Etxebizitzen ingurumen kalitatea, aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 25a, 17:33

Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuen Erakundeak sustatzen duen GAP (Ekintza Plan Globala) Programa martxan jarriko du Urnietan, apirilean hasi eta ekaina amaierara arte luzatuko dena. Ingurumen arloan Urnietako sendiek zer nolako ohiturak dituzten ezagutu, eta ahal den neurrian, hobetu daitekeena ontzea bultzatu nahi da.

Alegia, herritarren bizi-kalitatea bultzatu eta ingurumen alorreko eragin kaltegarriak arindu nahi dira. Hala jakinarazi zuten udal taldeetako ordezkariek, kanpainako eragileekin batera martxoaren 13an eskaini zuten prentsaurrekoan.
Kanpainak alderdi ekonomikoa eta ekologikoa uztartu nahi ditu. Dirua aurrezteko ezagutza eskaini nahi die sendiei, eta baita ingurumena zaintzeko zer egin aholkatu ere. Horretarako, lau gai desberdinei buruzko ikasgai liburuxka eta auto ebaluazio galdeketa bana jasoko dute herritarrek. Energia, garraioa, erosketak eta etxeko hondakinak eta urari buruzkoak hain zuzen. Parte hartzaileek egin behar dutena zera da; liburuxka bakoitza irakurri aurretik auto ebaluazio orria erantzun, gero liburuxka irakurri eta azkenik, auto ebaluazio orria bete. Asmoa, bi galdeketen artean aurrerapausorik eman ote den edo ez jakitea litzateke. Gauza bera aipatutako lau gaiekin.

PAPEREAN, EDO SAREAN
Sendiak aipatzen dira, eta ez norbanakoak, parte hartzea familiaka neurtu nahi baita. “Gurea etxea antolatzeko gai ez bagara, zaila izango da lurralde bat antolatzea”, aipatzen zuten aurkezpen ekitaldian. Ingurumena zaintzeko konpromisoa nork bere bizilekutik hartu behar duela alegia.
Ekimenean parte hartzeko bi modu egongo dira. Batetik, etxe guztietan egitasmoari buruzko orriak banatuko dira. Udaletxean, Lekaion eta ikastetxeetan ere eskuragarri egongo direnak. Beste aukera, kanpainako arduradunek gomendagarrien jotzen dutena hain zuzen, Interneteko honako helbidea bisitatzea litzateke: udalsarea21.net.
Orain arte 91 udalerrik eta 20.000tik gora sendiek parte hartu dute ingurumen alorreko programa honetan. Udalerri zerrenda horri, aurten beste 91 erantsi behar. Martxoaren 20a baino lehen programan izena ematen duten herritarrek Orbea bizikleta baten zozketan parte hartu ahalko dute. Gainera, kanpainarekin bat egiteagatik, programa amaieran “Etxe Ekologikoa”ren ziurtagiria jasoko da.

BESTE URRATS BAT
Aurkezpen ekitaldian alkate Mikel Izagirrek zehaztu zuenez, arlo honetan baikorrak izateko arrazoiak daude. “Erraustegiaren gaiarekin, jauzia egin zuen Urnietak birziklatze mailan”, adierazi zuen Izagirrek. Gaikako bilketa adibide gisa aipatu zuen, ohiturak barneratutakoan gauzatze errazak direla azaltzeko. Bide horretan, martxoaren 13an prentsaurrekoan aurkeztu zen egitasmo berria aurrerapauso gisa definitu zuen. Ingurumen gaien ardura daraman Iñaki Mendizabalek sendien %3tik gorako parte hartzea espero dutela aurreikusi zuen. Herritarrak parte hartzera deitu zituen. “Ia ehuneko hori gainditzen dugun. Egiteko oso erraza da”, adierazi zuen. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!