Vanessa alarguna eta Oihane alaba egun hauetan bizitzen ari diren saminarekin bat egiteko, Aita Larramendi ikastolako langile, guraso eta haurrek bilkura burutu zuten astearte arratsaldean. Isiltasunean burutu zen hamabost minutuko ekitaldia, ikastolak Bazkardon duen eraikinaren atarian.
Bi ordu beranduago, San Martin elizan, Urkolaren arimaren aldeko hileta elizkizuna egin zen. Bai eliza baita kanpoaldea ere lagunez gainezka zeuden.
Iluntzeko 20:00etan, herritarren bigarren bilkura isila egin zen Zumea Plazan, LAB sindikatuak deituta. 150 bat lagunek parte hartu zuten. Sindikatuak onartezintzat jo du 2009an lan istripuek dagoeneko bost langile hil izana Gipuzkoan, eta hamabost Euskal Herrian.
GERTAERA LATZA
Antonio Urkola Tolosa 45 urteko andoaindarra astelehenean hil zen Beasaingo CAF enpresan, lan istripuan. Goizeko 7:45etan gertatu zen ezbeharra, garabi bat konpontzen ari zela; beste garabi batek jo eta biren artean zanpatuta geratu zen. Berehala hil zen.
Urkola Tolosako Añi mekanikako tailerreko langilea zen. Enpresa hau azpikontrata gisa ari zen lanean CAF enpresarentzat. Gertaera ezagutu bezain pronto, lantegiko langile batzordeak batzarra antolatu zuen. Bertan hainbat erabaki hartu zituzten: 24 orduko lan etena egitea, bulegoen aurrean protesta egitea eta Urkolaren alargunari elkartasuna helaraztearekin batera langile bakoitzeko laneko ordu baten soldata ematea.
Sindikatuek enpresari egotzi zioten asteleheneko istripuaren erantzukizuna. Istripuan ohikoa den protokoloa ez zela bete adierazi zuten sindikatuek; gainera, lehendik ere salatu zuten garabi zubien inguruan lantegian dauden baldintza kaskarrak. Sindikatuek ere salaketa horiek denak lan istripuen prebentziorako erakunde guztien eskura jarrita zeudela aditzera eman zuten.