Zuhaitz eguna Pello Errotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:33

Liburuak eta koadernoak eskolan utzi eta aitzurrei helduta pasa zuten joan den asteko astearte arratsaldea Pello Errotako gaztetxoek. Dozenaka zuhaitz landatu zuten Matxintxulo inguruan.

Urte asko daramate Pello Errota ikastetxean zuhaitz eguna ospatzen. Asteasuko zein Larraulgo gune ezberdinetan egin izan dituzte landaketak eta aurten, Matxintxulo inguruan aritu dira. Bigarren, hirugarren eta laugarren mailako haurrek egin zuten landaketa. Etxetik ekarritako aitzurrekin, Udal langileen eta irakasleen laguntzaz aritu ziren lanean. Tamaina egokiko zuloa egin, zuhaitz landareak sartu eta lurrez estali; gustuko lana izan zen guztientzat.
Fruta-arbolak aukeratu zituzten aurtengo zuhaitz egunerako: sagarrondoak, udareondoak, gereziondoak, brinoi landareak…, baita limoiondo edo mandarinaondoak ere.

Binakako lana
Bidegorriaren inguruan aritu ziren taldeko txikienak, binaka. Batek landareari eusten zion bitartean, aitzurarrekin egin beharreko lanak egiten zituen lagunak. Lanak amaitutakoan, plastikako gelan margotutako harri koloretsuak jarri zituzten zuhaitz landatu berrien ondoan, ingurua are gehiago apaintzeko. Hirugarren eta laugarren mailakoak Matxintxuloko bidean aurrera joan ziren, bide ertzean prestatutako guneetan landaketak egitera. Eguraldia lagun izan zuten eta aurreko egunetako euriaren eraginez lurra lokaztuta bazegoen ere, gustura aritu ziren.
Udaberria aurreratzearekin batera hostoberrituko dira zuhaitz gazteak eta bizpahiru urte barru lehen fruituak emango dituzte. Landatzaile gazteek, zuhaitzak ikustera gerturatzeko asmoa badute, baita haien fruituak dastatzekoa ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!