Castro eta Garmendia espetxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:28

Aurreko zenbakian, aldizkaria martxoaren 3an inprentara bidali zen egunean, Manex Castro Ertzaintzaren eskuetan inkomunikatuta zegoela esaten zen.  

www.aiurri.com gunean ere jarraitu ahal izan denez, gertaera mordoa izan da ordudanik. Batetik, bost egun inkomunikatuta igaro eta gero, martxoaren 5ean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera eraman zuten Manex deklaratzera. Deklaratzekorik ez zeukala adierazi zuen. Epaileak, ETAko komando bateko kide izatea leporatu eta Lazkaoko PSOEko egoitzako nahiz Hernaniko atentatuetan parte hartu izana egotzita, Soto del Real-eko espetxera bidali zuen preso. Bien bitartean, inkomunikatuta egon zen egunetan Ertzaintzaren eskutik torturak jasan izana salatu zuen Castrok abokatuaren aurrean eta deklarazioa torturen presiopean sinatu zuela gaineratu. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Manexen hitzetan oinarritutako tortura deklarazioa publiko egin zuen martxoaren 10ean: “…Nik bi ekintza egin nituela esaten ez banuen, hiru urtetik hona egin ziren ekintza guztiak egotziko zizkidatela zioten”. Deklarazioa kaleratu ondoren, Ertzaintzak protokoloa erabili zuela eta bost egun horietako bideoa Madrilgo Audientzia Nazionalera bidali zela adierazi zuen Miren Azkaratek. Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bideo hori herriko plazan bertan botatzeko eskatu zuen, torturarik izan ez dela segurtatzeko.

Isolamendu egoeran
Bestalde, martxoaren 4an, Castro oraindik inkomunikatuta zegoela, Mikel Garmendia gaztea atxilotu zuen Ertzaintzak hortz klinikatik atera zenean. Mikel ere Soto del Realeko espetxean dago preso. Dirudienez, Castrori furgoneta utzi izana eta ondorioz, kolaborazioa leporatzen dio epaileak. Familiak, operazioa oraindik irekita dagoela eta kasua sekretu sumariopean dagoenez, ezer ez dakitela adierazi du, “prentsak esan duena besterik ez dakigu etxekoek nahiz abokatuek. Ez digute ezer jakinarazi. Mikelek lasai dagoela eta deklaratzeko arazorik ez daukala dio”. Bai Manex nahiz Mikel isolamendu egoeran daude Soto del Real-eko espetxean.
Villabonako Ezker Abertzaleak gogor salatu zituen bi atxiloketak eta baita herrian izan zen indar polizialen presentzia eta jarrera ere. Martxoaren 6an inkomunikazioak tortura ahalbidetzen duela zioen mozioa onartu zuen udalbatzak. Tortura nahiz atxiloketak salatuz, hainbat elkarretaratze eta aurkezpen egin da hilabete osoan zehar.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!