Bertxin Elkartea, jendea mugiarazten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:37

Bertxin Elkartea Andoaingo jubilatu eta pentsionisten elkartea da. 2006an sortu zen izen horrekin, aspalditik zetorren elkarteari lekukoa hartuz.

Erretiratu edo jubilatuek Benidorren eguzkia hartu eta kartetan edo bingoan jokatu besterik ez dutela nahi dio topikoak. Hara bi datu, uste zabaldu hori hankazgoratzen dituenak: Andoainen ez dago hainbeste ekitaldi antolatzen dituen beste elkarterik, ezta horrenbeste bazkide kopuru duenik, 1.350 alegia. Gainera, erruz ari zaie gehitzen kopuru hori, 40 bazkide berri baititu 2009 urtea hasi zenetik.
Juan Antonio Arriet idazkariak adierazi duenez, “66.440 euroko aurrekontua izan zuen elkarteak 2008an. Andoaingo Udaletik jasotako 20.000 euro kenduta, gainerako diru sarrera batetik bazkideen kuotetatik (6 euro) eta bestetik antolatzen diren ekitaldietan erabiltzaileek ordaintzen dutenetik etorri zitzaion elkarteari”. Kopuru horiek, azken batean, zuzendaritza batzordea burutzen ari den lanaren tamaina egokia ematen dute.

Ekitaldi ugari
Jendea mugimenduan jartzea da zuzendaritza taldearen filosofia, beraz: “jende erretiratua mugi dadin, aisialdiarekin eta kulturarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi eskaintzen saiatzen gara”. Gutxi asko, parte hartzera bultzatu nahi dute jendea: “Ez dadila erosokerian erori. Adibidez, urtero antolatzen dugun Bertxingo ibilaldi neurtuan, izan ohi dira zizka-mizkara bakarrik azaldu nahi dutenak, ibilaldi luzeetarako ez direla gai esanda; horiek ere animatu egiten ditugu, ibilbide motzagoa egin dezaten besterik ez bada ere”.  
Elkarteak bost opor saio antolatzen ditu urtean zehar, Arrietek zehaztu digunez: “2009rako astebete eta bi aste bitarte irauten dutenak jarri ditugu: kruzeroa Mediterraneoan zehar, kultur txangoa Salamancan, udaberriko txangoa Costa Bravan eta udazkeneko txango bana Benidorm eta Calpen”.
Zazpi dira, berriz, egun bateko kultur irteerak: Ondarroa, Bermeo, Biarritz-Elizondo, Iruñea-Lesaka, Santoña eta Ordizia-Etxarri Aranatz. Horiei, oinezko beste bi irteera batu behar zaizkie. “Lehena Bertxingo txangoa da. Urteko ekintzarik arrakastatsuena da akaso. Txapelara joan etorria egiten da; bidean jatekoa eta edatekoa ematen zaie parte hartzaileei eta gero amaieran, elkartean bertan zizka-mizka eta dantzaldia antolatzen da; egun osoko jaia da eta jendeak erruz estimatzen du”. Aurten Buruntzaldeko jubilatuekin egin nahi duten irteera nola eta zein egunetarako prestatu, lan hori darabilte eskuartean oraintxe”.
Ekitaldi horiez gain, urte osoko iraupena duten zenbait jarduera ere badauzkate martxan: “20 lagunek osatutako eskulangintzako taldea, ia 70 pertsonentzako memoriaren tailerra, 120 pertsonentzako mantenimenduko gimnasia, eta ostegunetako bingoa”.
Azken urtetan polemika gai izan den San Juanetako bazkaria ere aipagai izan du, Jose Luis Crego, lehendakariak, “orain arte egin den eran bi arazo ikusten genituen, mahai-lagun kopuru mugatua (450) jartzen zitzaigula, eta ez zegoela argi non egin behar zen (Arrateko azpian edo kanpoko jatetxeren batean). Aurten erabaki dugu gure bazkideen Sanjuanetako bazkaria nazioarteko adin nagusikoen egunarekin batera jartzea, urriaren 1ean alegia. Udalak 80 urtetik gorakoentzat antolatzen duena, berriz, Sanjuanetan mantenduko da”.
Udala aipatzen hasita, elkarteak badu zertan kexatua. Ekonomikoa da lehena, Crego lehendakariak ohartarazi duen bezala: “ekitaldi ugari antolatzeaz gain jende kopuru izugarria mugitzen dugu, ehundaka pertsona askotan! 20.000 euroko diru-laguntzarekin, ordea, mirariak ezin dira egin”. Bigarren kexuak espazioarekin du zerikusia: “Txikia geratu zaigu Olabideko egoitza. Geroz eta jende gehiago etortzen da hainbat ekitalditara, baina ez dago lekurik denei kabida emateko. Udalak, bitartean, ez du irtenbiderik eman nahi”.
Egoitzaren mugikortasun eza ere kezka iturri da elkartearentzat: “Bigarren solairuan daude elkartearen eta hainbat ekitaldiren egoitzak, baina igogailurik ez dago horietara iristeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!