Hauteskunde antidemokratikoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:18

Lehenik eta behin, hauteskunde guztiz antidemokratikoak izan direla esan nahi dugu. Demokraziaz mintzo direnek, hauteskundeetara aurkeztu eta bozka ematea delitu bilakatu dute. Hauteskunde hauetan, pauso bat harago ere eman dutela esan dezakegu, legez kanporatutako zerrenden bozak banatzea edota hautes-zerrenda horien aldeko kartelak jartzea gogor zigortuz. Gogoratu behar dugu, D3M plataformaren sustatzaile izan ziren pertsona ugari espetxean direla arrazoi horrexegatik: hautes plataforma baten sorrera bultzatzeagatik. Hauteskunde kanpainan zehar, Euskal Herriko herri ugarietan bezalatsu, Urnietan ere Kartelak jartzeagatik  bi herritar identifikatu zituen Ertzaintza. "Acta de incautación de armas y explosivos" delakoan, horrela jaso zuten ertzainek: "Material incautado: una escoba, un cubo con cola y 34 carteles de D3M". Pistolen ordez kartelak eta lehergailuen ordez kubo eta erratza. Bitxia benetan!

Egunero egunero Urnieta eta inguruetan Ertzaintzaren presentzia itogarria izan da, kontrolak eguneroko ogi bilakatu direlarik. Hauteskunde egunean bertan, kalez jantzitako poliziez josita zegoen herria goizean goizetik. Uniformedunak ere ez ziren falta izan. Herritarrek, kalean zehar D3Mren aldeko papeletak zituen kaxak jarri zituzten, hautes-lekura zihoazen urnietarrek, papeleta hartzeko aukera izan zezaten (gogoratu behar dugu, eskola barruan D3Mko papeletak jartzea debekatua zela eta beste herri batzuetan horregatik jendea atxilotzen ibili zirela).

Eguerdiko 12:00etan herriko plazan eserita zeuden hamar bat urnietarrei Ertzaintza gerturako, furgoneta San Juan plaza erdiraino sartu eta haietako bati identifikazioa eskatu zioten. Minutu gutxi barru, inolako azalpenik gabe atxilotu zegoela esan eta polizia etxera eraman zuten, bertan zeuden gainerako lagunen haserrea piztuz. Ordu batzuk beranduago aske utzi zuten. Zitazioa eta beraz epaiketa izango duela jakinarazi zioten. Egozten dioten delitua, D3Mren aldeko papeletak zabaldu eta hauteskunde legea hautsi izana.

Salatu nahi dugu, hau guztia gertatzen ari zen bitartean, gainerako alderdi politikoak hauteskunde egun normal bat balitz bezala jardun zirela. Egunean bertan, eta kanpainan zehar ere. Giza eskubideen alde mila eta bost aldarrikapen egiten dituzten horiek guztiak, herritarrek hauteskundeetara aurkezteko eskubidea urraturik eta gainera jipoiak, atxiloketak, isunak edo eta espetxeratzeak jasaten ari garen bitartean.

Adierazi nahi dugu, egoera gogorra izanik ere, indar bete gaudela lanean jarraitzeko. Herriz herri eta auzoz auzo gure eguneroko lanari eutsiko diogula. Ezker Abertzaleak, beste behin ere, traba guztiei aurre egin eta gure aukera politikoa defendatzeko indarra erakutsi du. Hiru probintzietako 100.000 pertsonatik gorak babesa eman dio ezker abertzalearen proiektuari, egoeraren larritasun eta eskubide urraketa guztien gainetik. Eskerrak eman nahi dizkiegu, "urrezko" balioa duten bozak hautes-ontzietara bota dituzten urnietar guztiei. Ia 300 urnietarrek zailtasun guztien gainetik eman diguten konfiantza eskertu nahi dugu. Kanpainan zehar, isildu, ezabatu, lapurtu nahi izan duten papeleta etxez etxe banatzen aritu diren herritar guztiei ere gure eskerrik beroena.

Lanean jarraituko dugu Euskal Herrian demokrazia egoera bat lortu eta gure proiektu politikoa bururaino eraman arte: Euskal Herria Independiente eta sozialista.  

URNIETAKO EZKER ABERTZALEA

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!