Larraulgo Udaleko webgune berria

Udalerriaren inguruko informazio osatua eskaintzeko sortu da www.larraul.net gune berria. Duela hilabete gutxi sortu zen eta informazioa osatzeko lanetan ari dira orain.

Foru Aldundiaren ekimenez, Gipuzkoako Udaletako webguneek egitura bera izango dute etorkizunean. Ekimen horri jarraituz, eta IZFE enpresaren laguntzaz, gune berria osatu dute Larraulgo Udalean. Igor Barandiaran zinegotziak hartu du webgunearen ardura: “IZFE enpresak sortu du Udal guztientzako egitura bera duen orria. Ikastaro batzuk egin ditugu datuak nola sartu ikasteko eta hemendik aurrera, gurea da lan hori egiteko ardura. Modu horretan, Udal guztiek egitura bera dute, eta edukia da aldatzen dena”.
Gune berria sortzerakin bat, www.larraul.com gunea desagertu egin da. “Enpresa pribatu batek kudeatzen zigun gune zaharra. Larraul.net-en sartu beharreko informazioa enpresa horren eskuetan zegoen eta denbora dexente behar izan dugu informazio hori guztia berreskuratu ahal izateko. Lortu dugunean, pixkanaka webgune berrian txertatzen hasi gara. Denbora tarte pixka bat beharko dugu guztia guk nahi bezala osatzeko”, azaldu du Igorrek.

Etorkizunari begira
Herriko argazkiak, historia, zerbitzuak eta beste hainbat informazio dagoeneko eskura dago www.larraul.net gunean. “Plenuetako aktak, bandoak…, dokumentu asko egokitu behar da gunean modu egokian zintzilikatu ahal izateko eta prozesu horretan murgilduta nago orain. Horrez gain, denborarekin herritarrei zerbitzu berezia eskaini nahi zaie, Udalean egin beharreko gestio ezberdinak internet bidez egiteko aukera eskainiz. Esate betarako, herrian erroldatzea, ordaindu beharreko zergen zerrenda eta egoera kontsultatzea…, etab. Oraindik urruti samar ikusten dugu zerbitzu hori emateko aukera, baina gure helburuen artean dago”, adierazi du.  
Igor Barandiaranek hartu du gunea eguneratzeko ardura: “Ez da lan erraza, batez ere denbora eskatzen duelako. IZFE enpresak sortutako programa berezia erabili behar da eta programa hori udaletxean bakarrik dago, horregatik, bertara joan beharra dago gunean gauza berriren bat sartu nahi den bakoitzean. Oztopoa eragiten  du horrek, hala ere, pixkanaka osatzen ari gara”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!