Ordubeteko iraupena izango duen egitaraua bitan banatuko da. Txistularien saioa etorriko da lehenbizi, eta honako errepertorioa entzun ahal izango da: Zortzikoa, Alborada (kontrapasa, zortzikoa, fandangoa eta ariñ-ariña), Minue, Eibarko kontrapasa, Sorgin-dantza eta Euskal bilera (rapsodia).
Ondoren, txistulariek eta Susana Cencillo soinu jotzaileak batera jardungo dute. Hala ere izeneko kanta eta Vals-a aldaketekin joko dute.
Cencillok adierazi duenez, Hala ere Lurdes Iriondoren kantu enblematikoena da. “Xabier
Letek letra jarri zion eta Iriondok musika. Gero Joxan Goikoetxeak moldatu egin du, bertsio instrumentala bihurtzeraino. Moldaketarekin, kantak bere sentikortasuna mantentzen duela uste dut”.
Soinua musika eskolako arduradunak piska bat utzita dauzka akordeoien emanaldiak, baina ilusio handiarekin ari da prestatzen larunbateko kontzertua. “Azken aldian lauzpabost kontzertu baino ez ditut ematen urtean zehar, eta bereziak izaten dira aukera horiek”. Orain bi urte arte bizitu izan zuen kontzertuz beteriko ibilbidea gogoratu du: “Hainbat taldeetan eta hainbat musika mota jotzen nuen. Soinu Bizia seikotearekin ganbara musika; Sertao taldearekin jazza eta bossnova, eta Piccolo Ensemble taldearekin jazz estandarra”.
Entsaioetan txistulariekin armoni onean jartzeko arazorik ez duela eduki adierazi du Cencillok: “garai batean txistulari banda honekin kontzertu eta dianetan txistua jotzen nuenez, ez zait batere kostatu”. Gainera, ez da lehen aldia elkarrekin jotzen dutenik modu honetara. Beste bi txandatan Santa Krutz ermitan jo izan baitute.
Txistulari bandarentzat, berriz, urtean ohiko dituen lau kontzertuetako bat da hauxe. Astean behin entsaioetara biltzen den bandako partaide guztiak hurbilduko dira Basterora: bi lehen ahots, lau bigarrengo ahots, hiru silbote (txistu luzea) eta bi atabalari.