Iker Valleren artelanak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 25a, 17:37

Iker Valle Bravoren (Andoain, 1976) artelanak ikusgai daude Hernaniko Biteri Kultur Etxean. 21 pinturez eta 10 eskulturez osatutako erakusketa mardula martxoaren 13an inauguratu zuen Vallek; familia, lagun, eta artezale ugari eduki zituen ondoan egun horretan. Erakusketa martxoaren 26ra bitarte egongo da ikusgai.

Urtetan ogibidez sukaldari izan ostean orain etxeen erreformen sektorean egiten du lan Vallek. Aisialdirako denbora duenean, berriz, artelanen sormenera eramaten dio buruak eta gogoak. Dena esatera, artelanaren alor horretan egun, eskulanen ikastaroak ere ematen ditu han hemen.

Iker Valle Errape kolektibo ezaguneko kide da; Hernaniko Zikuñaga auzoan du tailerra kolektibo horrek. Sukaldaritzan zebilela, halako batean, nola eta zergatik ez dakiela baina artearen munduak erakarri zuen; aipatu tailerrak eskaini zizkion babesa eta baliabideak, geroztik egin duen arte ibilbidea gauzatu ahal izateko. Dagoeneko, irakasle ospetsuek emandako hainbat ikastaroetan parte hartu du, eta denbora berean konta ezin ahala erakusketa jarri ditu talde batekin zein bakarka, kultur etxe, galeria, jatetxe eta tabernetan.

Artearen inguruan teorizatzen ibiltzea baino nahiago du sormenak unean unean adierazten dionari kasu egitea. Aspalditxoan materialen bilakaera esperimentatzea du gogoko, eta bide horretatik, materialen oxidazio prozesuan jartzen ditu bere ahalegin guztiak.  Egunotan erakusgai dauzkan lanak bi taldetan zatitzen dira: hormetan zintzilik doazen obrak eta bolumenezko formak. Denek, hala ere, akabera berdina dute eta osotasun batean ikusi behar dira beraz. Taldea “oxidoan eta espazio txurian, hutsunean, oinarritzen” dela adierazi du.

Vallek aitortzen duenez, material batekin oxidazio prozesuari ekiten dionean, badaki nola hasten den lana baina ez nola amaitzen den. “Oxidoa, berez material ezberdinen erreakzio kimikoaren ondorio garbia da, beti ere ustekabezko emaitzak ematen dituena, eta nolabait bere inguruari sentsible dena”. Giza harremanak metafora gisa aipatzen ditu, hobeto uler dadin azaldu nahi duena. “Gizakiak ere erreakzio kimikoen arabera mugitzen gara. Gizarteratzen garenean harremanen interakzioa gertatzen da, batzuekin hobetoxeago eta besteekin okerxeago bada ere. Badakizu nola hasten diren harremanak, baina ez gero nola amaituko diren. Kontrolatzen ez duzun prozesua ematen da hor azken batean, materialen oxidazioarekin bezala”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!