Petra Elser, alemaniarra, euskalduna, urnietarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 25a, 17:32

Petra Elser, Alemaniako mendebaldean kokaturiko Frankfurt hirian jaio zen 1963ko maiatzaren 26an. Idazkaritza ikasketak egin zituen, hiru hizkuntzen ikasketekin batera. Alemanian, AEBko kulturarekin lotura handia badute ere, bera Madrilera joan zen gaztelera ikastera. Gaur egun bost hizkuntza hitz egiten ditu: alemana, gaztelera ingelesa, frantsesa, eta euskara.

Ez didazu bigarren abizenik esan...
Petra Elser: Alemanian abizen bakarra erabiltzen da. Orain arte aitarena izaten zen, orain aukeratu daiteke aitarena eta amarenaren artean.

Nolakoa da Frankfurt?
P.E.: 600.000 biztanle ditu, aireportuagatik eta duen nazioarteko bankuen kontzentrazio handiagatik da ezaguna. Hala ere oso hiri lasaia da. Guztiz laua. Bizikletarekin ibiltzeko prestatua eta egokia. Oso toki atsegina da.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
P.E.: Urnietara duela bost urte etorri nintzen, baina badira 15 urte euskaldun batekin bizitzen hasi nintzenetik.

Euskara ikastea erraza egin zitzaizun?
P.E.: Bai, bakarka ikasi nuen oinarri bat izan arte, eta gero berehala hasi nintzen euskal hiztunekin hitz egiten. Orduak eskaini behar zaizkio, noski, baina ez da zaila. Funtsezko gauza batzuk zaindu, hitzen oinarri bat ikasi, eta gero ikasitako hori erabili.

Nondik sortutakoa da euskal liburuak alemanera itzultzeko asmoa?
P.E.: Hemengo argitaletxeen eta idazleen elkartetik sortutako zerbait da. Euskal literaturaren nazioarteko promozioa egiteko asmoarekin.

Zure aurretik bazegoen norbait lan hori egindakorik?
P.E.: Bai, Ludger Mees unibertsitateko irakasle alemaniarrak, Atxagaren “Behi euskaldun baten memoriak” itzulita zuen aurretik.   

Zein liburu itzuli dituzu?
P.E.:  Joseba Sarrionandia Sarriren “Lagun izoztua”, Edorta Gimenezen “Kilkerren hotsak”, eta Aingeru Epaltzaren “Rock´n´roll”.
Zuzenean itzultzen dituzu euskaratik alemanera?
P.E.: Itzulpenaren mamia, idazleak esan nahi izan duenaren antzekoena esaten asmatzean dago. Gaztelerara itzulia baldin badago, hura ere begiratzen dut, baina itzulpena euskaratik zuzenean egiten dut.  

Eta nolako harrera izan dute?
P.E.: Alemanian harrera ona du kanpoko literaturak, irakurleak ohituta daude beste herrialde batzuetako literatura irakurtzen. Gu joan ginen hara idazleekin, eta Alemanian ekitaldi arrunt eta maitatuak diren irakurraldiak egin genituen. Bertan idazle batek irakurtzen du bere liburua, eta jendeak entzun eta gozatzen du. Hemendik joandako idazleek irakurtzen zuten euskaraz eta nik alemanezko itzulpena. Salmenten aldetik, promozio gehiago beharko luke, eta hori dirua da. Sarrirena ondo saldu zen, idazlearen historia bitxia erabili zelako promozioan;  nola alde egin zuen kartzelatik, inork ez dakiela non bizi den eta abar.

Zer promozio lan egiten da?
P.E.:  Alemaniako argitaletxe batek, Zubiak izeneko ekimena martxan jarria du. Euskal Herriaren gain-begirada historikoa, eta euskal literaturari buruzko informazioa ematen duen liburuxka baten bidez. Bertan, alemanera itzulitako euskal liburuen berri ere ematen da.  
Frankfurteko liburu azoka ere promoziorako leku egokia izango da?
P.E.: Egon izan naiz itzulpenekin, hura oso handia da, galduta bezala geratzen zara. Jaurlaritzak ere stand bat jartzen du bertan. Kantaldiak eta irakurketak ere egin izan ditugu azokaren harira. Pintxoak ere jarri izan ditugu, eta katalanak etortzen ziren dohainik jatera.

Noren babesa jasotzen duzue lan hauek aurrera eramateko?
P.E.: Jaurlaritzatik laguntza badugu, bestela ez litzateke posible izango lan horiek egitea. Eta gero Alemaniako fundazio batek ere lagundu izan digu.

Beraz, itzulpen lanarekin jarraitzeko asmoarekin?
P.E.:  Bai bai, orain Harkaitz Canoren “Pasaia blues” itzultzen ari naiz.

Zer da EuskAlema?
P.E.: Euskararen eta alemanaren arteko hizkuntza eta kultura harremanak aztertzea eta sustatzea helburu duen kultur elkarte bat da. Bertako presidentea naiz. Euskaratik alemanera, eta alemanetik euskarara itzulpenak egiten ditugun itzultzaileak, EHUn Gasteizko filologia alemanaren fakultateko ikasle ohiak, bertan alemana ematen duten irakasleak eta abar elkartzen gara bertan. Elkartearen ekimen nagusietako bat itzulpen mintegia da: hilero elkartzen gara alemanetik euskara edo euskaratik alemanera egin den edo bidean dagoen itzulpen bat aztertzeko. Duela hiru urte lehenengo euskara-alemana-euskara hiztegia egin genuen. Baita ere testu liburu bat euskaratik zuzenean alemana ikasteko. DBH-ko ikastetxe batzuetan aukera hori ematen zaie ikasleei.
Nola ikusten duzu euskal literaturaren egoera?
P.E.: Adibidez Alemaniakoarekin ezin da parekatu, 100 milioi inguru hiztun izango ditu, eta urtero milaka liburu argitaratzen dira. Dena den, gogoan dut “Lagun izoztua”rekin argitaletxekoek, zuzentzaileak eta argitalpenaren inguruan ibili zirenak, nola esan zidaten: aspaldian ez dut hain istorio ona edo berezia irakurri. Oso konbentzituta zeuden liburuarekin. Orduan, Alemaniako literatura bere zilborrari begira zegoen, aspergarria, deprimigarria zen. Azken urte hauetan pixka bat aldatu eta piztu da. Literatura handiak ere ez dira uneoro eboluzionatzen ari, eta denetik edukitzeak sortzen duen betekadarekin, gauza txikiak ez dituzte behar adina preziatzen.

Euskaldun batek, zer interes izan dezake alemana ikasteko?
P.E.:  Lehenik, beste kultura mota bat ezagutzeko aukera ematen du. Eta profesionalki begiratzen badugu, plus bat ematen du Alemaniako enpresekin lan egiteko. Ez dezagun ahaztu Alemania industria mailan munduko potentziarik handienetakoa dela.

Euskal Herrian, zer egin zaizu deigarria, eta zer duzu faltan?
P.E.: Deigarria kaleko bizitza. Alemanian jendea etxean elkartzen da. Eta faltan botatzen dut hemen jendearen konbertsazioetan ez direla gaiak modu sakonean tratatzen. Hemen postura kontrajarriak direnean bakoitza berearekin geratzen da, eta Alemanian mahai batean eseri eta denbora luzaz egon litezke bestearen arrazoiak ulertzeko hausnartzen. Hemen ez dago interes berezirik bestearen arrazoiak entzuteko.

Zer diozu hemengo janariaz?
P.E.: Pintxoak dira nire bizioa,  txakolina eta sagardoa ere bai. Han ere badago, beste modu bateko sagardoa. Alemanian lurralde bakarrean aurkitzen da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!