Araztegiko lehen harria jarri dute

Oria ibarreko hemeretzi herrietako ur zikinak jasoko dituen araztegia egiteko lanekin hasi dira.

Hogei mila metro karratuko zabalera hartuko du araztegi berriak eta 25 milioi euroko inbertsioa eskatuko du.
Martxoaren 11n jarri zuten lehen harria araztegia eraikiko duten gunean. Adunako lurretan, Oria ibaiaren ezkerraldean eraikiko dute ur zikinak garbitzeko beharrezko azpiegiturak bilduko dituen araztegia eta guztira, lau futbol zelaik adinako lur azalera hartuko du. Hogei hilabetez luzatuko dira lanak eta beharrezko frogak egin ondoren, 2011n jarriko dute martxan. Foru Aldundia eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak hartuko dute bere gain araztegiaren aurrekontu osoa. Adunakoa martxan jartzen dutenean, Gipuzkoako araztegi sarea osatuta geratuko da.

34 kilometroko kolektorea
Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Legorreta, Orendain, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo biztanleek sortutako ur zikinen tratamendua egingo da Adunako gunean. Urak haraino garraiatzeko, bestalde, kolektore sarea eraikitzen ari dira. Guztira 34 kilometroko luzera duen sarea beharko da urak Adunaraino eramateko. Bi kolektore nagusi eraikiko dira, Legorretatik abiatuko da lehena, eta Tolosaldeko herrietako urak bildu ondoren, Adunaraino iritsiko da. Andoaindik abiatuko da bigarren kolektore nagusia. Bi kolektore handi horiez gain, adar txikiagoak ere eraiki beharko dira zenbait herriri zerbitzua eskaini ahal izateko. Asteasuko urak biltzeko, esaterako, 3,7 kilometroko luzera duen saneamendu sarea egin dute. 61 milioi euroko kostua izango du herri guztiak araztegiarekin batuko dituen kolektore sarea eraikitzeak. Foru Aldundia, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa eta Eusko Jaurlaritzaren artean egingo dute kolektoreko lanen ordainketa.

Ura garbitzeko pausoak
Ur zikina garbitu eta Oria ibaira egoera onean botatzea da araztegiaren helburu nagusia. Horretarako, pauso ezberdinak jarraituko ditu urak. Lehendabiziko pausoan, garbiketa fisiko sinplea egiten zaio, kutsagarri solidoak, hondarrak eta koipeak kenduz. Ondoren, dekantagailuetara pasako da ura, solido txikiak bertan gera daitezen. Garbiketa lan fisikoak amaituta, tratamenduaren fase biologikoa hasiko litzateke, uretan disolbatuta dauden gai organikoak kentzeko. Naturan, zenbait mikroorganismok izaten du lan hori egiteko ardura eta araztegietan, prozesu biologiko bera erabiltzen da, baina erreaktore bidezko sistemaz azkartuta.
Pauso guztiak amaituta, ura Oria ibaira isurtzeko moduan izango da eta sortutako lohiekin jarraituko dute tramendua. Lohi horiei ura kendu, deshidratatu, egonkortu eta biltegiratu egiten dira, ondoren garraiatu ahal izateko. Prozesu horretan, erregaitarako erabiltzen den gas bat sortzen da.

Adunako Udalaren kexak
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakari Patxi Plazaola, Garapen Iraunkorreko foru diputatu Carlos Ormazabal eta azpiegituraz baliatuko diren herrietako alkateak izan ziren lehen harria jartzeko ekitaldian. Tartean izan ziren eskualdeko alkateak ere. Adunako Udaleko ordezkariek, proiektuaren inguruko kexak jakinarazteko baliatu zuten ekitaldia. Udalean adostutako dokumentua helarazi zieten Foru Aldundiko ordezkariei, euren kexak adierazteko. Horrela dio idatziak: “Behin eta berriz eskatu arren, sekula ez dugu araztegiaren proiekturik izan eskuartean; gure kezkengatik egin behar izan dugu azterketa olfatometrikoari ez diote kasurik egin; kamioiak ikusi arte, eta galdetu arte, ez dugu jakin obrek noiz hasi behar zuten, ez da Foru Aldundiko inor sekula etorri udaletxera, nahiz eta hitzorduak jarri. Araztegia beharrezkotzat ikusten dugu eskualde guztirako, baina ez dugu elkarlan instituzionalik ikusten. Arazoak eman ez ditzan, irtenbide  egokia eman nahi diogu araztegiari, behar bezala eraikiz, eta ez inposatuz. Ondorioz ezin gara ados egon egindako proiektuarekin, ezta gauzak egiteko moduarekin ere”, adierazi dute Adunako Udaletik. “Foru Aldundiko kideei gure kexen berri eman nahi izan genien, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”, esan du Arantxa Aburuza alkateak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!