Krisialdia nabaritzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:09

Azken urtean Urnietan ateak ireki dituzten hiru merkatalguneetako ordezkarien iritzia, egoera ekonomikoaren harira. Guztiek horrela aitortuta, krisialdia nabaritzen ari da.

Jon Esnaola
NEI ALTZARIAK

Noiz ireki zenuten denda?
Jon Esnaola: Orain gauden pabilioia pasa zen urrian ireki genuen, baina lehenago beste pabilioi batean ginen. Han sukaldeak saltzen genituen, lau urtez aritu gara lan horretan. Ondo aritu ginen eta leku berria prestatzera animatu egin ginen. Orain denetik jarri dugu, egongelak, gelak, gazteentzako, bainugelarako, sarrerarako altzariak, sofak...

Beraz krisialdi garaian ireki duzue denda berria?
J.E.: Erabakia lehendik hartuta zegoen, eta gero egoera honekin topo egin dugu.

Krisialdia nabaritu duzue?
J.E.: Bai nabaritzen da. Guk hemen beste dendetan baino merkeago saltzen dugu, gure altzariak norberak muntatzen dituelako. Eta pentsatzen genuen nahiz eta krisi garaian egon, hori gure aldeko zerbait izango zela. Baino hala ere sumatzen dugu jendeari hona sartzea kostatzen zaiola. Nahiz eta sartzen diren ia guztiek zerbait erosten duten. Etortzen dena normalean zerbait erosteko ideiarekin etortzen da eta zerbaitekin ateratzen da hemendik.

Noiz hasi zen egoera gainbeheraka?
J.E.: Iaz jada ikusten zen. Hemen urrian ireki genuenean sofak eta koltxoiak salduz nahiko ondo mantendu ginen, urtarrila ere hor nonbait joan zen, baina otsaila okerrago.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
J.E.: Gu Ikea moduko merkatalgune txikia gara, baina bezeroarekin tratu oso zuzena izaten dugu, eta egoera hau luzaro gabe hobetuko denaren esperantza badugu.

Ainara Contreras
EROSKI BIDAIAK

Noiz ireki zen bulegoa?
Ainara Contreras: Duela bi hilabete.

Eta nolako harrera izan du?
A.C.: Momentuz espero baino hobea. Hasieran pentsatzen genuen Urnieta herri txikia izanik, agian jende askorik ez zela hurbilduko. Eta, egia esan, nahiko harrera ona izan du.

Aste santua bidaiatzeko garai egokia da, jende asko ari al da oporrak prestatzen?
A.C.: Bai. Arrakastarik handiena Eurodisney-rako bidaiak ari dira izaten, eta ondoren irletarako bidea ere askok hartuko dute, Tenerife, Lanzarote... eta gero gertuagoko bidaien aukera ari dira egiten beste batzuk, Galiziara, Asturiasera...

Zer prezio du Eurodisney-rako bidaiak, bi heldu eta bi umerekin osatutako familia batentzat?
A.C.:  Mila euro inguru. Trenez egindako joan etorriarekin 1.500 inguru horretan ibiliko da.

Beraz, esan daiteke jendeak oporretara joaten jarraitzen duela?
A.C.: Galdetzera behintzat asko etortzen dira. Eta gero ikusten dugu, baita ere, aukeren artean merkeenaren bila joaten direla.

Maiatzaren baterako edo udarako hasi dira zerbait begiratzen?
A.C.: Maiatza eta ekainerako zer dagoen begiratzen hasi direnak badira. Batzuk hartzen ere ari dira. Baina hortik aurrera ez, oraindik goizegi da.

Bukatzeko, egidazu Aste Santurako gomendio bat.
A.C.: Zirkuituak ondo daudela esango nuke: Galizia adibidez.

Luis Crespo
SOLOZABAL AUTOESKOLA

Noiztik zaudete Urnietan?
Luis Crespo: Pasa zen udatik.

Nolako harrera izan du?
L.C.: Langintza honetan ari garen guztiok bat gatoz krisialdia asko nabaritzen dela esaterakoan.

Zein dira zuen bezeroak?
L.C.: Batez ere gaztetxoak dira, hemezortzi urte bete berri dituztenak.

Zenbat bezero dituzue oraintxe bertan?
L.C.: Hamar bat izango ditugu. Ez dira asko baina bizi dugun garaia horrelakoa da.

Zenbat balio du gidabaimena ateratzeak?
L.C.: 1.500 euro inguru. Badakigu bi alditan pentsatzeko moduko prezioa dela, baina hala ere gaztetxoak gurasoak konbentzitzen saiatzen dira. Hori izaten baita beraiek nahi dutena, lehenbailehen gidabaimena atera eta kotxe bat izan edo gurasoena erabiltzea.

Egoera honek iraungo duela iruditzen zaizu?
L.C.: Nik uste dut oraindik luzaroan krisia jasatea egokituko zaigula. Guk eskaintzen duguna ez da jateko behar, ia luxu bat da, kontutan izan behar da gurasoek ordaintzen dutela, eta sarritan seme-alabei hankak geldiarazi beharrean izaten dira, dirua denerako iristen ez zaielako, eta dirua dutenek ere gastatzeko beldurrez daude.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!