Jokin Lizeaga lasterkari urnietarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 25a, 17:38

Martxoaren 29an Urnieta-Adarramendi-Urnieta kirol proba jokatuko da urtero legez. Parte hartuko duten urnietarren artean, aipamen berezia merezi duten bi herritar; Jokin Lizeaga eta Ainhoa Jauregi, iazko saioan helmugara ailegatu ziren lehen urnietarrak. Aurten ere gutxienez marka berdindu edota ahal bada hobetzera irtengo dira. Denboraldia hil honetako azken igandean hasiko dute biek.

Aurten Urnieta-Adarramendi-Urnieta proban berriro ikusiko zaitugu?
Jokin Lizeaga: Bai. Inskripzioa jada egina dut.

Prestatzen hasia izango zara honez gero?
J.L.: Proba honetarako bereziki ez. Baina Urnieta-Adarramendi proba denboraldiko lehena izango da. Abendu aldera jada korrika hasi nintzen. Ahal den hoberena egingo dugu.

Proba dela eta, herrian giro berezirik sumatzen duzue kirolarien artean?
J.L.: Egia esan, herri mailan nahiko jende gutxik parte hartzen du. Beste leku askotan, herritar gehiago ateratzen da. Zergatia ez dakit. Aurten dozena bat kirolarik parte hartzen badugu ondo. Bospasei jada prest daude. Teorian, nahiko gutxi halere.

Iaz lehen urnietarra izan zinen?
J.L.: Eta bosgarren sailkapen nagusian. Eguraldi oso txarra egin zuen, hotza, kazkabarra...

Proba gogorra da oso. Zure lanbidea kirol alorrari lotutakoa izanik, trikimailurik ba al duzu?
J.L.: Trikimailu handirik ez. Zortzi edo hamalau kilometrotako proba bat berdin egiten da gogorra. Beti topera zoaz eta azkenean, guztiek dute gogortasun maila. Urnieta-Adarramendi proban, jaitsierarako mendian ibiltzea komenigarria litzateke. Eta bestalde, mendia ahal den bezala, banaka banaka igotzea onena.

Jaitsierak bereziki lesio arriskutsuen eragile izan daitezke?
J.L.: Muskularrak bereziki, zuntz hausturak, txorkatila okertzea... ohikoak izaten dira.
Neska laguna ere bidelagun izango al duzu?
J.L.: Bai. Iaz bera helmugara ailegatu zen lehen urnietar neska izan zen. Aurten ez dakit aurkari asko izango ote dituen.

Zuen bion denbora markak zeintzuk dira?
J.L.: Nirea 1:03:18 eta Ainhoarena 1:27. Bakarka, denbora jaisten joaten gara.

Marka hobetzeak ere bere muga izan ohi du. Zuek muga horretatik gertu zarete edo oraindik hobetzeko asko duzue?
J.L.: Nire kasuan ez da erraza izango. Denbora marka asko jaistea zaila izango da. Segundoetako kontua da. Ainhoak berriz jarrita dagoen marka urruti du, hobetzeko aukera gehiago izan ditzake.

Zuen aurkarien artean, ahaztu ezin den bat; Yonut Zinka?
J.L.: Hiruzpalau edizio irabazi ditu. Adarramendiko proba honetan ez dio inork itzalik egin.

Eguraldi ona, txarra... Kontuan hartzeko faktorea mendi proba baterako?
J.L.: Zeresan handia du. Lur lehor edo busti batean korrika aritzearen artean, alde handia dago.

Adarramendiko proba eta gero, zer asmo dituzu?
J.L.: Berako proban parte hartuko dut, Zegama-Aizkorriko Munduko Kopan, eta Euskal Selekzioarekin Munduko Kopan.

Jomuga nagusia beraz, Munduko Kopa ezta?
J.L.: Aizkorriko proba ondo egiten badugu, hemengo lasterketa batzuk utziko ditugu. Iaz lasterketa batzuk onak eta besteak ez ziren hain onak izan.

Pronostikoak egiteko zaleak al zarete?
J.L.: Egiten dira normalean. Azken egunak arte ezin jakin nor etorriko den eta nor ez. Beraz alferrikakoa da inskripzioei begiratzea. Bestela, ia iazko denbora hobetzen dugun. Ia lehenengoen artean egoteko aukera dugun. Disputatu, disfrutatuz. Eguraldiari dagokionez, txarra egitea nahiago dut.

Urnietarrok kanpoko kirolariek ez duten abantailik ba al duzue?
J.L.: Adarratik Besabirako jaitsieran, lehen hamar minutuko tartean eguraldi txarrarekin abantaila txiki bat badugu. Segundo batzuk eskuratzeko aukera dugu, erreka hor dago... Gero errepidean jada ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!