Uriarte gotzaina familiekin bilduko da Andoainen, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 12a, 11:04

“Gotzaina familia kristauekin” izenburupean, Andoain eskualdeko familia kristauen bilgune izango da.

Juan Maria Uriarte Donostiako Elizbarrutiko gotzaina familiekin bilduko da Andoainen, larunbat honetan. Eskualde mailako deialdia denez, antolatzaileek bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu die eskualdeko familia guztiei.

Gotzaina Andoainera datorrela eta, ekitaldi sorta antolatu da. Nagusiki, bi helburu garrantzitsu ditu larunbateko topaketak: batetik, familiak gotzainarekin elkartzeko espazioa ahalbideratzea. Bestetik, familiak duen giza eta kristau alderdiaren garrantziaz sentsibilizatzea. Andoaingo La Salle ikastetxera gerturatzen diren gurasoek gotzainaren hitzaldia jarraitu eta solasalditxoan parte hartzeko aukera izango dute. Bien bitartean, haurrentzat jolasak eskainiko ditu Izartxo aisialdi taldeak.

Juan Maria Uriarte gotzaina Elizbarrutian barrena dabil aste hauetan ehunka familiarekin topaketak eginez, elkarrizketa giroan, senar-emazteen garrantzia jorratuz, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanaz hitz eginez eta zer nolako fede-heziketa landu argituz.
Andoaingoa eskualde mailako topaketa izango da, iluntzeko zazpiretan meza batekin amaituko dena. Eukaristia San Martin parrokian izango da. 

Topaketa
Gotzaina familia kristauekin
Andoain. Martxoak 14, larunbata

  • 16:15    Harrera orokorra, La Salle ikastetxeko goiko jolaslekuan. Helduen nahiz neska-mutilen topalekua izango da.
  • 16:30    Gurasoen bilkura Gotzainarekin.  Juan Maria Uriarte gotzainak hitzalditxoa eskainiko du. Ondoren, solasaldia eta elkarrizketarako aukera zabalduko da.
  • 18:00    Elizbarrutian familietarako dauden baliabide ezberdinen berri emango da, hiru tailerren bidez.
  • Bitartean Neska-mutilak Izartxo aisialdi taldeak prestatutako ekintza eta jolasak izango dituzte.
  • 18:30    Kafea eta pastak helduentzat, eta merienda txikientzat.
  • 19:00    Gotzainak zuzendutako Eukaristia San Martin Parrokian. Topaketari amaiera emango zaio eukaristiarekin.



Antolatzaileek parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi die herriko familia guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!