Arabarren ahotsa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 24a, 14:45

Aurreko astean Amasan bezala, Zizurkilgo Olentzo jatetxean saio polita eskaini zuten Bizkaiko Azeriak eta Arabako Otsoak taldeek. Berrogei lagun baino ez zen bildu afaritara, Sanjosetako zubi luzea tarteko, eta antolatzaileak beldur ziren arren nahikoa giro izango ote zen bertsolariak lehia zitezen, festa giroa hasiera-hasieratik jarri zuten bi taldeek Olentzo jatetxeko jangelan.

Datorren larunbateko Urnietako finalean lehiatu beharreko bigarren taldea zein izango zen zuen Zizurkilgo saioak koxka: Otsoen taldea –Iñaki Viñaspre, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa– ala Azerien taldea –Gorka Ostolaza, Onintza Enbeita eta Oihana Bartra–. Lehenengo ezustekoa bizkaitarrek eman zuten, Oihana Bartra gaisorik izan baitzen goizean goizetik saioko egunean. Haren ordez, azken orduan Gorka Lazkano bertsolaria ekarri zuten azeriek, ongi ekarri ere, Lazkanok ederki bete baitzuen Bartraren hutsunea Egoitz Aizpuru gai-emaileak lanean jarri zituen unetik beretik.

Arabako Otsoen taldeak egin zuen agurrak eman zion, agian, saioko irabazle izateko abantaila, agur horretan egin baitzuten talde gisa bere lanik gozagarriena: Oklahoma-ko bakeroz jantzita azaldu ziren, gitarra-jotzaile eta guzti, eta kantuz agur polita egin zuten bertsotan bizkaitarrak zirikatuz. Jendeak eskertu egin zuen arabarren agurra. Apur bat hotzago hartu zuen, ordea, bizkaitarren agurra: leopardo pinportadun txano eta betaurreko kitsch samarrez mozorroturik irten ziren hiruak, argi utzi zuten ikusentzuleen artean arabar ugari ikusteak ez zituela kikilduko.
Saioa umorez hasi zuten Ostolaza eta Agirrek, hildako kanarioari buruz. Ostolazarentzat kanario nazkagarria zen, Agirrerentzat, aldiz, kanario maitea. Agirrek hala esan zion: gehiago maite nuen onartu beharko, zureak baino gehio kantatzen zulako.
Juana Bixenta Olabe doinuan eta puntuak erantzuten bertsolariek ez zuten nahi adina gozatu, nahiz eta tartean arrazoi politak atera. Kartzelako gaiak barre-algarak eragin zituen entzuleen artean, egoera xelebrea baitzen. Elkarrekin bukatu zuten parranda, baina batak bigarrenarekin ligatu nahi zuen, bigarrenak hirugarrenarekin, eta hirugarrena kamareroari begira zegoen. Kopletan bizi-bizi egin zuten bost minutu tartean.
Bakarkakoan Agirre eta Enbeita aritu ziren. Agirrek hauteskundeetako sobrea izan zuen gai moduan, eta Enbeitak pisatzeko baskula. Onintzak bere konpleju eta beldurrak uxatu eta baskula gainera igota kantatu zuen bigarren bertsoa. Asko eskertu zuen entzuleak.
Zizurkilen ere arrakastarik handiena ariketa berezietan sortzen den konplizidadeak eta adarra jotzeko irrikak izan zuen. Ezpainak irakurtzen dotore aritu ziren Agirre eta Lazkano, zein baino zein bihurriago. Zortzi oinak emanda ere dotore osatu zituzten bertsoak bi neskek, eta azken agurren aurretik ere bi taldeek bikain asmatu zuten entzule artean atera eta umorea jartzen. Hasierako eta bukaerako saioekin oso ondo borobildu zuten arabarrek saioa, eta baliteke garaipena ere hortik etortzea.
 

Oro har Amasakoa baino saio hotzagoa izan zela esan daiteke, baina umorezko pintzelada asko izan zituen agurretik hasita. Bertsolariak, behintzat gustora jardun zuten, Manex Agirrek amaierakoan txapelketan parte hartzeko aukera eskertu izanari jaramon egitera behintzat.

Amasakoan bezala, Olentzoko saioa goizeko ordu bata eta erdiak arte luzatu zen, eta orduantxe iritsi zen botua emateko garaia, antolatzaileek botua emateko txartelak banatu baitzituzten afaltiarren artean. Entzuleen artean 29 lagun ausartu ziren botua ematera, eta haien artetik 17k Arabako Otsoen alde egin zuten eta 11k Bizkaiko Azerien alde. Horrenbestez, arabarrak izan ziren irabazle Zizurkilgo saioan eta Urnietako finalean izango dira datorren larunbatean. Oinamume jatetxean egingo den finalean Gipuzkoako Hontzek (Jokin Labayen, Uxue Alberdi eta Ander Lizarrralde) eta Arabako Otsoek (Iñaki Viñaspre, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa) egingo dute aurrez aurrekoa. Lehia bizia izango da gipuzkoar eta arabarren artean!

Martxoaren 28an, iluntzeko zortzi eta erdietan emango zaio hasiera saioari, Urnietako Oianume jatetxean. Antolatzaileek adierazi digute oraindik badela txartelik afaritara joateko. Urnietan, Oianume jatetxean bertan, Iñistorra Biltzarraren eta Aiurriren egoitzan, Kantoi tabernan eta Urnieta frutadendan eros litezke. Andoainen, Larramendi Bazkunaren egoitzan eta Stop eta Ernaitza liburudendetan. Villabonan, Basajaun liburudendan eta Ogi-goxo okindegian. Telefonoz ere lekua gorde daiteke 943-300-733 zenbakira deituta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!