Kirmen Uribe idazlea Egape ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:25

1970eko  urriak 5ean jaio zen Ondarroan. Bilbon bizi izan zen, Gasteizen ere bai hamabost urtez, eta berak dioen moduan, “mundutik hainbat buelta eman eta gero”  berriro Ondarrun bizi da. Egape ikastolan, ikasle taldeekin egindako bileren ondotik tartetxo bat hartu du Aiurrirekin egoteko.

Zer irakatsi diezu Egapeko ikasleei?
Kirmen Uribe: Irakatsi nahi izan diet idazlea pertsona arrunta dela, ez dela pertsona berezi bat. Baita ere, literatura ez dagoela lotuta gauza triste eta serio batekin, umorearekin egin daitekeela.

Nola gogoratzen dituzu ikastolako garaiak?
K.U.: Ni Ondarruko Zubi zahar ikastolan ibili nintzen. Oso oroitzapen onak ditut, ume lotsatia nintzen, argia, baina pixka bat alferra. Nota onak ateratzen nituen baina azken orduan ikasten duten horietakoa nintzen.

Gero Gasteizera joan zinen Euskal Filologia ikastera.
K.U.: Bai literaturak erakartzen ninduen betidanik. Institutu garaian erabaki nuen idazle izan behar nuela. Horrexegatik ikasi nuen euskal filologia Gasteizen. Eta konturatu nintzen filologian literatura ez dela horrenbeste lantzen, hizkuntza lantzen dela batez ere. Baina jende oso interesgarria ezagutu nuen han, Mikel Urdadangarin, Jon Maia, Igor Elorza, Anari... Eta hainbat idazle ere bai. Oso atsegina izan zen.

Eta ondoren, Italiara.
K.U.: Italiara joan nintzen han oso onak direlako literaturan. Batez ere literatur teorian dira onak. Ikusi besterik ez dago Italo Calvino eta abar. Tradizio luzea dago, eta uste dut oso toki ona dela literaturarako, eta  orokorrean humanitateetarako.

Hogei urte bete dira intsumisio kanpaina abian jarri zenetik, zu intsumituetako bat izan zinen.
K.M.: Bai intsumisoa izan nintzen. Uste dut asko dugula ikasteko mugimendu hartatik. Mugimendu espontaneoa izan zen, denboran ezin izan zuen iraun, behin soldaduska kendu zutenean desegin egin zen, baina hala ere urte haiek zoragarriak izan ziren. Mugimendu anitz bat sortu zen, mugimendu zibila, ez bortitza, eta gainera zerbait lortu genuen! Nik asko ikasi nuen, eta nahiago nuke horrelako mugimendu gehiago baleude.

Erabaki hark kartzelara eraman zintuen, idazteko egoera aproposa?
K.U.:  Kartzelan egon nintzen, kondena urtebetekoa izan zen, baina zazpi hilabete egon ginen barruan, Basaurin. Ez nuen askorik idatzi. Idazteko orduetan siesta egiten nuen, esan nahi dut idazteko ondo egon behar dudala, lasai, eta kartzelan ez nengoen egoera horretan. Batzuk lortzen dute idaztea, baino uste dut oso zaila dela. Zure buruarekin ondo egon behar duzu idazten hasteko. Kartzelan zaudenean beti zaude kanpokoekin pentsatzen, burua ez daukazu horretarako.     
Munduan zehar ibili izan zara hainbat poesia jardunalditan, zer eskaintzen duzu?
K.U.:  Hizkuntza da eskaintzen dudana. Gurea bezalako herri txiki bateko kultura eramaten dut, eta lehenengo gure hizkuntzan errezitatzen dut, gero itzulpena irakurri aurretik. Eta jendeari erakargarria egiten zaio gurea bezalako kultura txiki bat. Oso arrakastatsuak izan dira gainera. Sari ugari eman dizkidate.

Atzerriko testuak itzuli dituzu euskarara, zein helbururekin?
K.U.: Hori egiten dut neronek ikasteko. Gustatu zaidan testu hori euskaratuta nola geratzen den jakiteko kuriositateak eramanda, eta baita ere nire burua poema horiek idazten ikusteko.

Ahozkotasunaren zer garrantzi du zuretzat?
K.U.:  Handia, ni ere idazlea naiz historiak kontatu dizkidatelako, horrek bultzatu nau. Eta ez da berdin irakurri edo entzutea, badago jende bat irakurriko ez zaituena, baina zure irakurketa bat entzutera joango dena. Ahotsa jartzeak indar handia ematen dio testuari.

Zutabegile ere bazara, zer esateko?
K.U.: Zutabeak nire “egunerokoak” dira, hor idazten dut niri edo nire lagunen bati gertatutako zerbait, atentzioa eman didan zerbait, irakurri dudan zerbait... Batez ere istorioak kontatzea gustatzen zait, iritziak ematea baino.

Zitak erabiltzea gustuko al duzu?
K.U.: Zitak erabiltzen ditudanean, interesa pizteko egiten dut. Adibidez, atzerriko idazleren bat aipatzen baldin badut, gero irakurri dutenek Internetera jo eta idazle hori bilatu dezaten egiten dut.

Zergatik irakurri behar da Bilbao-New York-Bilbao, zure lehenengo eleberria?
K.U.: Historia oso politez osatua dagoenez, irakurleak ondo pasako duelako.

Portukoplak liburuan, honako aipamena egiten duzu: “poesia ona zaila da. Baina batzuei ematen du erraz-erraz ateratzen zaiela poesia ona, Xabier Leteri esate baterako”.
K.U.: Irakurri dut bere azken liburua, eta oso ederra iruditu zait. Seguru ez dela erraz egindakoa, poeta handiek beti zalantzak izaten baitituzte, eta ziur Xabierrek ere bai. Liburu horren atzean garbi ikusten da ofizioa duen poeta handi bat dagoela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!