Beterri-Aiztondo bailaratik goi mendietara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:45

Unai Zendoia villabonatarra eta Arkaitz Lasa andoaindarra Karakorumera begira daude.
Ekainean abiatuta, Gasherbrum I eta II igotzeko asmoa dute uztailean, Oskar Porras donostiarrarekin batera.

Udari begira espedizio berria jarri duzue abian. Zergatik Gasherbrum?
Unai:
2007an Nepalen izan ginen, Ama Dablam-en. Tontorra egin genuen eta Himalayarekin lehen kontaktua izan eta gero, Broad Peak edo Sisha Pagma-ra joateko gogoa sortu zitzaigun. Zortzimilakoekin hasteko, Gasherbrum II-ak altueraren zailtasunaz gain, teknikoki zailtasun handirik ez daukalako aukeratu dugu.

Gasherbrum II-az gain, I-a igotzeko asmoa ere baduzue…
Unai:
G I-a teknikoki zailagoa delako, aurrena G II-a egiteko asmoa dugu. Bi mendiak igotzea oso ondoan daudelako erabaki dugu eta kanpamendu nagusia eta lehen kanpamendua berdinak dituztelako. Tontor bakarra igotzea ere asko litzateke guretzat baina, jaitsi ondoren ondo aurkituz gero eta aklimatatuta egongo garela aprobetxatuz, bigarrena igotzeko aukera izaten badugu, askoz hobeto. Gero zer gertatuko den ez dakigu baina, bidea behintzat irekita utzi nahi dugu.
Arkaitz: G II-a zortzimilakoetan errazenetakoa izan arren, amaierako piramidean mendia alde batetik bestera zeharkatu behar da. Elur asko baldin badago, ia ezinezkoa da zati hori pasatzea. Kontrako egoeraren bat suertatuz gero, G II-a beharrean GI-a igotzeko aukera izango genuke.

Nola antolatuko duzue igoera?
U.:
Islamabad-era iritsi eta laugarren egunean, beheko kanpalekura ailegatu ondoren, pixkanaka altuera hartzen joan eta kanpamendu nagusia 5200 metro inguruan kokatuko dugu. Handik aurrera eskailera sistema erabiliko genuke: altuera irabazi eta lotara kanpamendu nagusira jaitsi, pixkanaka goiko kanpamenduak prestatuz eta trasteak igoaz. Hori da hasierako planteamendua, gero ikusi egin beharko da.
A.: G II-a teknikoki errazagoa dela ikusita, aukera gehiago emango liguke gora eta behera ibiltzeko. Behin tontorra egindakoan, gogoa eta indarraren arabera, G I-era joko genuke eta bigarren igoera askoz ere arinagoa izango litzateke, estilo alpinoa erabiliz: goiko kanpamenduetan lo eginez, gora-behera ibili gabe, alegia.

Aurretik badaukazue goi mendietan esperientzia. Zer moduz moldatu zarete?
U.:
Pirinioetan asko ibili gara, Alpeetan ere dezente. 6000ko mendiekin Perun hasi ginen. Himalayan 6800ekoa egin nuen  nik eta Arkaitzek 7000koa Pamir-en. Perun nahiko gaizki ibili nintzen altuerarekin. Ama Dablam-en, aldiz, oso ondo.
A.: Hurrengo pausoa etorriko da orain. Ondo moldatu naiz orain artean altuerarekin baina, inoiz ezin da jakin; gorputzak ez baitu beti berdin erantzuten. Gorputz bakoitzaren muga non dagoen ere ez dakigu: batzuek 5000koan oso gaizki pasatzen dute eta hortik aurrera nahiko ondo…

Horrelako helburu handiak errespetua ere emango du, ezta?
U.:
Altuera ikusten ez den zerbait dela badakigu eta nora goazen jakinda goaz. Altuera horietan arrisku asko egon daiteke eta sintoma txarren bat sumatuz gero, behera jaitsi behar da lehenbailehen.

Entrenamenduak direla eta, nola ari zarete igoera prestatzen?
A.:
Alde batetik, bakoitzak erresistentzia lantzen du bere aldetik: korrika, bizikleta, mendia, eskia… Bestetik, bulderrean ere ibiltzen gara indarra hartzeko. Negu partean, izotzetan eskalatzen ibili gara eta laster baldintzak aldatuko direnez, korridoreetan ibiliko gara. Abiatu aurreko azken hilabetean, pisuarekin ohitu nahi dut gorputza: inguruko mendietan motxila kargatu eta gora-behera ibiliz. Hemen gaizki ibiliz gero ziur gaude han ezin dela ondo ibili. Baina hemen ondo ibiltzeak ez du esan nahi han ondo ibiliko garenik.
U.: Fisikoki prestatu egin behar da, bi hilabetez ondo irauteko gorpuzkera ona behar baita. Altuera, ordea, ezin dugu hemen entrenatu. Puntu onean joan behar da baina, tamaina hartuta. Hemen lau hilabetez izugarrizko egurra jasota, argal-argal eginda ezin da hara abiatu. Erreserbak behar dira, bi hilabetetan zazpi kilo galtzea erraza baita han.

Ondokoa ezagutzea garrantzitsua izango da antzeko espedizioetan…
U.:
Dudarik gabe, baina ez da beti horrela izaten. Kasu honetan hiruok lagunak izatea egokitu da baina, oporrak direla, dirua dela…, askotan zaila izaten da lagunekin topo egitea. Horrelako irteeretara lagun onenarekin joatea litzateke idealena.
A.: Batez ere sor daitezkeen gorabeheretan eta bizitzen diren momentu txarretan beste pertsona ezagutzeak asko laguntzen du. Momentu batzuetan bakarkako lana egin behar izaten da, norberarena. Baina beste momentu askotan taldeko lanak eragin handia du.

Nola antolatu duzue bidaia?
U.:
Oraindik guztia itxi ez badugu ere, Aragon abentura agentziaren bidez ari gara bideratzen. Eurek lotzen dute dena: hegaldia, bisatuak edo aurez materiala bidaltzea. Era berean, Pakistango beste agentzia baten bidez, zamaketariak, sukaldariak, nahiz laguntzaileak ere bai. Badaude goiko kanpalekuak egokitzeko zamaketariak ere baina guk gure kabuz egingo dugu lan hori.
A.: Igo aurretik landu egin behar da mendia eta hori da gogorrena.

Saltsa ederra izango da horrenbeste denborarako materiala prestatzea…
U.:
Bai, Pakistanen oso ondo jaten ez dela esan digutenez, janari dezente eraman behar dugu eta materiala ere asko.
A.: Aurreko espedizioan janariarekin arazoa izan genuen eta oso garrantzitsua da ondo jatea errekuperazio aldetik, mendiak egurtu egiten baitzaitu. Behera jaistean hidratatu eta ondo jatea nahitaezkoa da, bestela gorputza ahultzen joaten da pixkanaka. Ondorioz, masa muskularra galtzeak eta deshidratazioak eragina du aklimatazioari edo izozketei begira. Materiala aukeratzea ere ez da erraza izaten: zer eraman, zer ez, zenbat, badaezpadakoa…

Bidea irekitzen eta lantzen nahikoa lan egin ondoren, azkenean tontorra…
U.:
Hirugarren kanpalekua 7000 metrotan jarriko dugu eta han lo egin eta gero, azken 1000 metroak geratuko zaizkigu. Desnibel handia da altuera horretan egiteko. Ordu dezenteko lana izango da.
A.: Azken eguneko bidea ezezaguna izango da. Eguraldia, tenperatura, ilunetan abiatu beharra, denbora izango ote dugun…, tentsioa izaten da.
U.: Horixe izaten da momenturik arriskutsuena, urduritasun handienekoa. Kanpaleku nagusitik oinez bi edo hiru egunera egongo gara. Ilunpetan abiatu eta argitutakoan, eguraldi ona bada, ez dugu hainbesteko hotzik espero. Argitu aurreko ordu horiek izango dira hotzenak, izozketa arriskua egon daitekeenak.

Tontorra egiterakoan, jaitsiera buruan izaten al da?
U.:
Nik behintzat bai. Ama Dablam-era igo ginenean oso denbora gutxi egon ginen tontorrean. Polita da inguruko bistak ikustea baina ordua edo eguraldiaren arabera, berehala abiatu behar izaten da goitik behera. Gorakoan kanpamenduak jartzen joan zara, baina beherakoan, jaso egin behar dira eta lana izaten da egiteko.
A.: Azken espedizioan ordubete behintzat egon ginen tontorrean. Eguraldi ona lagun, argazkiak atera eta lasai egoteko aukera izan genuen. Beti esaten da igoeran baino jaitsitakoan lortzen dela tontorra. Nik ere hala dela uste dut. Igoeran aldapak berak jartzen du erritmoa. Ezin duzunean gelditu egin behar da. Beherakoan, gorputza ahulduta sumatu eta beherako indar horrekin gorputzaren oreka mantentzea gehiago kosta daiteke. Behin altuera gutxitzen doan heinean, gorputza hobeto sentitzen da eta horrek ere animoa eta bizitasuna ematen du.

Espedizioa finantzatzen laguntzeko kamisetak jarri dituzte salgai. Informazio gehiago: www.gasherbrum2009.com.


MOTZEAN
1.- Zer eskaintzen dizue mendiak?
2.- Inguruko mendi kuttuna?
3.- Inoiz igotako mendirik gogokoena?
4.- Mendiko materialaz gain, motxilan beti sartzen duzuena?


Arkaitz Lasa (1979). Andoain. Irakaslea
1.- Asetu egiten nau. Mendira joateko beharra sentitzen dut eta aurrez egindakoa gainditzeko gogoa.
2.- Belkoain.
3.- Ez nuke esaten jakingo.
4.- Koadernoa, kamara eta oroitzapenak.

Unai Zendoia (1981). Amasa-Villabona. Deliniatzailea
1.- Satisfakzio asko. Beti helburu berriren bat izaten dut buruan, ez zaizkit inoiz amaitzen gainera.
2.- Txindoki.
3.- Ama Dablam.
4.- Kanpoko espedizioetara kuadernoa eta kamara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!