Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:17

Urnietako Iñistorraren eta Larramendi Bazkunaren eskutik, Euskal Herrian Barrena izeneko egitasmoaren bitartez Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko aukera ezin hobea zabalduko da laster. Aste hauetan Eli Astiasaran urnietarra burubelarri dabil txango ezberdinak antolatzen, bera baita Euskal Herrian barrena ekimeneko eragilea.

Funtsean, 2009. urtean zehar hainbat txango egingo dira Euskal Herriko eskualdeetan barrena.
Antolatzaileak eskualdeko kideen artean joera berria ezarri nahian dabiltza: atzerriko lekuak bisitatzera joateko ohitura handituz doan honetan, Euskal Herriko txoko eder asko ezezagunak zaizkio bertako askori. Bertako paisaia, historia eta kultura ezagutzera ematea da helburua, tokian tokiko errealitatea islatuz, eta noski, euskara hutsean.
Interesa duenak bi aukera hauen artean erabaki dezake, adin tartearen arabera:

1. TXANGOAK ADIN GUZTIENTZAT
Gazte eta helduek parte hartu ahal izango duten egun bakarreko irteera monografikoak. Besteak beste, Zuberoa, Gaztelako bidea Araban eta Nafarroako hegoaldea.

2. TXANGOAK gazteentzat soilik
Soilik gazteentzat euskaraz egindako eskaintza luzatzeko apustua egin da, eta asteburu osoko irteerak prestatu dira Euskal Herria bertatik bertara ezagut dezaten: Pirinioetako bi aldeak, Nafarroako erdialdeko Ebro ibaiaren inguruak eta Bizkaia eta Arabako mugak.
Dagoeneko izen-emate epea irekirik dago. Argibide gehiago edota interesa agertzen duenak ohiko tokietan galde dezake, Urnietan zehazki:
• Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra.
    Errekalde kalea, 14. Behea.
    943 331 455
    txangoak@topagunea.com
    Eli Astiasaran
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!