Udal langilea baino gehiago

Adunako udaletxera hurbildu diren guztiek ezagutzen dute Pepi Arratibel Zurutuza.

Udaletxean telefonorik ez zegoen garaian hasi zen bertan idazkari lanetan eta hilabetea amaitzean hartuko du erretiroa.
Senarrari laguntzera etorri zen lehendabizikoz Pepi Adunako udaletxera: “Ataundarra naiz eta bertako udaletxean hasi nintzen lanean, hemeretzi urte nituela. Ezkondutakoan eszedentzia eskatu nuen. Garai hartan nire senarra Aduna eta Zizurkilgo udaletxeetako idazkaria zen eta ezinean zebilenean, laguntza eskatzen zidan. Astean bi egunetan etortzen ginen hona. Senarra Oiartzungo udaletxean hasi zen gero eta nik hartu nuen Adunako udaletxeko lana. Hemen aritu naiz geroztik”, azaldu du Pepik.
Oso gustura dago Pepi Adunan izandako tratuarekin: “Oso giro ona topatu dut beti, bai Udalean izan direnekin, baita herritar eta langileekin ere. Lau alkate ezagutu ditut; Jose Agustin Aburuza, Pako Aburuza, Jabier Zabala eta Arantxa Aburuza, guztiekin oso harreman ona izan dut. Herritarrekin ere oso giro onean aritu naiz lanean. Laguntzeko prest izan naiz ahal izan dudan guztietan eta hori eskertu egin didate. Herri txikietan, jendearekin sortzen den tratua oso zuzenekoa da, gertu-gertukoa. Herritar gehienen izen-abizenak eta etxe-izenak dakizkit. Gazteenak galduxeagoak ditut, baina jende helduarenak, guztiak ditut gogoan. Maitasun berezia diot Adunari, herri berezia da niretzat”.

Herriaren aldaketak
Aldaketa handiak ezagutu ditu Pepi Arratibelek: “Senarrarekin batera hasitakoan, astean bi egunetan bakarrik etortzen ginen, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.  Ondoren, lan-egun erdiz hasi nintzen eta neroni bakarrik izaten nintzen lanak egiteko. Bakarrik aritu behar hori izan zen niretzat lanaren alderdi gogorrena. Garai hartan ez zegoen telefonorik udaletxean eta aldameneko etxera joan behar izaten genuen konferentzia eskatzera. Udaletxe azpian ikastetxea zegoen, alde batean mutilena eta beste aldean neskena. Orain elkartea dagoen tokian, taberna jarri zuten geroago eta han lan egiten zutenak, udaletxeko lehen solairuan bizi ziren. Udaletxea berritzeko lanak ere ezagutu nituen geroago. Adunarra ez izan arren, herria pixkanaka aldatzen eta hobetzen nola joan den ikustea egokitu zait eta poza ematen dit nola dagoen ikusteak. Udalak lan handia egin du gauzak hobetzeko: Industriguneak sortu dira, etxebizitzak egin dira…”.  

Gidabaimenik gabe
Donostian bizi da Pepi eta gidabaimenik ez duenez, Adunara etortzeko bide ezberdinak landu behar izan ditu urteotan: “Hasieran, senarrarekin moldatzen nintzen, baina Oiartzunen lanean hasi zenean, eskolako irakasle batekin etortzen nintzen. Hura ere Donostian bizi zen eta hark ekartzen ninduen. Eguerdian, senarra etortzen zen nire bila. Azken urteotan senarrarekin egin ditut joan-etorriak”.
“Pena ematen dit lana uzteak, oso gustukoa dudalako, baina noizbait utzi beharra dago eta garaia iritsi dela uste dut. Senarra ere jubilatuta dago eta gauzak lasaiago hartzeko garaia da. Adunan lanean aritu naiz, baina lana baino zerbait gehiago izan da Aduna niretzat, sentipen berezia daukat herri honekiko eta askotan etorriko naiz bisitan”, azaldu du Pepik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!