Manex eta Mikelen atxiloketen inguruko gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 10a, 10:28

Joan zen astean Ertzaintzak atxilotu zituen Manex Castro eta Mikel Garmendiaren kuadrilak gutuna idatzi du atxiloketen inguruan. Hona:

MANEX ETA MIKEL ASKATU!!

    Lehenik eta behin, une latz hauetan Manex eta Mikelen familiei gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu. Maite zaituztegu!!!

    Zuei buruz esaten ari direnak gezurtatzeko, koadrilakoak ezin gara isilik geratu, gu baikara zuek ezagutzen zaituztegunak.
 
    Lehenik eta behin, komunikabide ezberdinetatik ematen ari den manipulazioa salatu nahi dugu.  Guk ezagutzen zaituztegu eta gezurra besterik ez dira esaten ari. Terrorista arriskutsuak zaretela diote, baina txiki txikitatik zuekin eskolan, futbolean, lagun artean ibili garenok, badakigu hau gezurra besterik ez dela. Sasi kazetari guzti horiek, zuek ezagutzera gonbidatuko genituzke, orduan iritzia aldatuko lukete eta.

    Herrian hutsune handia geratu da. Pasa den igandean Manex bahitu zuten eta asteazkenean berriz, lau kaputxadun kotxe batetik jaitsi eta Mikel bahitu zuten. Aurten nola igoko da kategoriaz Urritza Menexen golik gabe? Festetako antolakuntzan ere, bi buru eta lau esku gutxiago izango ditugu. Presoei elkartasuna helarazteko ere, Mikelen falta nabaria izango da. Eta umeetaz zer esan? Askok botako dituzte faltan zuen bion jolas eta barreak! Herriko jende heldua ere, zuen bromen zain dago tabernan pote bat hartzen!!

    Koadrilan berriz, zer esan? Zuek beti egoten zarete denak xixatzen eta zuen inguruan, irribarrea besterik ez da nabaritzen. Baratzera lapurtzera etortzen denak, beti alerik onenak eramaten ditu!!!

    Azken aldian herrian sumatu dugun presentzia poliziala berriz, itogarria izan da. Egunero eduki ditugu kontrolak herriko sarreretan, herrian zehar kolore ezberdinetako personajeak dabiltza bueltaka eta igandean bertan pasa zenak izenik ez du. Manexi elkartasuna eta babesa eskaintzeko prentsaurrekoa, ezin izan genuen nahi genuen lekuan egin, dena josita baitzegoen eta egun guztian zehar, herria hartuta eduki zuten.  Asteazkenean berriz, Mikeli elkartasuna adierazteko bere etxe azpian egon ginenok, Ertzaintzaren jarrera harro eta prepotentea jasan behar izan genuen. Utzi Billabona bakean!!!

    Aldi berean Manex inkomunikatuta egon den bitartean torturatua izan da. Eusko Legebiltzarrak onartutako protokoloa ez da aplikatu eta Manexen aurkako torturak ahalbidetu dira, inkomunikazio aldian izan genituen uste okerrenak bete egin dira. Gainera informazio eza ere familia eta lagunen aurkako tortura mota bat dela gogorarazi nahi dugu.

    Azkenik, argi eduki dezatela, beti zuekin egongo garela eta ez dutela lortuko herri honen eta zuen lagunon elkartasuna gelditzea.

MANEX ETA MIKEL, MAITE ZAITUZTEGU!!!


WUITXU, zuen koadrila

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!