Buruntza auzoan zeharkaldi polita oinezkoentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:20

Gezurra badirudi ere, Buruntzako tontorrera igo liteke oinez, eta gainera, bidean zehar gozatu ere. Rezola eta Aizkibel harrobiek eta Urumeako autobiako lanek ez dute galerazten Buruntzako parajeetara hurbiltzea, eta ez dago gaizki hori gogoraraztea bizkar ematen dioten mendizale eta naturzaleei. Parajea ez ohikoa eta ezezaguna  da oraindik, Urnieta eta Andoain artean dagoen altxor horietakoa.

Begibistakoa da Rezolako eta Aizkibeleko harrobiak mendi honen bi hegal ari direla jaten egunez egun. Urumeako autobiaren eraikuntza lanek ere ingurune horren zati handi bat hankaz gora jarri dute.
Hori guztia dela eta, egia da gaur egun oso mendizale eta natur zale gutxi ikusten dela paraje horietan edo mendian gora. Eskabadorak, kamioiak, hautsa, paisajea itsusitu eta kaltetuta, lehen paraje politak ziren lur sailak orain hondatuta, betiko bideetatik joatea galerazten duten kartelak… Paisaje hori ez ikusteagatik edo pentsatuta jada ezin dela ibili inguru horretan, jende asko da atzera egin eta beste lekuetara joaten dena.
Oztopoak oztopo, geratzen da oraindik zer ikusia, zertaz gozatua Buruntzako ingurunean.

BURUNTZA MENDIA
441 metrora dagoen Buruntzako tontorrera igo liteke bai Andoandik baita Urnietatik ere. Nahi izanez gero gainera, batetik igo eta bestetik jaitsi liteke, ibilaldi polita burutuz. Andoaingo Buruntzako San Martingo elizako aztarnategia edo Urnietako Azkorte ermita abiapuntu hartuta, 400 metro baino gutxiagoko altuera egin behar da Buruntzako gurutzera hurbiltzeko. Beraz, goiz edo arratsalde batean eta ahalegin berezirik egin gabe egiteko irteeraren aurrean gaude.
Andoaindik abiatzeko asmoa duenak, hasteko, Buruntza auzunean kokatzen den San Martin eliza zaharreko aztarnategia bisita dezake; inauguratu berria da XVIII. mendetik Kanpo Santu Zarra bezala ezagutzen den parke historiko hau. Berrehun metro aurrerago, autobiako lanekin egingo du topo ibiltariak, baina jarri den zubi berri bat zeharkatu eta betiko bidean gora jarriko da agudo.
Harrobi bazterretik zeharkatzen zuen bidea moztua dago egun, eta bide alternatiboa hartu behar da. Hasieran Derrepente baserriruntz doala badirudi ere, San Rokeko ermitan amaitzen da. Ermitatik hamar minutuko azken txanpa baino ez da geratzen gurutzeraino.
Urnietatik abiatzen denak, betiko auto errepidetik joan beharko du Azkorteko ermitaraino. Bidean zehar, sahiesbideak eragindako kalteekin egingo du topo aurrez aurre; Berrasoetako baso eder zenarekin, besteak beste. Hortik aurrera dagoen gurutz bidea ere itxi egin dute azken aldian.   
Behin Azkorten, aldapa pikoa hartu behar da. Nahi izanez gero, Azkorte ermita zaharraren aurriak ikus daitezke; argi ibili behar da, hala ere, Aizkibelgo harrobiko hormatzarra baitago bertan.
Urnieta eta Andoain banatzen dituzten langa eta mugarrira iritsi eta, hortik aurrera, mendi ertzetik doan hesia alboan dela joan behar da. Galtzeko arriskurik ez du ematen bideak, gurutzeraino iritsi arte. Gainera, Buruntzaldeko udalek jarritako kartelek ibilbideen nondik norakoa markatzen dute, gutxi asko.
Ibilbide osotik, Buruntza mendi zerra eta bere hegalak osatzen dute gizakiak gutxien kaltetu duen ingurunea. Azken aldian gainera, inguruko lursailen jabeek oteak janda zeukan bidezidor guztia txukundu egin dute, ibilaldia erosoagoa eginez.
Buruntzaldea, Donostialdea, Kantauri itsasoa, Aralar… Paregabea da begien aurrean aurki daitekeena. Han goian egonda, Buruntzara joatea ausartu izanak merezi izan duela ondorioztatzen da, derrigor.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!