Aiztondoko Klasikaren inguruan solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:35

Froga garrantzitsu bezain entzutetsua da Aiztondoko Klasika. Joxe Ramon Aierza asteasuarra antolaketa lanetan aritzen da eta ardura horren nondik norakoen berri eman du.

Zazpi urte bete dira lehendabiziko Aiztondoko Klasika ospatu zenetik. 23 urte azpiko eta elite mailako txirrindulariek parte hartzen dute eta estatu mailako koparen barneko froga da. Joxe Ramon Aierzak azaldu du nola sortu zen froga antolatzeko aukera: “Lasarten antolatzen zen kopako froga bat antolatzeari uztea erabaki zuten eta federakuntzatik, Asteasuko Aitzondo elkarteko kideei luzatu ziguten gure bailaran lasterketa bat antolatzeko proposamena. Guretzat oso zaila zen bakarka antolatzea eta proiektua asko gustatu zitzaigunez, inguruko zenbait elkarteri egin genien proposamena. Amasa-Villabonako Irrintzi eta Behar-Zana elkarteek berehala erabaki zuten parte hartzea. Aiztondo bailarako Udaletara jo genuen laguntza ekonomiko bila eta Adunakoekin elkartzean, bertako Muxkil elkartea ere parte hartzeko prest zegoela esan ziguten. Lau elkarteen artean Aiztondoko Klasika antolatzeko elkarte berri bat osatu genuen”.

Sei herri, sei lasterketa
Ia berrehun txirrindulari mugitzen dituen lasterketak, diru asko eskatzen du eta horretan, Aiztondo bailarako Udalen dirulaguntza ezinbestekoa izan da urteotan: “Sei Udalekin hitz egin eta sei urtetan lasterketa antolatzeko konpromisoa lortu genuen. Herri guztiei protagonismo bera emateko, urtero irteera eta helmuga puntuak txandatuz joan gara. Aurten osatu dugu sei lasterketen kopurua eta laster, Udal guztietara jo beharko dugu datozen urteei begira akordio bat lotu ahal izateko. Beste zenbait erakundek eta enpresa pribatuk ere laguntza ekonomikoa eskaintzen digute, baina Udalek betetzen dute gastuaren zatirik handiena. Txirrindulari taldeei bidaia ordaindu behar zaie eta hor joaten zaigu aurrekontuaren zatirik handiena”, azaldu du Joxe Ramonek.
Estatuko kopako puntuagarria da Aiztondoko Klasika: “Gehienez 28 taldek har dezake parte eta horietatik hamabost, kopako sistema horren barnean egiten den sailkapeneko lehenak izaten dira. Guk beste hamairu talde gonbidatzeko aukera izaten dugu eta normalean euskal taldeei luzatzen diegu gonbitea. Azken urteotan, talde askok adierazi digu parte hartzeko nahia, baina guk 28 taldeko muga hori errespetatu beharra daukagu. Froga garrantzitsua da eta jendea oso gustura etortzen da”.

Ibilbide gogorra
148 kilometroko ibilbidea du klasikak: “Lasterketa gogorra da, aldapatsua delako. Talderen batek pixka bat luzatzeko eskaera egin izan digu, baina denboraldi hasiera dela kontuan hartuta, nahikoa dela iruditzen zaigu. Lasterketaren hasieran Ordiziara joan-etorri bat egiten da eta ondoren, bailarako herrietan barrena ibiltzen gara, itzulika. Hori taldeen gustukoa izaten da, beraien barne antolaketako lana errazten duelako: txirrindulariei jakiak edo edariak ematea… Gainera, jende asko izaten da bide ertzetan lasterketa ikusten eta hori beti izaten da gustagarria. Froga garrantzitsua da Aiztondokoa. Orain arte garaipena lortu duten txirrindulari guztiek, profesional mailara pasatzea lortu dute”.
Lan handia eskatzen du Aiztondoko lasterketa antolatzeak. “Azaroa aldera hasten gara lehen bilerak egiten eta lasterketa hurbiltzen den bezala, geroz eta lotura gehiago eskatzen du, baina gustura egiten dugun lana da. Lehendabizikoa izan zen zailena, orain, egina dagoen molde batera egokitzen joatea da. Elkarte bakoitzeko hiru pertsona inguru aritzen gara buru-belarri eta lasterketa egunean ia 150 pertsonak lan egiten du”, azaldu du Joxe Ramonek.

Sarasolara igoera
Martxoaren 8an jokatu zen aurtengo klasika. “Martxoko lehen igandean izaten da, baina aurten hauteskundeekin batera egokitzen zela eta, bigarren igandean egin da. Berrikuntza nagusi bat sartu zen aurtengo ibilbidean. Sarasola sagardotegiko gainera igoera egin zen eta, beldur pixka bat ematen zigun arren, oso ondo atera zen eta jendearen gustukoa izan zen. Eguraldiak ere lagundu zigun, lasterketa bizia izan zen, eta denak oso gustura geratu ginen”, adierazi du Aierzak. “Eguraldiarekin arazoren bat edo beste eduki izan dugu. Urte batean, elurra zela eta froga bertan behera utzi beharra izan genuen. Horregatik, sei lasterketa egin badira ere, zazpi urte daramagu antolatze lanetan. Horrelakoetan, gogorra egiten da horrenbeste denboran lanean aritu ondoren, bertan behera utzi beharra, baina ez zegoen beste irtenbiderik”, gaineratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!