Inkesta: Urnietako azokak garai hobeak izan zituen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 25a, 17:34

Jose Francisco Dual
“Zapatak saltzen ditut eta otsailetik nator Urnietara. Salmentak kaxkarrak dira, baina ez da Urnietako gauza, leku guztietakoa baizik. Hemen oraindik ez daramatzat balorazio bat egiteko adina denbora, baina Hernani eta Legorretako azoketara ere joaten naiz, eta ohiko bezeroak eta prezioak dendetakoak baino zertxobait merkeagoak izanda ere nabaritu dugu beherakada”.

Pilar Ruiz
“Urdaitegiko postua da nirea, eta hamabost urte inguru badira Urnietara etortzen naizela. Andoain, Orio, Lasarte-Oria eta Errenteriako azoketara ere joaten naiz, eta hau da salmenta gutxienekoa. Honek ere izan zituen garai hobeak. Orain adinekoak dira nire bezerorik onenak, beti etortzen zaizkidanak. Bestela, leku bezala San Juan plaza ondo dagoela uste dut”.

Jose Mari Ezquerro
“Fruta saltzen dut eta 23 urte daramazkit Urnietara astero etorriz. Hernani, Iruñea, Errenteria, Barañain eta Usurbilera ere joaten naiz. Azken 15 urteetan azoketan fruta saltzen inor ez da hasi, horrekin dena esana dago. Hemen bezero onak ditut, baina telebistaren eraginez edo prezioei gehiago begiratzen diete. Merkatalgune handiek ere kalte handia egin digute”.

Rosario Dual
“Barruko arropa saltzen dut gizonezko eta emakumeentzako eta badira hiru urte Urnietara etortzen naizela. Urretxu eta Irunera ere joaten naiz. Hemen baditut bezero finkoak eta horiei eskerrak mantentzen naiz. Asko nabaritzen da krisialdia, salmentak erdira jaitsi dira. Beste kokagune bat nahiagoko nuke, baina normala da komertzioen ondoan guri jartzen ez uztea”.

Jose Luis Viboras
“Goxokiak eta horrelakoak saltzen ditut eta 20 urte inguru daramat Urnietara etorriz. Andoain, Lasarte eta Hernanira ere joaten naiz. Hau da denetan txikiena, baina ni oso gustura etortzen naiz. Hurbiltzen direnak, erostera etortzen dira. Horietako asko ezagunak dira, eta konfiantza handiarekin etortzen dira. Salmentetan jaitsierarik oraindik ez dut nabaritu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!