Gazte Lekua, Gabonetarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:31

Gazteria arloa garatzeko, Beatriz Mena donostiarra lanean ari da. Olaederra kiroldegiaren kanpoaldeko Gazte bulegoan, urtarrilaz geroztik.

Ezer baino lehen, herri mailan orain artean gazteria alorrean egindako lana aztertu du gazteriako Udal teknikari berriak: eragileak, ekintzak, dinamikak… Behin azterketa hori eginda, aurrera begirako planifikazioa osatu ahal izateko. Une honetan nerabeei zuzendutako diagnosia burutzen ari da, urte amaierarako haiei zuzendutako zerbitzua zabaltzeko asmoa baita, “LH6 eta DBHko ikasleen artean egin dugu galdeketa. Zein behar sumatzen duten, zer edukitzea gustatuko litzaiekeen, nola baloratzen duten herrian daukatena edo zer eskain diezaiekeen herriari galdetu diegu. Baita haiei zuzendutako ekintzak abian jarri baino lehen haiekin elkartu beharko ote genukeen, euren iritziak eta proposamenak jasotzeko ere”. Oraindik diagnosiaren emaitzak jasotzen ari bada ere, nerabeek herriari zer eskainiko lieketen galderari, besteak beste, alaitasuna, ideia berriak, gazte giroa, edo iritziak erantzun dutela aipatu du Beak eta parte hartze hori bultzatzea benetan garrantzizkoa dela uste du, “gazteak gizartearen isla diren arren, gaitz guztiak leporatzen zaizkie beti: ez dutela parte hartzen, oso apalankatuta daudela, berekoiak direla… Gazteek bezala, helduek ere ez dugula parte hartzen konturatu beharko genuke”.

Gazte Lekua, Katea etxean
Haurrek eskaintza zabala badutenez, garatu beharreko lehentasunezko adin tartea nerabeena dela ondorioztatu dute eta 12-17 urte arteko gazteei zuzenduta, Gazte Lekua zabaltzeko lehen pausoak eman dituzte. “Nerabeei begira ez da ezer handirik antolatzen herrian eta adin tarte horretan bereziki, gertutasuneko pertsona behar dute, hezitzaileak edo dinamizatzaileak izango direnak. Lasai egoteko eta lagunak egiteko lekua ere behar dute; herrian eragiteaz gain, beraiek ere libre sentitzeko gunea”. Epe laburrean Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Kale Berriko Katea etxea egokituko da haientzat (lehengo haurtzaindegia). “Apustu garrantzitsua da, Udalari gastu handia ekarriko diona. Aurtengo Gabonetarako martxan jarri nahi da Gazte Lekua baina, hori baino lehen, prozesu parte hartzaileari ekingo zaio”. Prozesu hori hezurmamitzeko dinamizatzaileak kontratatuko dira, “batetik talde ezberdinak sortzeko eta bestetik, nerabeen iritziak jasotzeko. 12-14 urtekoak edo 15-17 urtekoak oso ezberdinak direnez, dinamika ezberdinak jarriko lirateke martxan. Udalak erabakitako margenen barruan, hainbat erabaki hartzeko aukera emango zaie gazteei: barruko txokoa, nolako materiala ekarri, zein ekintza antolatu, egutegia, antolamendu arauak…”. Parte hartzearen bidez gauza asko lortzen dela uste du Beak, horien artean zerbitzua eraginkorragoa izatea. “Gazte Lekua eginda emandako zerbait izan beharrean, guztiek parte hartu duten proiektua izan dadin lortu nahi da. Eragiteko aukera handiagoa izango da modu horretan”.

Nerabeekin harremana
Andoainen, Urnietan edo Astigarragan bezala, herri askotan daude gazte lekuak eta ondo funtzionatzen dute, “ezin da espero nerabe guztiak bertan biltzea baina, oso garrantzitsua da momentu ezberdinetan biltzeko lekua izatea, gazteentzat erreferente bat izango baita. Bi dinamizatzaile/hezitzaile aurreikusten dira bertan”. Beak azaldu duenez, Gazte Lekuaren helburua ez da ekintzak martxan jartzea; nerabeekin batera harremana sortu eta harreman hori hezitzaileek gazteen autonomia garatzeko eta informazioa emateko izatea baizik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!