Euskara plana Urnietako Deman enpresan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:20

Jada hamahiru enpresek abian dituzte edota euskara planak gauzatzen hasteko lanetan murgilduta daude. Urnietan lehenbizikoz, Deman enpresak eman du aurrerapausoa alor honetan.Krisialdi ekonomikoak hainbat enpresa gogor jo dituen honetan, bada kalitatearen aldeko apustua egiten jarraitzen duenik ere. Hizkuntzaren alde egitea ere kalitatearen alde egitea baita.

Zergatik erabaki zenuten euskara plana martxan jartzea?
Xabier Elizegi: Azken batean gu mugitzen garen esparruan, aukera eman nahi genien gure langileei nahi duenak euskaraz lan egin dezan, baina baita ere gure bezeroei. Hainbat enpresetan euskara planak jorratzen dituztelarik, guk ere esfortzua egin beharra zegoela kontsideratu dugu. Ildo horretan joan da, gure erabakia hartze hori. Geroz eta gehiago jorratzen goazen heinean, pentsatzen dut gure bezeroek ere estimatuko dutela gure zerbitzua.

Deskriba ezazu zuen enpresa.
X.E.: Gure enpresa zerbitzu enpresa bat litzateke, 50-100 langile bitartekoa. Makina automatikoen alorrean, kafea, edari hotzak eta beste hainbat produktu eskaintzen ditugu. Denetariko bezeroak ditugu; industriak, areto publikoak… Gure langileriaren %90a gure egoitzatik eta Urnietatik kanpo mugitzen da.

Euskara planari dagokionez, une honetan zer fasetan dago?
Urtzi Axpe: Demanek bezeroei eta bertako langileei ahalik eta zerbitzu onena eskaini nahi die. Aurten egingo dugun lana Demaneko bezeroak zeintzuk diren aztertzea izango da. Deman eta enpresen arteko harremana nolakoa izatea nahi duten; euskara hutsean, bi hizkuntzetan, edota dagoen bezala utzi nahi duten. Gero, datu base batean bezero moten inguruko sailkapen bat egingo dugu. Eta horietariko askok badakigu euskara planak dituztela. Horregatik, ahalegin berezia egingo dugu horiekin harremanak euskara hutsez izan daitezen. Eta gero barrura begira, Demanen programa informatiko bat aldatu behar dute. Euskaraz jartzeko dagoen aukera aztertuko dugu.

Aurrera begira zer pauso eman nahi dituzue?
U.A.: Datorren urtera begira, langileen artean ere euskararen erabilera handitzeko konpromisoak hartu nahi lirateke. Demanen egoera nahiko berezia da ordea, langile gehienak enpresatik kanpo lan egiten dutelako eta hor jada, konpromisoak hartzearen kontua zaila da.

Zer abantaila ditu euskara plan batek?
U.A.: Enpresarentzat euskara plana bera balio erantsia da. Eta uste dut gainera, epe motzean emaitzak izango dituela. Enpresak berak prestigioan irabazten baitu. Baina garrantzitsuena zuzendaritzak eta enpresak berak ideia horrekin bat egitea da eta alde horretatik oso garbi dute irabazteko guztia dutela euskara plan batekin.
Emaitzak epe motzera lortuko direla diozue. Aurreikuspenik egiterik bai orain?
U.A.: Aholkularitza lanetan ari garenetik ez dugu inoiz neurtu enpresa batek euskara plan bat izateagatik gehiago saltzen duen edo ez. Baina Demanen kasuan, beraien bezeroak ikusita, lehen aipatu bezala askok eta askok euskara planak dituzte. Batez ere, ikastetxeetatik eskaera badago euskara gaiekin. Azken aldian, idatzi bat iritsi zaigu eskerrak emanaz Demanek egiten duen ahaleginagatik, euskarazko zerbitzu bat emateko. Guk jakin badakigu horrek Demanen izena promozionatzen duela, irudi aldetik behintzat.

Eskualdean, hamahiru enpresatan euskara planak martxan dira. Hori da bidea ezta?
X.E.: Etorkizuneko bidea da. Hemendik aurrera ere lan handia dago, baina ekin behar zaio, zerbait lortu nahi baldin bada.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!