Marizulo dela eta, gauzak zer diren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:19

Lehen-lehenik, mila esker Urnietara Marizulo ikuskizuna ikustera etortzeagatik: bejondeizuela! Zuenaren txanda iristean han izango gara. Hori jakinarazita, eta Aiurriko lagunek hala eskatuta, honatx, Xabier, hire postontziaren bigarren puntuari dagokion erantzuna; nirea, eta ez besterena.
Atsekabea zuena, bai, eta gurea! Bat nator esaten duan ia guztiarekin, guztiarekin ez esateagatik. Alabaina, hemen, auzia ez da zer egin, nork eta nola egin baizik.

Dakidala, Marizuloko koba gizabanako baten jabetzaren barruan dago, bestela esan, koba ez dago udalaren edo beste herri-erakunde baten lurretan. Alde horretatik, ezin zaio inori ezer aurpegiratu, are gutxiago koba eta haren inguru hurbila garbitu eta txukuntzeko inolako laguntzarik jaso ez duenean. Are gehiago: neurri batean, neure egiten ditut inguru hura ez atontzeko jabeak izan ditzakeen balizko arrazoiak. Zer egingo zenukete zuek, zuen etxeko lorategian aztarnategia egongo balitz eta, besterik gabe, jendea, mota guztietakoa, hura ikusteko asmoz, zuen jardinean sartzen hasiko balitz? Aurreneko egunean tira, eta bigarrengoan ere seguru asko ez zenukete ezer esango, baina eguna joan eguna etorri, urtea joan urtea etorri... Ez dakit, bada, ez ginatekeen edo zinateketen pixka bat aspertuko. Gainera, esan moduan, mota guztietako jendea ibiltzen da, batzuetan errespetu osoz, baina besteetan ez. Ondoan Montefrioko karobia dago, bai, baina hura ikusteko ez dago inoren soroan sartu beharrik. Hortaz, eta laburbilduz, Marizuloko koba birgaitzen hasteko, lehenik eta behin, jabearekin hitz egin eta konpondu beharra dago, baina oinak lurrean izanda. Jendeari nire etxeko lorategian sartzen utzi, nik garbitu eta irispidea nik egokitu? Besterik gabe?

Lurraren jabeak hala nahi balu, bigarrenik, birgaitzeko ikerketa egin beharko litzateke. Ezin da edozein modutan garbitze eta atontze lanetan hasi, besteak beste, aztarnategia kobazuloa baino zabalagoa delako. Halaber, inguru hurbila ez ezik, kobazuloa bera ere jendea hartzeko prestatu beharra dago, kalterik nozitu ez dezan. Eta, jakina, horri guztiari, gutxienez, behar moduko azalpenak erantsi beharko litzaizkioke (panelak, seinaleak...).

Bukatzeko, diodan, nire ustez betiere, herriak bere gain hartu beharko lukeela egitasmoa bideratzeko ekimena, baina lege-eskumenak beste herri-erakunde batzuenak direla jakinda, hitz bitan, azken erabakiak bere esku ez daudela onartuta. Izan ere, beharrezko baimenak lortzeko Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin jarri beharko luke harremanetan. Eskumena herriarena ez izateak ez du esan nahi Marizuloko koba birgaitzeko giza baliabiderik edo dirurik jar ezin dezakeenik, ez noski, baina garbi gera dadila herritarren edo Udalaren borondateak ez duela bermatzen Marizuloko kobaren txukunketa lanak martxan jarriko direnik. Gauzak nola diren.

Luis Mari Zaldua Etxabe Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!