Bidaia intimoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 25a, 17:36

Sorterria utzi eta Andoainera bizitzera etorritakoak dira, biak ala biak. Barreiro zinegotzi da udaletxean eta Brau postaria. Hauexek, bere bidaia intimoak Andoaingo euskarara.



Sergio Barreiro
Nongotarra zara?
Sergio Barreiro. Malagatik nator eta Andoainen lau urte daramatzat bizitzen.

Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
S.B. Hasieran lanagatik ekin nion euskara ikasteari; Osakidetzako lan-burtsan izena eman nuen antolaketako teknikari gisa, eta nire harridurarako oso ondo geratu nintzen, nahiz eta ez eduki, ez meritu, ezta eskarmenturik ere administrazio publikoan zein euskararen ezagutzan.
Era berean, hizkuntz profila aurkeztu zuen jende kopuru murritzak harritu ninduen, eta horrek puntuaketa lortzeko euskararen profil bat ateratzera animatu ninduen.    

Euskara zaila dela dioen esaera, topikoa ala egia?
S.B. Hasieran ez zitzaidan horren zaila iruditu; arau gramatikaletan nahiko hizkuntz erregularra da eta urrats handiak ematen nituen. Hala ere, egia da euskal aditz zailaren topikoa; ondo erabiltzeak ahalegin erantsia eskatzen du.

Noraino iritsi zara euskararako bidaia horretan?
S.B. Euskarako ikasketa ia dena Donostiako Ilazki euskaltegian egin dut. Iaz HABEren bigarren profila atera nuen.

Zer moduz moldatzen zara euskararen herrian?
S.B. Nire jatorria aldez aurretik ezagutzen duen askori kosta egiten zaio hizkuntzez aldatzea, gazteleratik euskarara alegia. Nire hizkuntz aurrerapenen berri duten zenbaitek egiten dute ahalegina elkarrizketak euskaraz egiteko. Nolanahi ere, gaztelerazko giro baten mugitzen naiz nahi gabe, eta horrek asko markatzen du. Asko lagunduko lidake euskara etxean edukitzeak; horixe da faltan gehien botatzen dudana.
Hori bai, esan behar dut gogoko dudala euskara, harrotasunez daramadala.rçe
Izena jakinda erraz pentsa daiteke nongotarra zaren. Baina, zehazki, nongoa?
Merçe Brau. Ni Lleidakoa, Segarra bailarakoa naiz. Andoaingo mutila ezagutu eta orain 13 bat urte etorri ginen hona bizitzera.  

Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
M.B. Urte batzuk neramatzan hemen bizitzen, baina euskara ia ezer ikasi gabe. Jendeak bazekien nongotarra nintzen, eta orduan gaztelerara jotzen zuen; kuadrilan egonda ere, niregatik bakarrik aldatzen zuten gaztelerara. Iritsi zen une bat, hala ere, lotsa sentitu nuela. Orduan, ulertzeko adina euskara ikastea behintzat, erronka hori jarri nion nire buruari.

Euskara zaila dela dioen esaera, topikoa ala egia?
M.B. Topikoa ala ez, zaila bada. Gogorrena agian, eguna lanean pasa eta gero iluntzean euskaltegira joatea izaten da. Hoberena barnetegi batean sartzea dela uste dut, denbora eta dirua izanez gero noski. Ideia horixe darabilkit buruan oraintxe.

Noraino iritsi zara euskararako bidaia horretan?
M.B. Jendarteko elkarrizketa mantentzeko gauza banaiz, ez badidate euskara itxian egiten. Baina sentsazioa dut ez dudala behar adina praktikatzen, eta galtzen ari naizela aurreratu beharrean.
Badira berehala gaztelerara pasatzen diren lagun batzuk, eta badira nirekin euskaraz mintzatzera prestatzen direnak ere, pazientzia hartuta. Etxean, berriz, alabarekin katalanez aritzen naiz eta mutil-lagunarekin euskaraz; honekin izan ditut zailtasunik handienak, lehen gazteleraz komunikatzen baiginen. Orain, gure artekoa, mintza-praktikan jardungo bagenu bezala planteatzen dugu.   

Zer moduz moldatzen zara euskararen herrian?
M.B. Aberasgarria egiten zait euskara gizarte honetan bizitzeko, gizarte honen parte naizela sentitzeko. Gustua ematen du lagunak euren hizkuntzan ulertzea, edo hitzaldi bat edo zinea ulertzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!