Lehen pausuak ematen ari da honez gero euskararen aldeko lasterketa, Tuteratik irtenda eta Iruñearako bidean. Euskal Herrian barrena ibili ondoren eta Gasteizko helmugara iritsi aurretik, Korrika eskualdetik igaroko da.
Apirilaren 2an, ostegunarekin, eguerdi-arratsalde partean igaroko da lasterketa Beterri-Buruntza eskualdetik. Hori dela eta, korrikalarien artean haur eta gaztetxo asko ikusiko dela espero da. Andoaingo eta Urnietako ikastetxeak dagoeneko girotze lanetan ari dira.
Ikastetxeen parte hartzea
Andoaingo Ondarreta ikastetxean, adibidez, haur hezkuntzako ikasleek Korrikaren petoa egiten dabiltza eta Korrika txikia egingo dute eskola barruan. Lehen hezkuntzakoek, eskolatik bertatik Korrika nagusia igarotzen ikusiko dute. Ate nagusiaren paretik igaroko baita euskararen aldeko lasterketa. Aita Larramendi ikastolako DBH-DBHOko ikasleek elkarrekin bazkalduko dute, Korrikan parte hartu ondoren.
Urnietako Salesiar Ikastetxeko eta Presentación de Maria ikastetxeko kideek ere Korrikarekin bat egingo dute eta herritarrei ere parte hartzeko deia egin diete, prentsa ohar bidez.
Modu batera eta bestera, Andoaingo eta Urnietako ikastetxe guztiek bat egingo dute euskararen aldeko lasterketarekin. Ikasleek, irakasleek eta, oro har, gizarte osoak. Korrikaren bitartez euskararekiko konpromisioa agertu nahi dutenak askotxo dira.