Andoaingo PSE-EEk eta PPk Lehendakaritza hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:08

Halako emaitza, nolako ikuspegia. Sozialisten buru Estanis Amutxastegik Andoaingo emaitzak hizpide ditu lehendakari berriaz hitz egiterakoan, “Andoaingo emaitzak aztertzen hasita botoemaileek eman dute dagoeneko iritzia. Eta garbi dago Patxi Lopez lehendakari nahi dutela. Ez ditugu zapuztu behar, kanpaina osoan zehar gauza bakarra esaten jardun dugunean: herri honen lidergotza guregain hartu nahi dugula”. Amutxastegiren ustez etorkizuna landu behar da Patxi Lopez lehendakari izanik.

Juan Carlos Cano Andoaingo popularren bozeramaleak Lehendakaritzaz haratago, aldaketa politikoaz jardun nahi du, “Sinpleegia, okerrekoa eta etsigarria litzateke Lehendakaritzaz soilik hitz egitea. Gizartearen gehiengoak behar duena eta eskatzen duena birsorkuntza politikoa da. Joera zatikatzaileak eta sektarioak alde batera utziko dituen gobernua behar da eta etorkizuna PSE-PP alderdiek ziurta dezakete, biek elkarrekin”.

PSE-PP AURREKARIA ANDOAINEN
Andoaingo PSE-EErentzat ez da inondik inora arrotza PPrekin gobernatzea. Esperientzia hori Andoainen bertan praktikara eman baitzuten 2003-2007 udal agintaldian, “Gobernu akordioa egin genuen, bai, PP eta PSE-EE alderdien artean. Politikoki oso egoera zaila zen. 2003 urtera bitarte, gure ikuspegitik, ezer gutxi egin zen herritarren arazoak konpontzeko. Euskal Herria, presoak,… beste gairik ez zegoen. PPrekin Andoainen egoera normalizatzen saiatu ginen, elkarbizitza demokratikoan oinarrituz. Ados jarri ginen lan esparru zehatzetan. Bi alderdien aldetik izandako leialtasuna erabatekoa izan zen. Herri mailako politikan alderdien siglen gainetik pertsonak daude, eta horri esker gobernua aurrera eraman daiteke. Sor litezkeen arazo politikoen gainetik, leialtasuna adierazi genion elkarri. Akordioak sendoak izan ziren, gizarte zerbitzuen edota etxebizitza alorretan”.
Andoaingo PPrentzat ere elkarri adierazitako leialtasuna funtsezkoa izan zen, “Leialtasunak konfidantza giroa ahalbidetu zuen, gaurdaino iritsi dena. Laburbilduz, 2003an sinatu genuen udal hitzarmena oso positiboa izan zen”.

BIDELAGUNAK GASTEIZERA BIDEAN
Besterik ezean, PP da, beraz, bidelagun egokiena Amutxastegirentzat, “Oraingoz, Patxi Lopez lehendakari izateko prest agertu den alderdi bakarra izan da. Botua eman digutenek ere hori adierazten digutela esango nuke”.
Andoaingo sozialistentzat Lopezek hartu beharko luke herri honen lidergotza, hori bai, “herri osoa kontutan hartuta. Eta ez soilik herriaren zati bat”.
Canorentzat ere Lopez da hautagai egokiena, Basagoitik baino babes handiagoa eskuratu zuelako martxoaren 1ean. Proiektu politiko berria martxan jartzeko garaia dela dio, “Alderdien izenen gainetik proiektu politikoa gauzatu behar da. Aldaketarako sortu den aukera hori baliatu beharra dago programa politiko batekin, ardurak eta eserlekuak bigarren maila batean utzita. Berriro diot, hori bakarrik PSEk eta PPk egin dezakete, elkarrekin”.


Beste aukerak
EAJ-PSE HITZARMENA. Fikzio politikoan aukera gehiago egon badaude Lehendakaritzarako. Sozialisten eta jeltzaleen akordioa, esaterako. Amutxastegirentzat, ordea, “Ez litzateke ulergarria izango. Gure botuemaleek ez lukete ulertuko. Mezu garbia helarazi diegu eta hori betearazten saiatu behar dugu: Herri hau ezin dela eraiki soilik herriaren zati bat kontutan hartuz, Ibarretxek egin duen bezalaxe”.
Canok horrelakorik ez dela gertatuko desio du, “PSEk ideak oso argi edukitzea espero eta desio dut. Ez ditzala Zapaterok edota EAJren mezu apokaliptikoek fagozitatu”.

EAJ-PP HITZARMENA. Beste aukera bat jeltzaleek eta popularrek bat egitea da. Aukera hori are zailagoa iruditzen zaio Estanis Amutxastegiri, “Ez naiz ni egokiena hori erantzuteko, baina alde batetik eta bestetik zabaldu diren mezuak erabat kontrajarriak dira. Arau demokratikoen barruan sar daitekeen aukera bat da, kontraesanez beteta hori bai. Guk argi eta garbi adierazi dugu, Patxi Lopezekin aurrera jo nahi dugu. Eta, bestela, oposiziora goaz, ez da deus gertatuko”.  
Juan Carlos Canorentzat bideraezina da jeltzaleen eta popularren arteko gobernu hitzarmena, “Gaur egun, EAJ Lizarrako mendian dela, bideraezina da. Herri hau ez da sekula normalizatuta egongo eremu soziologiko eta politiko beretsuko alderdiek ezin badituzte proiektu beretsuak diseinatu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!