiagoa eskatzen zuen.  

Azken 40 urteetan Urnieta asko aldatu da. Nola gogoratzen duzu etorri berritan ezagututako Urnieta hura?
J.A.L.:  Urnieta hura oso familiarra zen, denok ezagunak ginen. Giroa oso ona zen, komertzio aldetik ere denda ugari zegoen, eta orain ez zaigu ezer askorik geratzen. Idiazabal kalea geratzen zaigu eta han ere denda guztiak ez dute ondo funtzionatzen.

Beraz, aldaketak hoberako edo okerrerako izan dira?
J.A.L.:  Ezin dut esan galtzen atera garenik, Urnietak komertzio aldetik galera handia izan baldin badu ere, asko irabazi du herri moduan, zerbitzu aldetik asko hobetu da, kalean ere giro handiagoa dago orain. Arazoa da gehienek herritik kanpora lan egiten dutela. Hori dela eta Urnieta lan orduetan basamortu baten modukoa da.

Herriko albiste emaile ia bakarra izan zara urteetan. Baloratua sentitzen al zara?
J.A.L.:  Batzuk baloratu izan dute nire lana, beste batzuk ez. Hori bai, eskerrak eman beharrean nago lagundu didaten hainbat pertsonei. Izugarrizko laguntza jaso izan dut, informazioa emanez eta nora joan behar nuen esanaz, eta Aiurrik ematen didan aukera hau aprobetxatu nahi dut denei, izenik aipatu gabe, eskerrak emateko.

Paperezko prentsak izango du jarraipenik?
J.A.L.:  Ni paperaren aldekoa naiz. Horrek ez du esan nahi etxean Interneten albisteen bila sartzen ez naizenik. Jaisten ari da salmenta, egunero egunkaria erosteak dirutza bat suposatzen du urte osokoari begiratzen badiogu.

Zein izango da herrietako kroniken etorkizuna?
J.A.L.:  Ez dakit, Urnietan behintzat ez da albiste askorik sortzen. Hau lotarako herri bat da, ez da herri bizi bat, aktibitate ugarikoa. Nik elkarteak faltan bota izan ditut. Beti ibili izan naiz gauza berdinekin, kirol albisteekin eta udaletik sortutakoekin. Egun guztian herrian bueltaka ibil zintezke, baina aktibitaterik ez baldin badago, albisterik ere ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!