Gorka Julio, bokazioz ziberekintzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:07

Informatika ingeniari teknikoa da ogibidez Gorka Julio Hurtado andoaindarra. Libre geratzen zaion denboran, berriz, ziberekintzailea da. Euskal kultura eta kritika soziala, bi zutabe horiek Interneten nola txertatu, hori da bere grinarik bizienetarikoa. Horretarako bideratzen ditu Interneten webguneak eta bestelako zerbitzu birtualak.

Zertan datza zure ogibidea?
Gorka Julio: Santutxuko Elurnet informatika zerbitzuko enpresan egiten dut lan. Enpresen produkzio prozesuan teknologia berriak egokitzen laguntzen dugu. Formatzailea naiz batetik; lehenbizi, denbora hartzen dut Interneteko tresnak ikasteko eta ikasitako hori gero errealitatean nola aplika daitekeen ikusteko. Ondoren, ikastaroak ematen ditut, arlo publikoan (Eusko Jaurlaritza, EHU, HABE…) zein pribatuan.
Bestetik, garatzaile edo programatzailea ere banaiz. Software librean oinarrituta, programak aldatzen eta lokalizatzen ditut, gero euskarara itzultzeko.

Ezagunagoa da, hala ere, zure ziberekintzailearen jarduera. Nolaz ekin zenion horri?
G. J.: Nire lehengo ekintza gaztekari alternatiboa izeneko webgunea izan zen; albisteak modu kritikoan aztertzeko sortu nuen. Lasterrera Seattleko globalizazioaren aurkako mugimenduaren harira deia zabaldu zen mass mediak ordezkatzeko orriak sortzeko; euskaldunok Indymedia Euskal Herria eratzea erabaki genuen. Orduan, nire lehenbiziko egitasmoa baztertu eta indarrak Indymedia horren sorreran jarri nituen. Hortik aurrera gauzak bakarka saltseatzen hasi nintzen. Batez ere euskarak interneten dituen gabeziak bete nahirik; beste hizkuntzetan bai baina euskaraz ez zeuden zerbitzuak, haiek jorratzera.

Harraytxiki.blog laborategia, konparazio batera...
G. J.: Haritz Rodriguez eta bion egitasmoa da hori. Zertarako? Artean nork bere aldetik eginak zeuzkan tresnak eta sor ditzazkegun berriak batzeko gunea izan dadin.
Bertan, hainbat zerbitzu topa daitezke. Bildu.com orri kuttun guztiak gune bakarrean gordetzeko; zerberri.com, euskarazko tokiko hedabideak (irrati libreak, herri prentsa, Berria egunkaria…) bilatzeko; txioka.net, twitter antzeko bat dena eta 140 karaktereko mezuak etengabe bidaltzeko; euskaltube. com, youtube-ren antzekoa dena baina euskarazko bideoak partekatzeko; publikatu.com, errentagarria ez diren euskarazko iragarkiek ere euskarriak edukitzeko...

Euskararen iraunbizitzea erabilpena eta ez Interneta izango dela diotenei, ezer esatekorik bai?
G. J.: Anglosajoiek adierazten duten bezala Interneten ez dagoen hizkuntza ez da bizirik mantenduko etorkizunean. Edozein gaiari buruzko euskarazko edukiak ikusten badira Interneten jendeak hizkuntza horrek merezi duela pentsatuko du; ez badira ikusten, berriz, baztertu egingo du.

Zu bezalakoak aitzindariak zarete euskarazko tresnak eskaintzeko garaian. Nola da posible ekimen pribatua publikoaren aurretik joatea?
G. J.: Euskara Interneten nahi badugu erabiltzaileok geuk egin behar dugu lan hori, beste inork ez baitu egingo.
Izaera publikoko lana egiten dugunoi sostengua adierazi beharko ligukete. Baina maiz badirudi eskaintzen duten laguntza dena kontrolpean mantentzeko izaten dela. Orain arte eman dituzten pauso gehienak horixe adierazten dute; adibidez, Microsoft-i emandako saria edo EGAko azterketen inguruko gertakariak.
Internet sareak mundua onerako alda dezakeela uste duzu?
G. J.: Munduan jende gehiena ona dela sinistuta nago; kontrakoa pentsatuko banu, ez nintzateke etxetik aterako. Mass medien eta erakundeen bidez boterea duen %20ak beste %80a kontrolatzeko aukera izan dute orain arte, baina Internetak hautsi egin du hori. Jendarte irekiago, zuzenago, libreago eta parte hartzailegoa ekar dezake.

Zure teketen.com bloga eztabaidarako gune bizia gertatu izan da zenbait polemiketan; Sorkun eta Gaztearen artekoa, Junkerak jasotako dirulaguntza…
G. J.: Blogek hori daukate, erabili ditzakezula ziberekintzaletasuna garatzeko, agenda soziala baldintzatzeko. Mass mediek ematen ez dituzten iritziak emateko gune askeak izateaz gain, horietatik abiatu izan dituzte kanpainak errealitateak aldatzen saiatzeko.

Blogariek egozentrismotik badutela pentsatzen dutenei, zer esango zenieke?
G. J.: Ez da egozentrismo kontua, ezta moda ere; geratzeko etorri dira, eta norberaren nortasun digitala erakusteko tokia izango dira gero eta gehiago. Norberak iritziak plazaratzeko gune demokratiko bat da. Blogen artean gertatzen den elkarrekintza, batak besteari erantzuten dio… sare bat sortzen da eta azkenean blogesfera medio bat bihurtzen da non informazioa eratzen den modu deszentralizatu batean. Azkenean iritziak eta ideiak birusak bezala zabaltzen dira.

Irratiarekin beti izan duzu harreman berezia…
G. J.: Oso irratizalea naiz. Wifi zaharra da niretzat irratia. Egiako Ttan-Ttakun Irrati librean aktualitatea modu kritikoan irakurtzen zuen irratsaioa beste lagun batekin egin ostean, iaz, Radio Euskadin blogger tertulia batean parte hartu nuen astero. Podcast-a ere probatu nuen, irrati pertsonal modukoa egitea ahalbidetzen dizun sistema, alegia: audio bat grabatzen duzu eta gero argitaratzen duzu jario batera konektatuta dagoen blog batean. Nahi duenak nahi duenean deskargatu, eta entzun dezake.
Hori ere utzi nuen, baina irratirako sena daukadanez, oraintxe erabaki ezinda nabil: irratian zeozer berria egin ala bideora jo.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!