Urmeneta baserriko Sebastiana Adarraga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:05

Ergoien auzoko Urmeneta (Urbaneta) baserrian jaio zen Sebastiana Adarraga Iñurrieta 1919ko urtarrilaren 19an. Bertako Faustino Adarraga Galardi, eta kalean zegoen Burdinsoro etxeko Karmen Iñurrieta Mujikaren hamar seme-alabetatik bederatzigarrena, eta bizirik dirauen bakarra da. Ezkonduta ia 40 urtez Andoainen bizitu ondoren alargundutakoan jaiotetxera itzuli zen.

Urnietatik Andoainera daraman errepidearen alboan, eta bi herrien arteko mugatik oso hurbil kokaturik dago Urmeneta baserria. Herritarren artean Urbaneta bezala ezagutzen den etxe hau Urnietako zaharrenetakoa da Aierdi, Argarate eta beste batzuekin batera. Sarrerako ate arkudunaren gainean armarri eder bat dauka. Aspalditik bitan banatua dagoen baserri honen bizitza bat, Sebastianaren aitak erosi zion iruindar bati zazpi mila duro pagatuta. Sebastiana, larogeita hamar urte beteta, bastoirik gabe eta umoretsu agertu da zitara.

Nola gogoratzen dituzu eskola gaiak?
Sebastiana Adarraga: Urnietako eskola publikoan ibili nintzen. Zazpi urterekin hasi nintzen, eta han izaten ginen Zaldundegin bizi zen doña Francisca maistrarekin. Ia denak baserritarrak ginen baina klaseak erdaraz izaten ziren. Josten ere eskolan bertan erakutsi zigun maistrak.

Nolakoak izaten ziren eskolarako joan-etorriak?
S.A.: Elketa baserriaren ondoko sagastian barrena joaten ginen eskolara. Sagastira alde batetik sartzen ginen eta bestetik atera. Eta sagarrak ostutzen genituen, Goikoetxe sagarrak, Frantses sagarrak, denetik bazegoen han, nahiko sagar janda iristen ginen eskolara, eta bueltakoan berriro sartzen ginen. Hura bai sagastia!

Zertan jolasten zineten garai hartako neskak?
S.A.: Kanikatan, soka saltoan eta antzeko jolasetan, baina etxera goiz etorri behar izaten genuenez ez genuen nahi adina denbora izaten jolasteko.

Dotrinara ere joango zinen ba?
S.A.: Dotrina ikastera elizako sakristiara joaten ginen Juan Ayerbe erretorearekin. Gogorra zen hura. Harekin ikasi beste aukerarik ez zegoen.

Eta ondoren gerra garaia bizitzea egokitu zitzaizun...
S.A.: Soldadu nafarrak sartu ziren eta hemen ibili ginen beldurtuta. Gu euskaraz aritzen ginen, eta gogoan dut soldadu batek nola esan zidan: “cuidado con el euskara o te vamos a matar”. Baina, hori baino okerragorik ere izan genuen. Gure anai bat, Joxe Miel, Terueleko Frentean zela gaixotu egin zen, pulmonia harrapatu zuen. Handik Gasteizko ospitalera ekarri zuten, eta bertan hil zen. Abisatu zigutenean, bi ahizpa Gasteizera han joan ginen Lasarteko taxi batean. Kaxarik ere ez genuen, eta hilotza kotxean bertan, atzean jarrita ekarri beharra izan genuen. Oso momentu tristeak bizi izan genituen.

Zer ganadu zenuten gerra ondoren hartan?
S.A.: Behiak, txerriak, oiloak, oilaskoak...Amak arrautzak saltzera eramaten zituen, etxean pozik jango genituen baina dirua behar zen, eta ez zuen beste aukerarik.

Non saltzen zenituzten esnea eta barazkiak?
S.A.: Donostian. Ama egunero joaten zen Donostiara barazkiekin, eta igandetan Urnietako meza nagusira joan nahi izaten zuenez, ni igandetan joaten hasi nintzen. Eta gero amak utzitakoan nik hartu nuen bere lekua. Bi pezetan saltzen genuen esnea, Urbieta, Prim eta inguruko kaleetan partekatzen genuen etxez-etxe, eta gero San Martinen merkatuan postua genuen.
Nola joaten zineten Donostiara?
S.A.: Autobusean joaten ginen. Aurrena Iruraingo Valentin Aldanondorekin, eta gero Leandro Goñi “Txintxua”rekin. Valentinekin hemen Iruraindik abiatzen zen autobusa. Goiburuko baserritarrak astoarekin jaisten ziren honaino. Autobusaren gainean eramaten zituen marmitak. Donostian nahiko komeria izaten genuen. Sarreran, Antiguan, han zegoen kabina batean deklaratu egin behar izaten genuen zenbat litro esne generamatzan saltzeko, eta litro bakoitzeko bost xentimo ordaindu. Saiatzen ginen gezurra esaten, litro gutxiago genituela esanez. Baina batzuetan San Martinen edo Bretxa inguruan han izaten genituen zain guardabinoak eta begiratu egiten zuten deklaratu baino litro gehiago genituen ala ez. Eta gehiago bagenituen kendu egiten ziguten.

Sagardorik egiten al zenuten etxean?
S.A.: Guk sagastiak bagenituen baina dolarerik ez. Beste bizitzan zuten dolarea, eta han egiten genuen etxerako sagardoa. Nik sagardoa gustura edaten nuen, baina medikuak ez edateko esan zidan eta orain ura edaten dut.

Dena ez zen bada lana izango?
S.A.: Hernaniko Oialumera joaten ginen dantza egitera etxetik oinez. Baina orduan ere goiz etxera etorri behar izaten genuen, ez orain bezala goizeko lauetan. Negu partean zortzietan etxera etorrita ere aitak errieta ematen zigun ordurako ilunduta zegoelako. Dantza sueltoan egiten genuen. Beno baltsean ere ibiltzen ginen Urnietako jaietan, baina batzuk laster joaten ziren apaizari esatera. Gero apaizak begiratu txarra egiten zigun. Gu etxera etortzean aita behiak jezten aritzen zen, txapela belaunaren gainean jarrita. Amak sukaldetik arrosarioa errezatzen zuen eta aitak ukuilutik erantzuten zion.

Inguruko festetara joaten zineten?
S.A.: Santakutz egunean Azkortera, Andoaingo San Estebanera eta San Rokera, horiek izaten ziren gure festak.

Senarraren bila ez zinen urrutira joan...
S.A.: Bai, hemen bertan, Andoaingo partean dagoen Garagartza baserriko Bittor Muñoa izan nuen senarra. Lezoko Santo Kriston ezkondu ginen, ondoren Errenteriako Panier Fleurin bazkaldu genuen eta etxera etorri ginen. Ezkonbidaiarik ez genuen egin, dirurik ez genuelako. Inoiz ez ginen oporretara joan, senarrari ez zitzaion gustatzen, hark lan ordutik kanpo Garagartzan baratzean aritzearekin nahikoa zuen. Oso langilea zen. Hil zenean berriro jaiotetxera itzuli nintzen.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?
S.A.: Goizetan zortziak aldera jaikitzen naiz. Hortik aurrera ezin naiz egon ohean, gero ohea egin, gela txukundu eta irakurtzen aritzen naiz. Irakurtzeko afizio handia dut. Orain zu etorri zarenean Arantzazu aldizkaria irakurtzen ari nintzen. Ordu-batean bazkaltzen dut, eta ondoren Argiñano ikusten jartzen naiz, eta bertan lo hartzen dut. Ordubeteko siesta egiten dut eta gero ibili egiten naiz pixka bat. Afaldu, arrosarioa errezatu eta hamarrak aldera ohera joaten naiz. Ez naiz askorik ateratzen, baina larunbatean eguraldi ona egiten badu Tolosako feriara joango naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!