Argazkilaritza ikastaroa Atxulondon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 16a, 16:24

Iñaki Uranga Amasan bizi den azpeitiarrak eskainiko du ikastaroa. Urteak daramatza argazkilaritzari lotuta, batxiler artistikoa egin zuenetik.

Argazkilaria, lanbidez ala afizioz?
Lehen argazkilari izan nintzen lanbidez, orain afizioz ibiltzen naiz. Nahiago izan dut bata bestearekin bereizi eta argazkilaritza hobby moduan gorde.
Argazkilaritzan sektore ezberdinetan egin dut lan, profesional modura. Batetik, ezkontzetako nahiz bestelako erreportari moduan aritu nintzen lanean. Bestetik, publizitate nahiz modako argazkigintzan ere lan egin nuen. Argazki liburuak ere egin izan ditut eta prentsarako argazkilari ere izan nintzen, Egunkariarako. Denetarik egin dut. Niri erretratua gustatzen zait gehien.

Ikastaroak ematen ere ibili izan al zara?
Zuzenean edo zeharka jendeari ikastaroak ematea egokitu zait. Jardunda nago, bai, ikastaroetan.

Azken urteetan argazkiak egiteko modua aldatzen ari da, ezta?
Argazki mundua asko aldatu da eta egun gehiago jotzen da argazkilaritza digitalera eta ordenagailuetara. Garai batean laborategiko lanak zuen indar gehiago eta batzuek laborategiko xarma horri eutsi badiote ere, gaur egun bizi garen abiadurari begiratuta, zaharkituta geratu da zertxobait teknika hori.

Argazkilaritza digitaleko ikastaroa eskainiko duzu Zizurkilen. Zein dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaroa emateko deitu ondoren neronek finkatu ditudan helburuen artean, parte hartzaileak ikastaroan gustura egotea eta jakina, argazkilaritzaz ikastea aipatuko nituzke bereziki. Batik bat, ikastaroan izena ematen dutenak ikasi dutenarekin gustura ateratzea nahiko nuke.

Teoria eta praktika landuko al dituzue?
Teoria eta praktika uztartuta planteatu dut ikastaroa. Klaseetan teknika, teoria eta praktika lotzea gustatuko litzaidake eta saio bakoitzean, hurrengorako betetzen joateko helburuak jartzea. Lehen saioan bakoitzaren maila ikusi eta horren arabera antolatuko nuke ikastaroa. Bakoitzak ateratako argazkiekin proiekzio moduko bat eskainiko genuke azken egunean, norberak ikasitakoa erakutsi eta balorazioak egiteko. Garrantzitsua iruditzen zait balorazioak egiten ikastea: besteek atera dituzten argazkiei punta atera eta baita norberak egin duen argazkiaren gainean besteek zein ikuspegi duten ikustea ere. Parte hartzaileek astero jartzen den gai horren inguruko argazkiak klasera ekartzea gustatuko litzaidake.

Landuko dituzuen gai teorikoen artean aipatuko al zenuke bat edo beste?
Lehen egunean, bakoitzaren helburuak eta norberaren ezagutza maila ezagutu ondoren, gai teknikoen aipamena egingo nuke, argazkilaritzaren oinarria nolabait. Bigarren klasean argia eta koloreak landuko genituzke. Hori izan daiteke jendearentzat gairik astunena baina, modu errazean ematen saiatuko naiz. Objektiboa, mugimendua, flaxa, enkuadrea edo sormenarekin lotutako erretratua ere landuko ditugu, besteak beste. Egun programa informatikoek eta batik bat photoshop-ek daukaten pisua ikusita, gai hori zertxobait lantzea ere pentsatzen dut.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa?
Deialdia irekia da eta bakoitzaren maila ikusita, landuagoa edo sinpleagoa egingo nuke, parte hartzaileen maila eta nahiaren arabera ikastaroa moldatuz. Niri ikastaroa intentsoa izatea gustatuko litzaidake eta oreka topatzen ahaleginduko naiz, gutxien eta gehien dakitenak, bi alderdiak gustura egon daitezen.

Martxoaren 26an hasi eta maiatzaren 21 arte, Atxulondo Kultur Etxean ostegunetan eskainiko da ikastaroa 19:30etatik 21:00etara. Bakoitzak bere kamera eraman beharko du saioetara. Ikastaroaren prezioa: 30 euro.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!